Bidasoa-Txingudik nodo propioa izango du, KoopFabrikaren 2018ko edizioan

KoopFabrika proiektu profesional eta ekimen sozio-ekonomikoak martxan jartzen laguntzeko programa da. 2017an Ekonomia Sozial Eraldatzaileko 30 proiekturen sorreran eta kontsolidazioan bide-laguntza eskaini ondoren, 2018. urtean Bidasoa-Txingudi eskualdera iritsiko da.

Ekintzailetza molde berriak praktikan jartzeko aukera eskaintzen du KoopFabrikak, aktibitate sozioekonomiko berrien sustapena kooperatibagintza eta garapen komunitarioaren klabeetan oinarrituz. Programak bere baitan biltzen ditu gizarte ekonomiaren ezaugarri nagusiak: gizarte eraldaketarako bokazioa, inter kooperazioa eta lankidetza, izaera kolektiboa, parte-hartzea, ekintzarako inpultsoa, etab.

2018. urteko KoopFabrika Gipuzkoako lau eskualdeetan burutuko da eta Bidasoa Txingudin, Hiritik At kooperatibak hartuko du ardura, Olatukoop ekonomia sozial eta eraldatzailearen sarea ordezkatuz. Tokiko garapen komunitarioa helburu du Hiritik At kooperatibak, beraz, enpresak ekonomia sozial eraldatzailean duen jakinduria eta esperientzia elkarbanatuko du programan.

Proiektuak Euskal Herria lan eremu izan arren, modu deszentralizatuan eskualde ezberdinetan eta tokian tokiko sareetan eragin nahi du ekonomia soziala hedatuz eta sustatuz.

Izen ematea
Hiru profiletako jendeari zuzentzen zaio programa:
  - Proiektu edo ideiaren bat lantzen edo martxan jarri nahian direnak.

  - Orain arte elkarte forman jardunean aritu arren, profesionalizatu edo beste era batera antolatu nahi duten taldeak.

  - Enpresen baitako barne-ekintzailetza proiektuei dimentsio sozialetik ekiteko asmoa dutenak.

Programan parte hartzea doakoa da baina plaza mugatuak daude. Datozen asteetan parte-hartzaileekin elkarrizketa fasea irekiko da. Horregatik dei egin nahi da proiektu bat elkarlanean garatu nahi duten pertsona, talde edo enpresei. Izen ematea koopfabrika.eus webgunean gauzatu daiteke.

Formakuntza integrala
KoopFabrikan formazio teorikoa, proiektu berrien sorkuntza, proiektuen akonpainamendua, ikerketa eta hedapena konbinatzen dira. Hortaz, ekintzailetza soziala eskualdeetan saretzeko logika hiru fase nagusitan burutzen da:
  - 01 Formazio Fabrika, ekintzailetza sozialean ikasketa-ekintza prozesua da, formazioa jaso, erremintekin trebatu eta proiektu-ideia bat taldean lantzeko

  - 02 Tutoretza Fabrika, aurreko fasean sortutako proiektu-ideiak era kolektiboan garatzeko, tutore edo bidelagun baten laguntzaz eta

  - 03 Saretze Fabrika, tutore eta bidelagunen laguntzarekin, ekimen ekonomiko kolektiboak martxan jartzeko beharrezko diren bideragarritasun planak osatu, ekimen “pilotuak” abian jarri eta tokiko eragileekin saretzeko enpresa-proiektu berriak.

Ekintzailetza sozial kooperatiboa
Ekintzailetza eredu neoliberaletan, sistemaren akatsek sorturiko arazoei irtenbideak topatzeko orduan pertsona indibiduala jartzen da erantzule eta arduradun nagusi. KoopFabrikak aldiz, merkatu logiketan bakarrik oinarritzen den ekintzailetza eredua ez du konpartitzen eta bestelako ekonomia baten alde egiten du: lan-kidetzan oinarritua, kolektiboa eta kapitalari izaera instrumentala aitortzen diona, kolektiboaren bizi baldintzak hobetuz eta komunitatearekiko konpromisoa asetuz.

KoopFabrikak bere egiten ditu ekintzailetza sozial kooperatiboaren elementu nagusiak, hau da, bere egiten ditu lan kolektiboa, antolaketa demokratikoa eta auto-eratua, bideragarritasuna, bizitza, tokikotasuna, eraldaketa soziala, dibertsifikazioa, lanaren burujabetza eta hezkuntza.

Bigarren edizioa
KoopFabrika ez da hutsetik abiatzen. Aurrez garatutako bi esperientzia pilotuetan oinarrituz (“Kooperatzen eta “BerrekinBerregin”), gizartean identifikatutako behar bat asetzeko bokazioz sortzen da. Horregatik, 2017. urtean lehenbizikoz burutu zen KoopFabrika eta 30 proiekturen sorreran eta kontsolidazioan bidelaguntza eskaini zen. Horien artean, pasta artisau eta ekologikoa ekoizten duen Zituene Obradorea, Harago Aholkularitzaren JABE ahalduntze programa eta komunikazioaren euskarri grafikoetan berezituriko Alai Ondo agentzia daude.

Lankidetza programa
KoopFabrika lankidetza programa bat da: Olatukoop sareak eta Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegiak antolatua, Beterri-Buruntza Udalak, Oarsoaldea eta Debagoienako Garapen Agentziak, Bagara eta EHU-ko Gezki institutoarekin lankidetzan eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ko-finantzatua. Beraz, egitasmo honen baitan izaera ezberdineko eragileak saretu dira: administrazio publikoa, unibertsitate eragileak eta garapen komunitarioa edo Ekonomia Sozial Eraldatzailean eta interkooperazioan lanean ari diren eragileak.

Kontaktua:
Iker Eizagirre Zufiaurre, Hiritik At Kooperatibako bazkidea.
  - 943 611 286

  - i.eizagirre@hiritik-at.eus

Etiquetas: