Aurten ere GAY, LESBIANA ETA TRANSEXUALEN eskubideen aldeko bandera ez da Udaletxeko balkoian egongo

Prentsa ohar honen bidez, gay, lesbiana eta transexualen egunaren harira egindako eskariari (atxikitutako dokumentuan) Irungo udalak eman dion erantzunaren irakurketa egin nahi dugu:

Jakin dugunez, asteazkenean egindako bozeramaileen batzordean, Irungo Alkateak azaldu zuen azken 23 urtetan bezala, ekainak 28an berriro ere GAY, LESBIANA ETA TRANSEXUALEN eskubideen aldeko bandera ez dela Udaletxeko balkoian egongo. Horren ordez, ospitale Zaharrean jarriko dutela.

Honen aurrean zera adierazi nahi dugu:

1. ASKI dela, jaien argudio edo aitzakia erabiltzea bandera udaletxeko balkoian ez jartzeko. Gay, lesbiana eta transexualak zer gara, Real Union baino gutxiago? Gure ikurra, bigarren mailako udal eraikin batean jarri behar da? Bigarren mailako hiritarrak al gara?

2. Uste dugu 23 urte hauetako diskriminazioarekin bukatzeko ordua heldu dela. HOMOFOBIA, , ERASOAK, DISKRIMINAZIOA.....bere horretan jarraitzen dute gaur egun eta inoiz baino zilegizkoa iruditzen zaigu Ekainak 28an, denona den etxean, gure eskubideen aldeko bandera egotea.

3. Garaiz gabiltza, eta oraingo honetan alkatearen jarrera zein den ikusita, eskatu baino EXIJITU egin nahi diogu Jose Antonio Santanori, diskriminazioarekin amaitu eta bandera dagokion tokian jartzea.

Bukatzeko, Ekainak 28 dela eta deitu dugun kontzentrazioan parte hartzeko deia luzatu nahi diogu Irungo jendarteari. KONZENTRAZIOA, arratsaldeko 18:30ean burutuko dugu San Juan Plazan “GORA ASKATASUN SEXUALA! HAUTSI MUGAK!” lemapean.

Irunen, Ekainaren 23an

JUANTXO QUIROGA NOVOA, JOSU CARIÑENA ARBELAIZ (Orain dela 23 urte gay, lesbiana eta transexualen aldeko bandera irungo Udalari eman genion EHGAMeko militante ohiak)

Udaletxeari eskaera
IRUNGO ALKATE ETA UDAL TALDE POLITIKOEI:

Duela 23 urte eman genion GLBT bandera Irungo Udalari Ekainaren 28an Udaletxeko balkoian jartzeko.

23 urte hauetan zehar, ikurra beste Udal eraikin ezberdinetan jarri izan da, baina, inoiz ez Udaletxeko balkoian.

Beraz, eskaera honen bidez, honako hau planteatzen diegu Irungo Alkateari eta Udal talde politiko guztiei:
    - Gay, lesbiana, bisexual eta transexualen askapen borrokaren banderaikurra, Irungo Udaletxeko jartzea Ekainaren 28an, gure eskubideen nazioarteko eguna dela eta.
    - Uste dugu, beste nazioarteko egunetan bezalaxe (martxoak 8, azaroak 25, ....) GLBT eskubideen aldeko bandera Udaletxeko balkoian egon behar duela eta ez beste inon.

Kontutan harturik, orain dela 23 urte emandako bandera zaharkituta egongo dela, honekin batera bideratzen dizuegu eguneratu eta berritu beste ikur bat.

Irunen, 2016.eko ekainaren 16an

Orain dela 23 urte bandera entregatu genuen EHGAMeko militante ohiak:
JUANTXO QUIROGA NOVOA, JOSU CARIÑENA ARBELAIZ

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.