2016 desokupatu.- Donostia 2016ak gonbidaturik, Durao Barrosok hitzaldia emango du datorren ostegunean Donostako San telmo Museoan. Hitzaldi hori DSS2016EU hiriburutzaren kultur programaren barne dago.
Egiako Batzarrean bilduriko donostiarrok José Manuel Durão Barroso gure hirira etortzea eta erreferente politikotzat hartzea tamalgarritzat jotzen dugu eta herritarroi irain egitea dela uste dugu. Demokraziaren eta giza eskubideen etsai honek ibilbide iluna gehiengoaren kalterako gutxiengoen mesedetan garatu du.
Azoreetako Gailurrean Aznar, Blair eta Bushekin Irakeko bonbardaketei hasiera eman zioten, NBEren irizpideen aurka, mugagabeko sufrimenduari hasiera emanaz. Ez dugu behar gerra kriminal gisa epaituak izan behar luketenen leziorik!
Emandako zerbitzuegatik sari gisa jaso zuen Europako Batzordeko lehendakaritza. Bertatik herritarrok zapaltzen igaro ditu hamar urte. Iruzur finantzieroak eta eskubide sozialen aurkako neurriak inoiz ez bezala aplikatu dituzte epe honetan; austeritatearen izenean murrizketa eta pobretze neurriak era basatian bultzatu dituzte, milioika herritarren bizi baldintza duinen gainetik pasatuz.
Politika sozialak eta aberastasunaren banaketa murriztu kapitalismoaren ametsetako Europar Batzordea izan da Duraorena. Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsarekin batera Troika famatua osatu dute herritarrok estutuz eta arnasa hartzea eragotziz estrategia bateratua jarraitu dutenak. Etxegabetzeak, elikadura arazoak, oinarrizko hezkuntza eta osasunaren galera eta antzekoak dira politika horien ondorioak; baita kapitalista handien irabazien biderkatzea eta merkatuen liberalizazioa ere. Herrien eta herritarren burujabetzari eragindako atzerapausoa ikaragarria da.
Ez ditugu nahi eta ez ditugu merezi maila honetako sufrimendua ereiten duten gobernariak. Gerra kriminalak, lapurrak eta hondamendi sozialaren errudunak ez dira ongi etorriak Donostian. Eskatu nahi dugu ez bilakatzeko euren konplize; bera eta bere gisakoak ez ditzatela gonbidatu gure hirira. Ozen oihukatzen dugu DURÃO BARROSO DONOSTIATIK KANPORA! Eta adierazten dugu herritarron eta herrien etsaiek parez pare izango gaituztela beti, gure eskubideei erasorik onartzen ez dugulako.
Hori guztia dela eta dei egiten diogu herritar orori, datorren ostegunean, hilak 18, arratsaldeko 19:00etan San Telmo plazan egingo dugun "Gaizki Etorri protestan" parte hartzera.