Zergatik kendu orain arte ondo funtzionatu duen alokairu sistema?

fotoIrungo EH Bildu.- Urdanibia plazan obrak egiten hasi zirenetik inguru horretako bizilagunek aparkatzeko zituzten arazoei erantzuteko, Irungo udaletxeak 2014 urte hasieratik San Juan aparkalekuan 40 euro inguruko alokairu baten truke, bertan aparkatzeko aukera eskaini zien.

Urdanibia plazako obrak amaituta, inguru horretako bizilagunak berehala ohartu ziren obra horren ondorioz kotxeak aparkatzeko hainbat plaza desagertu zirela. Hala ere, une horretan aparkatzeko tokien gabezi hori ez zen oso nabarmena izan, oraindik udalak egindako eskaintzak indarrean jarraitzen zuenez, hainbat bizilagunek beraien kotxeak San Juan aparkalekuan aparkatzen zituztelako.

Azken hilabeteetan egoera hau izan bada ere, hemendik gutxira gauzak aldatu egingo dira, udal gobernuak 2015eko azken hilabetetan martxan jarri zuen estrategia itsusi baten ondorioz. Orduan, Udal gobernuak, San Juan aparkalekuan alokairu errejimenean aparkatzeko ohitura hartuta zuten bizilagunei, alokairu eskaintza 2016 urteko lehen hilabete amaieran indar gabe geratuko zela adierazi zien, parking horretan aparkaleku hutsak “erosteko” eskaintza publiko bat ateratzen zuela komunikatzen zien bitartean.

Udal gobernuaren asmoa, urtetan San Juan aparkalekuan “saldu” ezinik izan dituen 158 plazak gainetik kentzea zen. Baina estrategia ez zaio batere ondo atera; plazak eskuratzera animatu diren pertsonak 34 besterik ez baitira izan.

Gauzak horrela, politika txapuzero honen ondorioz, laster mahai gainean 2 arazo izango ditugu:

  1. San Juan aparkalekuan oraindik 124 plaza huts izango ditugu.
  2. Otsailetik aurrera, Urdanibia inguruko hainbat bizilagunek bere kotxea kalean aparkatu beharko dutenez, aparkatzeko arazo larriak sortuko dira, bai Urdanibian eta baita domino efektu baten ondorioz, jadanik aparkatzeko arazoak dituzten Uranzu, Arbes, edo eta Palmera Monteron ere.

Irungo EH Bilduk, Politika egiteko modu honekin bat ez datorrela argi eta garbi adierazi nahi du, politikariak herritarren arazo eta beharrei soluzio-bideak bilatzeko gaudelako eta ez arazoei arazo gehiago pilatzeko.

Elementu guzti hauek kontutan izanik, udal gobernuak hartutako neurriei ezetz esaten diegu eta, sortuko diren arazoei aurre egiteko, hurrengo proposamen hauek mahaigaineratu nahi ditugu:

  1. San Juan aparkalekuko plaza hutsak, errenta justu baten trukean, inguruko komertzio eta enpresetako langileei erabiltzeko aukera ematea.
  2. San Juan aparkalekuan kotxeez gain motorrak eta txirrindak ere aparkatzeko aukera ematea.
  3. Inguruko bizilagunekin orain arte oso ondo funtzionatu duen aparkalekuen alokairu sistemak indarrean jarraitzea, horretarako Urtarrilak 31 arte indarrean dagoen kontratuari jarraipena emanez.

Etiquetas: