Sortuk Emilio eta “Txanpi” presoen dispertsioa salatzen du

Emilio Castillo eta Txanpi Harokarene Martuteneko espetxetik Burgos eta Soriako espetxeetara sakabanatu ondoren, Bidasoaldeko Sortuk ondoko salaketa egin nahi dugu:

Bidasoaldeko Sortuk Emilio Castillo eta “Txanpi” Harokarene presoen dispertsioa salatu nahi dugu.

Otsailaren 3an espetxeratu zituzten ezkeroztik Martuteneko espetxean zeuden bi presoak bere etxeetatik urrundu dituzte, Emilio Burgosera eta Txanpi, aldiz, Soriara. Emilioren kasuan, bere osasun egoera makala kontutan hartuta, urrutiratzeko erabakia hankerkeria handienarekin hartua dagoela agerian geratzen da.

Euskal jendartearen gehiengoak dispertsioaren amaiera eskatzen duen uneotan, Emilio eta Txanpiren sakabanaketarekin Estatuak beste behin ere argi utzi du ez duela inolako asmorik bere borondatez kartzela politika aldatu, giza eskubide oro errespetatzeko bidean jarri eta konponbidearen norabidea hartzeko. Hartara, kartzeletako egoera hainbat kasutan gogortu egin du, eta senide eta lagunei zigor erantsia ezartzen jarraitzen du. Hilabete honetan bertan izan da dispertsioak eragindako azken auto istripua.

Emilio eta Txanpiren urrutiratzearen salaketarekin batera, eskualde honetako gainontzeko preso politikoak ere beraien etxeetatik ehundaka kilometrotara jarraitzen dutela gogorarazi nahi dugu, eta esan premiazkoa dela eskubide urraketa honekin berehala bukatzea.

Amaitzeko, Itziar Moreno presoa Parisko Fresnes espetxean jasaten ari den isolamendu egoera salatzeko borrokan dauden presoen artean Irungo Iratxe Sorzabal presoa dugu. Euskal Herritik gure elkartasunik beroena Fresneseraino eramateko espetxera martxa antolatu dugu datorren astebururako. Autobusak maiatzaren 27an, ostirala irtengo dira hainbat herritatik, eta izena emateko aukera Hazian izango da.

Etiquetas: