Arartekoak gaitzetsi egin du Donostiako Metro pasantearen inguruan herri galdeketa bat egiteko eskaerari Gipuzkoako Diputazioak eman zion ezezkoa

Arartekoak joan den uztailaren 11ean eman duen ebazpenaren bidez gaitzetsi egin du Donostiako Metro pasantearen inguruan herri galdeketa bat egiteko eskaerari Gipuzkoako Diputazioak eman zion ezezkoa. Herri galdeketa egiteko ekimena Satorralaia bizilagunen mugimenduak aurkeztu zuen Diputazioan 8.916 donostiarren sinaduren babesarekin, 2016ko uztailaren 13an, hain zuzen ere Foru Aldundiak azpiegitura polemiko horren finantziazioan iragarritako parte hartzearen inguruan herri kontsulta egitea eskatzeko. Arartekoak 15 orrialdeko ebazpenean azaltzen duenez, herri galdeketa egiteko eskaerari Foru Gobernuaren Kontseiluak ezezkoa emanez urriaren 11ean eta azaroaren 29an hartutako akordioek ez dute justifikaziorik: “Foru Aldundiak auzotarren plataformari eman dion erantzunean herri-kontsultaren ekimenaren ezespena ez da nahikoa arrazoitu”, dio Arartekoak, eta erabaki horren “inkongruentziari eta arrazoiketa faltari” dagokionez bizilagunen mugimenduak nurtarrilaren 17an aurkezturiko kexari arrazoia ematen dio. Satorralaiaren iritziz, Metroaren pasantea bultzatzen duten insituzioek herritarren partaidetza oztopatzeko bidegabekeriazko erabakiak hartu dituztela egiaztatzen du Arartekoaren ebazpenak, desadostasun zabala pizten duen egitasmo honen inguruan herritarrei kontsulta egiteko inongo borondaterik ez daukaten bezalaxe. Egoera honen aurrean, proiektu hori geldiaraztearen alde datozen hilabeteetan herritarrek presioa egiteak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, gure ustez, lorpenak erdiestekotan, lehenik eta behin jendartearen ekimenaren eta herritarren mobilizazioaren emaitza izango delako.

Halaber, Satorralaiak herri-kontsulta bat sustatzeko egun dauden eragozpen handiak nabarmendu nahi ditu. Izan ere, gure esperientzia arlo honetan “ez-partehartzearen vía crucis” edo pelegrinazio baten modukoa izan da. Batetik, Euskal Gobernuak desadostasun sozialaren aurrean ezikusiarena egin du eta auzi honetan prozesu partehartzaile bat abian jartzeko dagoen beharra helarazteko asmoz harekin biltzeko egin genion eskaerari ez zion erantzunik ere eman. Hori ikusita, Udaletxera jo genuen, hain zuzen ere herri-kontsulten udal arautegiaz baliatuz Metroaren pasanteari buruz herri galdeketa bat egiteko aukera aztertzeko; baina Eneko Goia Alkateak 2016ko otsailean ziurtatu zigunez, Udalak ez omen zuen gai honetan eskuhartzeko inongo aukerarik. Orduan, Diputaziora jotzea erabaki genuen azkenean, Herritarren Partaidetzari buruzko 1/2010 Foru Arauan oinarriturik eta Diputazioak azpiegitura horren finantzaketan Eusko Jaurlaritzarekin batera eskuhartzeko asmoa iragarri zuenez -egungo Foru Gobernuaren legegintzaldi osorako dokumentu programatikoetan jasota dago asmo hori—Aldundiak proiektua diruz laguntzeko asmo horren inguruan herri galdeketa bat egitea eskatzeko. Helburu hori aurrean, 2016ko uztailaren 13an kasik 9.000 donostiarren sinadurak entregatu genituen Diputazioan herri galdeketa hori egin zedin eskatzeko, nahiz eta jakiterik ez zegoen, Espainiako legediak erreferendum gisako herri-kontsultak egiteko ezartzen dituen eragozpen estuak direla eta, herri-kontsulta hori egiteko zein modalitate erabili ahal izango zen. Sinadurak entregatu eta berehalaxe, ordea, Diputazioak adierazi zuen 2016 urteko Aldundiaren aurrekontuetan Metroaren pasantea diruz laguntzeko aurrikusita zuen 400.000 euroko partida beste prestazio batzuk finantzatzeko erabiltzen ari zela: horrenbestez, lehen unetik gure eskaerari muzin egin eta milaka sinadurak paper errean bilakatzen saiatu zen Aldundia.

Horrez gain, milaka sinadura horiek Eusko Jaurlaritzari ere zuzendu genizkion, Donostiak behar duen garraio-ereduaren inguruan prozesu partehartzaile bat ireki zezan eskatzeko. Baina Arantxa Tapia sailburuak ezkezkoarekin erantzun zion halaber gure eskaerari joan den martxoarenn 21ean.

Esaten dutenez, horiek omen dira herritarrek gure aldarrikapenak eta eskakizunak bideratzeko erabili behar ditugun bideak, baina zein dira emaitzak? Zerk eragozten du, gaur bertan, Metroaren pasantearen proiektua gelditzea eta Donostiarako garraio-eredu egokienaren inguruan herri-galdeketa batekin amaituko den eztabaida eta erabaki prozesu partehartzaile bat irekitzea? Zein dira instituzioek herritarrei parte hartzeko eskaintzen dizkiguten aukerak, eztabaida publikoa eta gardena izan dadin, eta erabakiak modu askean eta informatuan har daitezen?

Arartekoaren ebazpena (euskara).....

Metroaren pasantea gelditzeko Satorralaia bizilagunen mugimendua

Etiquetas: