Irun eta Hondarribiko EH Bilduk mankomunitateko batzarrean tasen igoeren aurka bozkatuko dute

EH Bildu.- Duela bi aste eskualde honetako bi herrietako udalbatzek mankomunitateko estatutuen aldaketa onartu zuten bertako batzarrean udal talde guztien ordezkaritza egon zedin. Ezin dugu ahaztu hau legez berez hala izan behar zuela eta urteak pasa badira ere Irun eta Hondarribiko udal talde guztiek ordezkaritza edukitzea lortu da.

Hori horrela eta ulertuta agintaldi honetako urte bat “galdutzat” eman dezakegula, ezin izan baitugu mankomunitateko batzarrean parte hartu, hemendik aurrera modu eraikitzaile batean parte hartuko dugula adierazi nahi dugu.

Bizitzeko oinarrizkoa den uraren kudeaketa darama erakunde honek eta horretan herritarren beharrei erantzungo dien kudeaketa berma dadila bultzatuko dugu. Ezinbestekoa izango da egoera larrian dauden familiei erraztasunak ematea eta hobariak egitea, gaur egun ez baita ezberdintasunik egiten.

Hondakinekin aldiz, orain arte jorratutako bidea latzen jarraituko dugu. Gure eskualdean birziklatze tasa ahalik eta handienetara iristeko proposamenak egingo ditugu, garaian egin genituenak bezala, edukiontzi berdeen kopurua jaistea, birziklagarriak diren frakzioen  kontrola, eta nola ez helburua sortze bidezko tasara iristea litzake.

Batzuen itzulerak eta besteen sarrerak 2017ko tasen onarpenarekin bat egiten du, ostiralean batzarra dago eta. Batzar horretan ordenantza fiskalaz gain hurrengo hamarkadarako inbertsio plana ere onartuko da.

Tasei dagokienean EH Bilduko ordezkariok aurka bozkatuko dugu, bai uraren tasan zein hondakinean ere.

Uraren tasa %2,98 igotzea planteatzen dute. Gure ustez hau ikaragarrizko igoera da, zentzurik ez duena. Gaur egun eskualdeko familiek bizi duten egoera kontuan izanik bizitzeko oinarrizkoa den uraren tasa horrenbeste igotzea izugarria da. Igoerarako erabiltzen diren argudioen artean egin beharreko obrak eta amortizazioak aurkitzen ditugu. Uste dugu hauek ezin daitezkeela herritarrei zergak igoaz estali, edo bestela urte luzeetan zehar egin beharreko planteamendua izan beharko lukeela.

Eta hondakinen tasaren aurrean gure jarrera bera izango da. Kasu honetan hondakin organikoan izen emana dutenei %3,78 eta izena emana ez dutenei %20-a igotzea proposatzen dute. Igoera hau emateko arrazoi nagusia GHK-k goi kudeaketako tasan azken bi urteetan emandako igoera da. Ulertzen dugu birziklatzen dutenen eta ez dutenen artean ezberdintasuna egotea, gure helburua sortzen denaren araberako tasa egotea dela kontuan izanik. Baina ezin dugu onartu horrelako igoera handi bat, uste dugu kasu honetan ere urteetan igoera txikiagoak eginez egin zitekeela. Datuetan hala geratuko lirateke tasak, hondakin organikoan izena emana dutenek urtean 124,48€-koa eta izena emana ez dutenentzako 172,84€-koa.

Etiquetas: