Erakusketa: Chokry, begirada bat Greziako errefuxiatuen kanpaleku batetik

Non: 
Kabigorri
Data: 
Osteguna, Martxoa 1, 2018 - 19:00 -tik Larunbata, Apirila 7, 2018 - 23:30 -ra
Antolatzen du : 
Kabigorri

cartel

Izaera sinboliko baten itzalpean, marrazki hauek, oro har, errefuxiatuen eta gerraren gaiarekin dute lotura. Chokryren artelanak dira, Tunisiako 42 urteko gizon batenak eta duela hainbat urte Italian sukaldari ibili zen gazte batenak, hain zuzen ere.

2016an, arrazoi pertsonalak eta familiarrak zirela-eta, Europara itzultzea erabaki zuen, etorkizun oparoago bat eraikitzeko xedearekin. Haatik, bere bidea egiten hasi zenean, ezusteko garratza izan zuen: muga guztiak itxita zeuden. Hori horrela, Europara iristeko bidea hamaika zailtasunez bete zitzaion, eta harrapaturik geratu zen hainbat errefuxiatuen kanpalekutan.

Greziako Kios uhartera iritsi zen, Europako Batasunak eta Turkiak euren akordioa (2016ko martxoaren 20ko ituna) sinatu baino lau egun lehenago. Hitzarmen horren arabera, errefuxiatuek eta migratzaileek ezin dute Europan sartu, eta gerratik eta miseriatik ihes egiten duten pertsonak Turkiara deportatzen dituzte, hots, herri "seguru" batera, alegia. Europak dirutzarra ordaindu zion Turkiari, errefuxiatuen gaia bere gain har zezan.

Chokryren nahia zen Europaren eta Turkiaren arteko hitzarmenaren aurretik iristea, inolako arazorik ez izateko. Alabaina, Kiosko poliziak arrazoirik gabe atxilotu zuen pertsona gehiagorekin batera, eta, bitarte horretan, ituna indarrean sartu zen eta muga guztiak itxi zituzten. Horrenbestez, Grezian geratu zen gatibu, asilo eskaera amaigabeak egitera kondenatua (eskaera horiek, soilik, oso kasu zehatzetan bideratzen dira, eta, bakarrik, Siriako jatorria dutenen artean).

biografia Custom

Horiek horrela, sei hilabete luzez egon zen bizitzen hainbat kanpalekutan, bizi-baldintza kaskarretan, alegia. Azkenean, Atenas hirira iristea lortu zuen, eta hainbat squatsetan (abandonaturik dauden eraikin okupatuak dira, errefuxiatuen babesleku) egon ostean, City Plaza Hotelean bizi da egun.

Chokryk ez du lortu Atenasen lan egitea, ez du inolako laguntzarik jasotzen. Horregatik, bere marrazkiekin egindako erakusketa honetan lortutako diru ekarpenak berarentzako izanen dira, bere bidean aurrera egiteko eta bizi berri bat eraikitzen laguntzeko. Lan egiteko aukerarik izan ez duen arren, beti egon da prest bere inguruko lagunei laguntzeko, eta, horregatik, hainbat erakunderekin eta squatsekin parte hartu du. Era berean, ingelesa eta gaztelania ikasten ari da, baita marrazkia ere. Horregatik, erakusketa honek abiapuntua izan du jasotzen ari den arte-plastikoen klase horietan.

Hennarekin eta maindire-oihalen gainean sortu dituen marrazkiek urtebete luze honetan bizitakoa islatzen dute, baita bere antzera milaka lagunek bizi dutena ere. Hamaika izaera dituzte lanek. Horietatik batzuk ilunak dira, adibidez, gauaren iluntasunean itsasoa zeharkatzen ari den txalupatxoaren irudia. Beste batzuk, berriz, aldarrikapenez eta itxaropenez jositako lanak dira, esaterako, libre hegan egiten duen usoarena, kartzelatik ihes egiten duen arranoarena, odol malkoak dituen apurtutako bihotza zeinetan itxaropenaren lorea jaiotzen den eta bizimodu berri bati bidea egiten diona edo loreak elkarri ematen dizkioten lagunen eskuena. Beste irudi batek, berriz, feminismoaren gaia lantzen du. Marrazki horrek emakume bat irudikatzen du lehertzera doan bonba baten gainean, orekari eutsiz, "freedom" (askatasuna) oihukatzen ari dela. Irudiak emakume batek bere bizitzan pairatzen dituen zailtasunen berri eman nahi du, baita askatasunaren alde egin behar duen borroka ere.

Gaiak anitzak dira. Marrazkiek bere istorioaren gordintasuna erakusten dute, baita milaka lagunena ere. Pertsona horiek guztiek laguntza behar dute, ez gerraren sarraskiengatik edo zenbait herrialdetan bizi dituzten arazoengatik, politika insolidarioen eta bidegabeen erruz geratu diren baldintza latzengatik baizik.

Erakusketa honek errealitate hori gerturatu nahi du, baita margoen egile Chokryrena ere. Horregatik, proiektu honek gure laguntza eskaintzea du xede, eta bere marrazkien eta lanaren bitartez aurrera jarraitzeko bultzada eman, Europako hainbat artisten antzera; izan ere, zailtasunak izan arren, europarren aukera daukate beren margoekin erakusketak antolatzeko eta euren oibraz bizitzeko.

 

 

Etiquetak: