Bizitzaren Aldeko Hiriak, heriotza zigorraren aurkako hiriak

logoIrungo Amnesty Internationaleko taldea.- Hamar urte baino gehiago dira Amnesty International Erakundeak eta Sant’Egidio Elkarteak azaroaren amaieran heriotza zigorraren aurka herritar ekitaldi bat elkarrekin antolatzen dutela, heriotza zigorraren abolizioarekiko babes-seinale gisa hainbat eraikin enblematiko argiztatuz.  Urteroko ekitaldi hau “Bizitzaren aldeko hiriak/Heriotza zigorraren aurkako hiriak” – “Ciudades por la Vida/Ciudades contra la pena de muerte” – “Cities for life/Cities against the death penalty” Sant'Egidio Elkartearen Nazioarteko Egunaren barruan dago kokatua, elkarte horrek horrela ospatzen baitu 1786ko azaroaren 30ean Toscanako Dukerri Handia heriotza zigorra abolitu zuen lehen Estatua izana.

Ekimen honi esker udalerriek prozesu abolizionistan izan dezaketen papera indartu egin daiteke, gai garrantzitsu honen inguruan arreta bizirik mantenduko duten ekimen hezigarriak eta kulturalak antolatuz eta zabalduz.
    
Amnesty International Erakundeak duela gutxi Heriotza zigorraren inguruan argitaratutako mundu-txostenean jasotakoaren arabera, 2015ean gutxienez 1.634 pertsona exekutatu zituzten. Kopurua %50 gehitu da 2014.urtearekiko eta erakundeak 1989tik erregistratu duen zifrarik altuena da. Exekuzio guztietatik %90 lau herrialdetan gertatu ziren: Iran, Pakistan, Saudi Arabia eta Estatu Batuetan (Txina ez dago zifra horretan sartuta, heriotza zigorrari buruzko datuak Estatu-sekretutzat jotzen baitira).

Arrazoi hau dela eta, Amnesty International eta Sant'Egidio Elkarteak proposaturik, joan den azaroak 30ean, asteazkena, Irungo Udaletxeko Osoko Bilkuran aho batez onartu zen Irungo hiria ekimen honetara atxikitzeko mozioa. Bertan “praktika hau ukatzearen arrazoiak eta mundu osoan kanpaina abolizionistaren aurrerapenei buruzko informazio eta sentsibilizaziorako espazio egokiak sortzeko” lan egitearen konpromesua hartu zuen.

Hain garrantzitsua den gai batekiko Udal Korporazioak erakutsitako inplikazioa eta guztien adostasunarekin iniziatiba babestea positiboki baloratuz, Irun “Bizitzaren aldeko Hiria” izan dadin hartutako konpromesua bete dezaten eskatzen diegu Irungo Amnesty Internationaleko taldetik Udal Korporazioko kide guztiei. 

Etiquetas: