¡Hasta siempre Fidel!

Hego haizeak albiste txar bat zabaldu zuen aurreko astean gurean eta munduak Karibeko irla txikian du jarrita begirada ordutik. Fidel, gure Komandante maiteak azken hatsa bota du. Komunista, abertzalea, iraultzailea eta internazionalista. Kubako iraultzari eman diozu bizia, eta horrela, munduari egin ahal zenion ekarpenik handiena egin diozu ezbairik gabe. Zure herria lutoan dago egunotan, munduko langileriaren antzera. Baina ez zaude hilik, inoiz baino biziago zaude mundu guztiko iraultzaileon bihotzetan. Zalantzarik gabe, herriak absolbitu zaitu, Fidel!

Pertsonak hezur eta haragizkoak gara, hondatu eta denboraren ordainetan ximeltzen den materia. Halakoa izan zara zu, hezur haragizkoa. Baina ondo baino hobeto baliatu duzu zure denbora eta horrek egin zaitu benetako eredu. Eta horregatik hain zuzen ere saiatu dira hainbeste aldiz zu desagerrarazten, isilarazten, zuk zure herriarekin batera lortutako guztia deuseztatzen, alegia. Kennedy, Nixon, Carter, Reagan, Bush aita semeak... kapitalismoaren birusak izan dira eta zu hauen kontrako txertoa. Hezitzailea izan zara, eta irabazitako esperientzia eta egindakoaren memoriak betiereko egiten zaitu.

Batzuek iraultza zurekin batera bukatuko dela pentsatuko dute, baina beranduegi da euren ametsa egi bihurtzeko. Herriarekin bizi izan zara eta herriak egiten du iraultza. Granma Kubara iritsi zenetik mende erdia baino gehiago pasa da eta Che Guevarak idatzi zuen bezala, pertsona sozialista berria jaio da Kuban. Iraultzaren kontsigna buruan, herriak sortutako azpiegiturak bere eskuetan eta iraultzaren alde bizia eman duzuen pertsonak bihotzean, etorkizuna bere baitan du Kubako herriak.

Ez dira asko jada zure herriko iraultzaren aurretiko mundua ezagutu dutenak. Gutxi izango dira zure herriarekin batera eginiko iraultzaren magaletik kanpo hezi diren Euskal Herriko iraultzaileak ere. Zuen askapen borroka gure askapen borrokaren eredu garbia izan da. “Independentzia eta sozialismoa” edota “Aberria ala Hil” bezalako leloek garbi erakusten dute zuen eragina. Bestalde, Euskal Herriarekiko izan duzuen elkartasuna handia izan da eta ez dago hitzik munduan hori eskertuko duenik. Horregatik, aurkitzen da Euskal Herriko Ezker Independentista lutoan, horregatik ari gara herri kubatarrarekiko elkartasun keinuak lau haizetara zabaltzen eta zuri merezi duzun omenaldia egiten.

Hala ere, ez gaitezen desanimatu, oraindik gure herria eta mundua irabazteko dugu eta! Kubak eta Fidelek bereziki erakutsi digute, internazionalistak garen heinean, munduari egin diezaiokegun ekarpenik handiena norberaren herria askatzea dela. Inperialismoaren aurrean, herria antolatu eta defendatu behar dela. Hitzek ekintzarik gabe baliorik ez dutela, alegia. Beraz bukatzeko, hainbeste aldiz errepikatu zunituen hitzekin bukatuko dugu gure omenaldi txikia:  ¡Patria o muerte! ¡Venceremos!

Agur eta Ohore Fidel Castro!

Gora Kubako Iraultza!

Jo ta ke! Irabazi Arte!

Etiquetas: