Mercadona-ren irekitzearen aurreko LAB sindikatuaren komunikatua

logoMercadona enpresak EAEn supermerkatuak irekiko dituela eta LABek honakoa adierazi nahi du.

Mercadona enpresak hemen dendak zabaltzea berri pozgarritzat jo dute eragile gehienek, lanpostu berriak sortuko dira... Baina esperientziak argi uzten digu kate handi batek sortutako enplegu prekario edo lanaldi partzialeko batek merkataritza txikiko, garraiolari eta bertako ekoizleen 3-5 lanpostu ordezkatzen dituela. Izenburu handietan saltzen digute kate berri hauek sortuko dituzten enpleguak, baina lan kontratu berri hauek oinarrituko diren lan baldintzen inguruko datuak ezkutatu egiten zaizkigu.

LAB ez dago denda berriak zabaltzearen kontra, ezta egongo ere. Baina denok badakigu Mercadonak zabaldu ohi duen lekuetan estatu espainiar mailan duen enpresa hitzarmena aplikatzeko ohitura duela. Berdin zaio denda berria Sorian, Valencian edo Bilbon egotea. Berdin zaio herrialde bakoitzeko egoera desberdina den edo ez, bertako sektoreko hitzarmenetan ezartzen diren lan baldintzak errespetatzen diren edo ez.

Kalitatezko enplegua sortzeko apustua egiten du LABek, eta hori, beste baldintza batzuen artean, bertako sektoreko hitzarmenen aplikaziotik dator. Beraz, Mercadona enpresa interpelatzen dugu, gutxienez, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako sektoreko hitzarmenak aplika ditzaten. Hau honela ez bada, LABek helburu hori lortzeko ekimena martxan jarriko du.

Berdina gertatzen da bere irekiera ordutegiei dagokienez. LAB sindikatuak gai honetan jarrera tinko bat mantendu egin dugu, igande edo jaiegunetan ez dugu inongo dendaren irekierarik onartu ezta onartuko ere. Izan ere bete beharreko behar bat ez dela uste dugu, eta merkataritzako langileen lan baldintzetan atzerapausu bat suposatzen duena.

Esperientziak erakutsi digu igande eta jaiegunetan zabaltzeko beharrik ez dagoela, eta zenbait merkatal kate handi batzuen interes ekonomiko hutsetatik haratago ez dago inongo arrazoirik hau aldatu eta irekitzen hasteko.

Beraz, ozen esan nahi dugu, denda hauen irekiera hauek urteetako borrokaren bitartez merkataritzako langileok lortutakoa ez errespetatzea badu helburu, aurrean izango gaituzte.

Bestetik, ezin ahaztu dezakegu Irungo merkatari txikien egoera. Azken 3 urtetan, arrazoi ezberdinak medio, 300 komertzio itxi dira gure herrian. Hiritik kanpo Mercadona bat zabaltzeko baimena udalak eman izana ez du beraien egoera arinduko. Guztiz kontrakoa, kontsumoa hirigunetik are gehiago aldenduko du, beraz ez da ulertzen nola merkatari txikiak laguntzeko lanean jardun beharko lukeen udal batek holako erabakiekin kontrakoa eragitea.

 

Informazio gehiago Mercadonari buruz euskaraz

Informazio gehiago Mercadonari buruz gazteleraz

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.