Santanok Eudel-eko lehendakari gisa dimititzeko sinadura bilketa

Manifestua: Behean sinatzen dugun elkarteok, gogor gaitzesten dugu José Antonio Santano Clavero Iruneko alkatea, berriki Eudel-eko lehendakari izendatu izana. Era berean bere presazko DIMISIOA exijitzen dugu, ezaguna baita emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari bizkar ematen diola, Iruneko Alardearen aurrean beti izan duen jarrera onartezinak agerian utzi izan duenez.

Iruneko Alardea, duela 21 urte emakume talde batek beraien herriko jaietako ekitaldi nagusian parte hartu nahi izan, eta parte hartzen utzi ez zitzaienean sortutako auzia da; eta auzi honek konpondu gabe jarraitzen du gaurko egunean. Ukazio honek sortu zuen oraindik bizirik dirauen auzia. Iruneko udal gobernuek muzin egin diete legediari eta berdintasuna aldarrikatzen zuten emakumeei. Hau aski izan ez eta gaur egun indarrean dauden bi alardeekiko jarrera erabat desberdina hartu izan dute, alarde parekidea baztertu eta gaurko egunera arte alkatearen aldetik harrerarik jaso gabe sekula.

Jose Antonio Santano Clavero Iruneko alkate denak 2002 urteaz geroztik,  Auzitegi Gorenaren sententziaz baliatuta legea betetzen duela dio, honek baitio alarde tradizionalak ez duela legea apurtzen, emakumeek bertan parte har dezaketen beste alarde parekide bat dagoen neurrian. Iruneko alkatea harrituta agertu izan da, eta haserre ere, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordera joan behar izan duelako, 2014ko azaroak 21ean. Iruneko alkateak agerraldi hartan dio bi aukerak legezkoak direla, baztertzailea den alardea eta inolako pitzadurarik gabe babesten duena batetik, eta alarde parekidea bestetik, nonbait gaitzesten duena sekula ez baitio harrerarik egin. Biak errespetatzen omen ditu, baina tradizionalari bakarrik egiten dio harrera. Eransten du gainera,  hilak 30ean Irunen izandako orok badakiela, arazo bakarra alarde parekideari harrera egitera joaten diren Erakundeek sortzen dutela. Ez du kontuan hartzen nolako mespretxua suposatzen dien Alarde parekideko kideei, emakume eta gizonek berdintasunean parte hartze soilagatik, beraien herriko goi kargu nagusiak sekula ez artatu izanak.

Agerraldia erabili zuen herritarren parte hartzea txalotzeko, alarde tradizionala osatu izanagatik nonbait, eta gogora ekartzeko “beste” alardeak ez bezala ez dutela diru laguntzarik jasotzen Erakundeen aldetik. Eta horrela iristen da esatera “Hay un trabajo de mucha gente para que haya respeto y convivencia”, ahantziz nonbait hala egitera behartzen duela onarpen ugari jaso duen Erkidegoko Berdintasunerako Legeak. Iruneko alkatearentzat “bake soziala” emakumeen giza eskubideen babesa baino garrantzitsuagoa da. Eta agerraldiaren amaieran esatera ausartzen da, hiriko berdintasun planak ez duela zertan eragiten eta zerikusirik ere Alardearekin; eta edozein kasutan, Berdintasun Plana ere udal eskumenekoa dela esaten bukatzen du. Bera emakumeak baztertzen dituen gehiengo sozialarekin dago, eta berdintasuna babestea “katuari bost hanka bilatzea” dela dio.

Esandako guztia ez da berria, baina komeni izaten da gogora ekartzea, gauzek nola egiten duten aurrera, atzera edo bere horretan geratu ote diren neurtzeko garaian.

Berriki Europako Udal eta Erregioen Kontseiluak EUDELi eskaini dio Berdintasunerako Batzordeko Lehendakaritza (Standing Committee for Equality). Gune hau, batzordekide diren herrialdeetako berdintasun politika lokalak koordinatzeko goi organoa da. Izendapen hau Eudelek jaso du,  besteren artean Berdinsarea, Berdintasunaren aldeko Euskal Udalen Sarea, emakumeen kontrako biolentziari aurre egiteko hartutako neurriak (Emakunderekin batera) eta Beldur Barik programaren bitartez, berdintasunaren alde egindako lan eskerga aitortzen zaiolako.

EUDELeko zuzendaritzan alor orotarako Berdintasunaren ardura duena, gaur egun Galdakaoko alkatea den Ibon Uribe den arren, eta honi egokituko bazaio ere Batzordearen lehendakaritza hartzea, lotsagarria da Santano Clavero gisako ordezkari politiko batek ordezkatzea EAE Europan, eta horregatik uste dugu EZ DELA EGOKIA ez esportatua izateko ez eta ordezkaritza lan hori egiteko ere. Gu behintzat ez gaitu inoiz ordezkatuko,  emakumeen oinarrizko eskubideak errespetatzen ez dituen pertsona batek.

Santano Clavero eta egoera hau bere horretan mantentzea ahalbideratzen duten gainerakoek, trufa egiten diete beraien alderdien esku dauden Erakundeei, hala nola Emakunde edo Arartekoa;  eta nola ez, beraien sokakoak ez direnen kontra jotzen dute, Gipuzkoako foru Aldundiarekin egin izan duten moduan, aurreko legegintzaldian EHBilduk kudeatzen zuenean, Alarde parekidearen aldeko jarrera irmoa erakutsi baitzuen aldioro.

Nola bultzatu ahalko dira berdintasun politikak esparru lokal guztietan, Eudel-en lehendakaritza duenak jaietan emakumeen kontrako bazterkeria babesten badu? Nolatan izango da bi urtetan zehar Eudel berdintasun gaietan erreferentzia Europa mailan, bera alkate den udalean berdintasun legea betetzen ez duen pertsona batengan uzten badu lehendakaritza? Ez dugu ulertzen nolatan, bere burua demokratikotzat jotzen duen entitate batek, hain saminki zauritzen duen emakumeen duintasuna.

Behean sinatzen dugun elkarteok JOSE ANTONIO SANTANO CLAVEROren PRESAZKO DIMISIOA eskatzen dugu, eta indarrean dagoen berdintasun legediak exijitzen dituen oinarrizko baldintzei erantzungo dien pertsona baten izendapena egin dadila eskatzen dugu. Eta euskal erakundeei jarraituko diegu eskatzen, urtero Hondarribia eta Irunen ematen den emakumeen eskubideen kontrako urraketari konponbide bat aurki dezatela.

Arabako Emakumeen Asanblada, Basauriko Emakumeen Taldea, Bilgune Feminista, Feministalde, Medeak, Plazandreok

Irailak 10a baino lehen atxikimendua bidali (Taldekoa edo banakakoa):
plazandreok@gmail.com

Etiquetas: