“Eskola kirolaren festa”, Irun, Hondarribia eta Hendaiaren arteko lotura gisa

“Eskola kirolaren festa”ren beste edizio bat burutu zuen atzo, maiatzak 24, Bidasoa Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak, Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako ikasleak biltzeko asmoz. 2014az geroztik egiten da ekimena, eta ohi den moduan, FICOBA Erakustazokan izan da, 15:00etatik 19:00etara.

Hiru hirietako 375 ikaslek parte hartu dute jardueretan. Bidasoa Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak ikastetxeen eta kirol elkarteen ahaleginaren eta kolaborazioaren balorazio baikorra egin du.

Eskola kirolean parte hartzen duten eskualdeko neska-mutilek kirol jarduera ezberdinak burutzeko eta kirol ospetsuenetako batzuk praktikatzeko aukera izan dute. Denboraldiaren amaiera ospatzeko antolatu da kirolaren festa bateratua, badiako hiru hirietako 8 eta 11 urte arteko eskola kiroleko parte hartzaileekin.

Aukera zabala egon da
Kirolarekin lotutako gaztelu puzgarriak jarri dira, kirol tailer ludikoekin batera, lehia izaerarik eman gabe. Ondorengo kirolak probatu ahal izan dituzte parte hartzaileek: txirrindularitza (Irungo Txirrindulari Elkartea), mahai tenisa (Leka Enea), xakea (Marlaxka), esgrima (Esgrima Irun), dantza tailerra (Txiribuelta Haur Ekintzak) eta marrazketa tailer bat.

Berritasun gisa, hiru hirietako klubek stand-ak jarri dituzte, parte hartzaileei informazioa luzatu ahal izateko.

Ekimeneko puntu nagusietako bat hiru bizikletaren zozketa izan da.

Etiquetas: