HERRIAK LIBRE DINAMIKA JAIO DA!!

Gasteizko Andra Mari Zuriko eskailerak internazionalismo, konbikzio eta indarrez bete ditugu. Askapenaren aurkako epaiketaren testuinguruan 160 pertsona inguru batu gara zapi palestinar laranja lepoan, oinetakoa eskuan Herriak Libre ekimena aurkeztu eta Espainiar Estatu inperialista epaitu eta kondenatuko dugula adierazteko.

Bertan izan dira besteak beste David, Unai, Gabi, Aritz eta Walter auziperatuak, belaunaldi ezberdinetako militante internazionalistak, eskubide zibil eta politikoen aldeko ekintzaileak, herri mugimenduko kideak, Askapeña konpartsako kideak eta han eta hemengo borrokalariak. Guztien izenean Aitziber Martinez de Lagos eta Txerra Bolinaga kideek hartu dute hitza, hemen irakurritakoa: 

Espainiako Auzitegi Nazionalak azkenik, jakinarazi du Askapenaren aurkako epaiketaren  data. Datorren urriaren 19tik azaroaren 2ra, Askapena bera, Askapeña konpartsa, Herriak Aske eta Elkar Truke elkarteen ilegalizazio eskaerez gain, Aritz, Unai, David, Gabi eta  Walterrentzat  seina urteko  gartzela zigorra eskatzen dute.

Injustizia berri honen aurrean, auziperatu, militante  internazionalista, eskubide zibil eta politikoen aldeko ekintzaile, herri mugimenduko kideak eta han eta hemengo borrokalariak elkartu gara, HERRIAK LIBRE izendatu dugun dinamikaren berri emateko.

Epaiketa politiko  eta eskubide zibil eta politikoen urraketa berri honen aurrean, Euskal Herrian arloz arlo gure  herriarentzat etorkizun aske bat eraikitzen gabiltzanok, Herriak Libre mugimendutik hain zuzen,  mezu argi bat nahi diogu helarazi espainiar gobernuari:

Ez dugu onartzen estatu espainiarrak euskal internazionalistak eta euskal eragile internazionalistak epaitzea. Ez dugu inolaz baimenduko hamaika herriren zapalketa, ukazio eta suntsiketak eragin  dituen Estatu inperialista honek, Espainiar Estatuak hain zuzen, herrien askatasunaren alde borrokatzen dugun kide eta eragileak epaitzea. Mende luzeetan zehar  inoizko politika inperialistarik basatiena garatu duen Espainair Estatua ez da nor euskal militanteak epaitzeko. Herria bera da Espainiar Estatua epaitu eta kondetu behar duena.

Ez dugu onartzen estatu espainiarrak epaitzea bera denean, Euskal Herria ukatu eta zapaltzeaz bat, gure herriaren askapenean tinko lanean dihardugunon eskubide zibil eta politikoak urratzen dituena.  Horregatik herri bezala Espainiar Estatua espaituko dugu, urteetan zehar militanteak atxilo hartu, torturatu, espetxeratu eta sakabanatzen dituelako. Herri zahar hau historiaren mapatik desagerrarazi, asimilatu eta sumiso nahi gaituelako.

Baina Euskal Herrian bezala, munduko herri desberdinen espoliazio, arpilatze eta sarraskien erantzulea da Espainiar Estatua, bere interesetarako herri ezberdinak zapaldu ditu urte luzeetan zehar. Espainair Estatua, Estatu inperialista da, eta hala epaituko dugu!

Espainair Estatu inperialista epaituko dugu Euskal Herrian itsasoaren bestaldeko anai arreben aurka duela bost mende inguru gizateriak inoiz ezagutu gabeko genozidiorik handiena burutzeagatik. Eta gaur gaurkoz, transnazionalen bitartez latinoamerikako baliabideen lapurretan jarraitzen duelako,  gobernu aurrerakoien aurka etengabe aritzeaz gain.

Espainiar Estatu inperialista epaituko dugu, euskaldunon hitzaren gainetik, OTAN bezalako egitura inperialista baten kide izanda,  milaka eraildako eta dozenaka herrialderen  zapalketan parte hartu eta beraz erantzule zuzena delako.

Espainiar Estatu inperialista epaituko dugu Sahara okupatu ondoren, bertako biztanleak jo mugan jarri eta lau hamarkada beranduago autodeterminazio erreferendum bat bultzatu beharrean, sahararren eskubideen urraketan parte hartze zuzena duen Estatua delako.

Espainiar Estatu inperialista epaituko dugu, Euskal Herriaren antzera, Herrialde Katalanak, Galiza, Andaluzia, Gaztela, Aragoi eta gainerako   Estaturik gabeko nazioak sistematikoki ukatu eta zapaltzeagatik.

Espainiar Estatu inperialista ez da nor inor epaitzeko! Bera da epaitua izan behar dena, herrien kontrako praktika inperialistarengatik.

Denon artean beraz, atzo eta gaurko Estatu espainiarraren  izaera kriminala agerian utziko dugu. Ez gaude prest herrien askapena borrokatzen duten kideen aurkako epaiketa politikorik onartzeko.

Honegatik,  dei egiten diogu euskal herri errebeldeari  zapalkuntza ororen aurka borrokan ari den herri desobediente horri eta nazioarteko mugimendu konprometituei, ikasturte berriarekin batera, irailean, Espainair Estatu inperialistaren aurkako herri epaiketak burutzera.  Udaran zehar, auzo, herri eta bailaratan antolatu eta irailean kaleak hartu, herriko plazak bete eta Euskal Herrian zehar Espainair Estatu inperialista epaitzera deiegiten dugu!

Eta datorren urriaren 12an, herri epaiketa guzti hauek, sententzia bakarrean batuko ditugu, Euskal Herriko eta nazioarteko txoko desberdinetan egindakoa,  ahots bakar batean bilduko dugu,  Espainair Estatu inperialistaren aurkako HERRI SENTENTZIAn  hain zuzen.

GORA ASKAPENA!! HERRIOK LIBRE!!

Etiquetas: