Kutxabankek bere bezeroei zenbaki gorritan gelditzen direnean kobratzen dien komisioa kendu behar du

IRPH Stop Gipuzkoa.- Gaur jakin da Gasteizko Merkataritza Arloko 1 Zenbakidun Epaitegiak Kutxabankek bere bezeroei zenbaki gorritan gelditzen direnean kobratzen dien komisioa kentzera derrigortzen duen epai bat ebatzi duela. IRPH Stop Gipuzkoa plataformatik balorazio baikorra egiten dugu, eta Kutxabankek jarri behar omen duen helegitea bertan behera uztea espero dugu.

Gogorarazi nahi dugu aurrez ere badirela dozenaka epai, bigarren instantzian baieztatu ondoren irmoak direnak, Kutxabank komisio hau kentzera zigortu eta gainera kobraturiko dirua itzultzera derrigortu dutenak (gaur ezaguturiko epaiak ez bezala).

Epai horien artean daude gure plataformak Maite Ortiz eta José María Erauskin abokatuen lan boluntarioarekin lorturiko berrogei. Izan ere, 2014ko maiatzean IRPHaren aurka aurkeztu genituen berrogei salaketek posizioa zordunen galdegitearen komisioak bertan behera uztea ere eskatzen zuten. Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegiak arrazoia eman zigun, eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak zigorrak berretsi zituen. Ondorioz, Kutxabankek gure maileguen bizitza osoan zehar kobraturiko komisio guztiak itzuli behar izan zizkigun.

Ezaguna da beraz hau abusuzko klausula bat dela, eta banketxea epaitegietara daraman edonork lortuko du bertan behera utzi eta kobraturikoak itzultzea. Baina Kutxabankek berdin-berdin aplikatzen die hilero euren mailegua ordaintzeko orduan atzeratu egiten diren milaka familiei.

Berdina gertatzen da Kutxabankek aplikatzen duen %17 inguruko berandutze interesarekin: abusuzko klausula da hau ere, baina aplikatzen jarraitzen dute.

Garai batean gure aurrezki kutxak izan ziren horien usteltze prozesu nazkagarriaren adierazgarriak dira.

Etiquetas: