CETA. Zer diote kanadarrek?

CETA pil-pilean eskuartean dugun Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko Ekonomia eta Merkataritza Askeko Hitzarmena dugu eta entzunagoa den TTIP hitzarmenaren atzeko ate bezala definitu izan da. TTIP (Europar Batasuna eta AEBen arteko hitzarmena) izoztua dagoela helarazi digute komunikabideen gehiengoak eta hori aprobetxatuz, TTIPk eginiko gardentasunik gabeko bidea baino gardentasun eskasagoa izan duen CETA ari zaizkigu inposatzen.

Hitzarmen honetaz, zer esan handia izan dute gure hainbat adiskide kanadarrek zeren NAFTAren (25. urteurrena duen Mexiko, AEB eta Kanadaren arteko Merkataritza Askeko Hitzarmena) esperientzia lazgarria dute. Esate baterako, Nazio Batuen Erakundean egona den Maude Barlow kanadarrak azpimarratzen dituen hainbat puntutatik pare bat aipatuko ditugu. Batetik, familien zorrak maila historikoetara igoak direla eta bestetik, enpresa handien irabaziak, beren zuzendarien soldaten antzera, igoera izugarriak izan dituztela dio. Noski, kontutan hartuta familien diru sarrerak ez direla igo.
 
Honi lotuz, CEOEk, Espainiako Azterlan Ekonomikoen Institutuak eta Merkataritza Ganbarak 2015eko urrian kaleratu zuten TTIPren txostenean, kontsumo pribatua urtean % 0,98 igoko litzatekeela eta langileen soldata berriz, % 0,72 eskas dio. TTIPri buruzko txostena izan arren, CETArako ere baliagarri zaigu zeren azken finean NAFTArekin lotuak dira AEBak eta Kanada, eta nahikoa du AEBko enpresa batek Kanadan bulego bat izatea TTIPrekin dituzten helburuak lortzeko. Beraz, azterlan honen arabera, Kanadan gertatu denaren antzera zorpetzea ekarriko liguke hitzarmenak. Gehigarri, txostenak nekazaritzak okerrera joko duela dio; NAFTArekin ere okerrera jo zuen eta argi dago CETArekin ere kalte izugarriak jasango lituzkeela.

Etxera hurbilduz, errealitateko egoera aztertzen jarriz, soldata jaitsierak dagoeneko pairatzen ditugula azpimarratu beharra dago eta aipaturiko zifrak okerrera jo dezakete. Argi esan izan da materia ez dela sortzen edo deuseztatzen, transformatu baizik eta beraz, enpresa handiek sarrera ekonomikoak igotzeko, herritarrok sarreren jaitsiera izan behar dugu. Ikusi besterik ez da Elkartzenek pobreziaren igoerarekin lotuz azkenik kaleratu duen txostenean idatzirikoa: 8 lagunek 3.600 milioi pertsonek adina aberastasun pilatzen dutela, alegia, munduko biztanleria osoaren erdiak adina, 2010 urtean kopuru hori bereganatzen zutenak 388 pertsona ziren bitartean. Gainera, pobreziaren kalteak herritar ugarik pairatu arren, emakumeak dira gehien jasan behar dutenak. Bada, CETA enpresa multinazionalentzat alfonbra gorria da eta inongo trabarik gabe nahi dutena egiteko bidea irekitzen zaie, non, pobreziak igoera galanta izango lukeen.
 
Esaterako, Kanadako Edgewater enpresak arbitraje-epaimahai pribatuengana jotzea mehatxatu zion Espainiako Gobernuari 2015ean. Badirudi, Galizian urrearen mehatze batean tirabirak izan zituela enpresak eta gaia oraindik airean izanik, CETAk izugarrizko erraztasunak ezarriko lizkiokeela gobernuak milioika eurotako kalte-ordainak emateko. Hau da, enpresa multinazionalari mehatzeko ustiapenean gauzak berak nahi dituen bezala irten ez zaizkiolako, herritarrok geure poltsikotik dirua eman beharko genioke.
 
Kanadak zein EBko hainbat gobernuk (Espainia  izanik zerrendako buru), aipaturikoaren antzeko epaimahai pribatu ugari dituzte mahai gainean,  non, batzuk  galduak  dituzten (Kanadaren kasuan, dagoeneko 117,5 milioi dolar ordaindu behar izan dizkie enpresa erraldoiei). Herrialde zein  nazioarteko epaimahaien gainetik ezarri nahi dituzte epaimahai pribatu hauek (lehen ISDS eta orain ICS deiturikoak), zeintzuek giza eskubideak zein ekologia basatiki zanpatuko lituzketen.

Egoera honen aurrean, ezin diegu utzi herritarroi txotxongilo bezala erabiltzen eta sokak apurtu behar ditugu. CETA bera, nahiz eta Europako Parlamentuan onartua izan eta behin-behinekotasunean martxan egon, oraindik Europako nazio zein hainbat herrialdetako Parlamentuetan onartua izan behar du. Beraz, gera dezakegu eta honela, ez utzi gutxi batzuei gehiengoaren kaltetan nahi dutena egiten. Espainiako Kongresuan bozkatzear da CETA eta erantzun beharra dago. Horretarako, datorren ekainaren 3an Donostian goizeko 13:00etan Gipuzkoa Plazan burutuko dugun elkarretaratzean, Bilbon goizeko 12:30ean Bihotz Sakratutik abiatuz gauzatuko duten kalejiran zein egon daitezkeen beste hainbat mobilizazioetan batu behar dugu Euskal Herrian ditugun eta Kongresuan dauden alderdi politikoei argi eta garbi CETAri ezezkoa bozkatzeko exijituz.


Amagoia Eskudero Larrañaga eta Ana Gorostidi Pagola
(TTIP / CETAren aurkako kanpainako kideak)

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.