Mugaz gaindiko grafiti lehiaketa deitu du Partzuergoak

“Egunsentia edo ilunabarra Txingudi Badian” da Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak antolatu duen mugaz gaindiko grafiti lehiaketa. 16 eta 25 urte arteko gazteei zuzendutako lehiaketa da.

Parte hartzaile bakoitzak bozeto bat aurkeztu ahal izango du, tamaina txikian, Bidasoko Interpretazio Zentroko sarrerako pertsianan egingo den grafiti baten proposamen gisa.

Proposamenak sinadurarik gabe aurkeztu beharko dira, gutunazal itxi batean. Barruan, beste orri bat erantsi beharko da, egilearen izen-abizenekin, jaiotze datarekin eta grafitia egiteko beharko duen materialarekin.

Modu honetan, eskualdeko artista gazteen motibaziorako ekintzak burutzea, Zentroaren sarrera apaintzea eta leku horretan bertan bestelako pintaketak saihestea bilatzen da.
Marrazketa paperean aurkeztuko dira bozetoak, 24 zm luze x 32 zm zabaleko tamainarekin. Bozetoa benetako tamainan egin beharko da, hilabete bateko epean, Bidasoko Interpretazio Zentroko sarrerako pertsianan, 3 m luze x 4m zabaleko gehieneko tamainarekin.

Irailaren lehena baino lehen aurkeztu beharko dira bozetoak, Bidasoko Interpretazio Zentroan (Iparralde hiribidea, 63, Irun) asteartetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara, edo Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren egoitzan (Kostorbe eraikina, 1.go solairua, Iparralde hiribidea, Irun).

Saria eta epaimahaia
200 euroko sari bakarra emango da. Epaimahaia hiru kidek osatuko dute, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoko hiru hirietako bakoitzak aukeratua (Irun, Hondarribia eta Hendaia). Irabazleak grafitiaren inaugurazioaren egunean jasoko du saria.

Saria irabazten duen bozetoa eta benetako tamainako grafitia Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren jabetza izango dira, eta egoki ikusten duen bezala eta ondorio guztietarako erabili ahal izango ditu.

CIB-ren ordutegi berria
Uztailaren 15tik aurrera Bidasoako Interpretazio Zentroko ordutegia luzatu egin da. Orain, asteburuetan irekiko dira ateak 10etatik 13:30tara eta 15etatik 18:30tara, asteartetik ostegunetara 10etatik 14tara, eta ostiraletan 10etatik 14etara eta 15etatik 18:30tara.

Etiquetas: