Bidasoa Bizirik.- Eva Fernández izendatu dute Bidasoa Bizirik Bidasoko Garapen Agentziako Zuzendari Nagusi, 2016ko otsailaren 4an egindako Batzar Orokorrean.
Esperientzia handia du Eva Fernándezek kudeaketan, tokiko garapenean, planifikazioan, promozio ekonomikoan eta enpleguan. Zuzendari postuetan zenbait ardura izan ditu bere ibilbide profesionalean zehar. Gainera, Irun eta Hondarribia hirientzat oso garrantzitsuak diren mugaz gaindiko dinamikak, eta Europa mailakoak ezagutzen ditu. Irungo Udalean lanean ibili da azken zortzi urte eta erdian. Bulego Estrategikoa kudeatu du, eta Ogasuna, Promozio Ekonomikoa eta Plan Estrategikoa arloa zuzendu du azken aldian. Orain, Bidasoa Bizirik Garapen Agentziako zuzendari lana beteko du berriro, garai batean ere izan baitzuen ardura hori.
Etapa berri honetan, Bidasoa Bizirik-ek lehentasunezko ekintza bati helduko dio. Hausnarketa estrategikoa egingo du, etorkizuneko ekintzak eta helburuak azken aldian gure inguru sozio-ekonomikoan egondako aldaketetara eta antzemandako beharretara egokitzeko asmoz.
Gaur egun, Bidasoa Bizirik-ek 35 langile ditu. Agentziaren helburua da Bidasoa eskualdearen sustapenerako eta garapenerako interesekoak diren ekintzak aurrera eramatea. Esate baterako, tokiko ekonomia bultzatzea, ekintzaileen ekimenak eta enpresa mundukoak laguntzea, berrikuntza, sormen eta lehiakortasun prozesuetan enpresak babestea, edo Irunen eta Hondarribian lan bila ari diren pertsonen egoera hobetzera bideratutako formazio eta enplegu programak eskaintzea. Jarduera guzti horiek aurrera eramateko, sare batzuetan eta Europako proiektu ezberdinetan parte hartzen du. Gainera, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoa koordinatzen eta kudeatzen du. Ardura horren harira, Eurohiriaren moduko mugaz gaindiko lankidetza egituretan parte hartzen du. 2.320.000 euro inguruko aurrekontua izango du aurten Bidasoa Bizirik-ek.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1169 irakurketak
- Castellano