1937an, faxismoak Gernika bonbardatu zuen, ankerkeriaz, modu basatian. Picassok Guernica margotu zuenetik, herri bizkaitarra Bakearen ikur bilakatu da mundu osoan. 2017an, laurogei urte geroago, beharrezkoa da gertakari haren memoriari bizirik eustea, eta “aski da” esatea milioika lagunen ihesaldia eragiten ari diren beste Guernica anker horien aurrean. Europako mugetan gertatzen ari dena historiako beste sarraski handi bat da. Ezin gara besoak gurutzatuta geratu, ez horixe.
Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataforman, laguntza humanitarioaz harago joan nahi dugu, ziur baino ziurrago baikaude salaketa politikoa dela pertsona guztiontzako justizia eta duintasuna erdiesteko ezinbesteko aldaketaren motorra. Ezin dugu onartu mugak atxilotzeko, gizatasuna kentzeko eta heriotza eragiteko eremu bihurtzea milioika lagunentzat. Hori dela eta, ekitaldi bat antolatzen ari gara, Gernikan, 2017ko apirilaren 29an eta 30ean. Bertan, Euskal Herriko, Espainiako estatuko eta beste herrialde batzuetako milaka lagun bilduko gara, egoera honi dagokionez gure sumindura eta gaitzespena adierazteko, gure gobernuen pasibotasunaren kontrako jarrera agertzeko, bai eta aukerak planteatzeko eta eraikitzeko ere. Gernikako bonbardaketaren 80. urtemuga honetan, mobilizazio jendetsurako deia egiten dizuegu, “gerrarik ez” oihukatzeko eta migratzaile eta errefuxiatuei ongi etorriak direla esateko. Hauxe da gure proposamena:
Apirilaren 29an, larunbatean, errefuxiatuei babesa agertzeko martxak egingo dira. Euskal Herriko hainbat tokitatik abiatuta, zutabetan iritsiko dira Gernikara, non ekitaldi hunkigarria egingo dugun atzoko eta gaurko Guernica horien oroimenez. Aurreikusita dago giza eskubideen eta bakearen arloko mundu-mailako zenbait erreferente etortzea.
Apirilaren 30ean, igandean, gaien araberako tailerrak eta esperientzi mahaiak antolatuko dira: babes- eta asilo-eskubidea; antimilitarismoa; feminismoa; faxismorik eta arrazismorik ez; antikapitalismoa; harrera-esperientzia; Hegoaldeko muga; desobedientzia. Guztiak ere esperientzia, konpromiso eta borroka sozial ugariak ikusgai jartzeko xedez, hala nola gerturatzen diren mugimendu eta kolektiboen artean sareak eraikitzen jarraitzeko.
Horrez gain, jarduera ludiko eta kulturalak izango dira topaketa osoan. Amaiera-ekitaldian, erantzun eraginkor eta berehalakoak eskatuko ditugu munduan 65 milioi lagun baino gehiago jasaten ari diren egoera hau konpontzeko.
EZ GALDU AUKERA, ZATOZ GERNIKA 2017ra! BIHUR DEZAGUN LURRALDE, AUZO, HERRI, HIRI… BAKOITZA HARRERA-LURRALDE!!
Irundik zutabea
Duela 80 urte, Gernika Bakearen ikur bihurtu zen, faxismoak bonbardatu eta milaka errefuxiatu sortu ondoren.
Istorio hau Europako mugetan errepikatzen ari da gaur eta orain geuk elkartasuna adierazi eta elkarrekin Gerrarik Ez eta Ongi Etorri Errefuxiatuak oihukatu behar dugu.
Horretarako, Apirilaren 28, 29 eta 30an, Gernikan izango den ekitaldi haundia antolatzen ari da. Haraino heltzeko zutabetan antolatutako martxa egingo da Euskal Herriko herrietatik.
Gipuzkoatik, ostirala 28an arratsaldean, Irungo Santiago (Abenida) zubitik aterako gara, Iparraldeko zutabearekin elkartuz. Trenez Eibarreraino iritsiko gara, Eibar izan baitzen Gipuzkoako herri bonbardatutako bat. Gaua han pasa eta gero, goizaldean Eibar Ermuako bidea oinez egingo dugu.
Berriz ere, trena hartu eta Zugastieta izango da gure helmuga. Zugastietan beste herriko zutabeekin elkartu eta oinez Muxikara iritsiko gara.
Larunbateko 16:00etan Muxikatik zutabe guztiak elkartu eta Gernikarainoko azken hiru kilometroak isilpean egingo ditugu, lehen eta oraingo biktimei omenaldia eginez. Larunbat arratsaldean ekitaldi nagusia egingo da hantxe eta igandean gaiari buruzko tailerrak egongo dira.
Bidasoaldeko ONGI ETORRI ERREFUXIATUAK taldeko kideak gara eta apirilaren 28tik 30era Gernikan izango den ekitaldira gonbidatzen zaituztegu.
Horretarako Santiago zubian elkartuko gara 28an, 17:00 tan (ostirala).
Gernikako ekitaldira joateko asmoa ez baduzu ere gurekin topaketa hau partekatzea eskertuko genizueke.
Informazioa nahi izanez gero: https://ongietorrierrefuxiatuak.info/gernika2017/es/
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1237 irakurketak
- Castellano