Iratxeren lagunek euro-aginduak eta tortura salatzeko ekainaren 2an manifestazioa antolatzen dute

Iratxe Sorzabalen aurkako euro-aginduak salatzeko, Iratxeren lagunok adierazten dugu:

Heldu den maiatzaren 30ean eztabaidatuko da Parisko Helegite Auzitegian Espainiako Audientzia Nazionalak Iratxe Sorzabalen aurka galdegindako 3 euro-aginduei buruz.  Epai definitiboa ondoko asteetan emanen dute.

Oroitarazi nahi dugu, euro-aginduen oinarrian dauden Iratxeren aurkako akusazioak, 2001ean atxilotu zutenekoak direla, hots, atxiloketa garaian, 5 egunetako inkomunikazioan jasandako tratu txarren ondorioz komisarian onartu zituen akusazioak. Areago, atxilo-aldia bukatzean, Audientzia Nazionalean, Ismael Moreno epailearen aurrean sufritu zituen torturak salatzeaz batera, gaur egun Euro-aginduaren oinarrian dauden akusazio horiek osoki ezeztatu zituela Iratxek. Ohargarria da, halaber, euro-aginduaren eskaria, epaile berak,  Ismael Morenok egina dela.

Erran gabe doa, Iratxeren egoerak biziki kezkatzen gaituela: alde batetik, ez baitago inolako bermerik Iratxek ez dituela, berriz ere, 2001eko martxoan jasandako torturak sufrituko. Izan ere, ezaguna da, Estatu Espainiarrak tortura praktikatu duela: hor dira, besteak beste, Amnesty International, edo CPT Europako Torturaren Prebentziorako Komiteak, edota OMCT mundu mailako Torturaren Aurkako Erakundeak egindako txostenak, Espainiar gobernuari ohartarazten diotenak funtsezko erreforma egin behar duela tratu txarren praktikari eta praktika hau babestu duen inpunitateari amaiera emateko. Hor da, Europako Giza Eskubideen Gorteak hainbat aldiz Espainiako Estatua zigortu izana, atxilotuei emandako tratu txarrak behar bezala ez ikertzeagatik …  

Zer aldatu da Espainian, tratu txarrok berriro gertatuko ez direla segurtatzeko?

Izan ere, Iratxe Sorzabalen kasuan, Espainiar Estatuaren ankerkeria agerikoa da. Denboran atzera eginez, 1997an Frantzian atxilotu eta epaitu zutelarik prentsa jakin batek Iratxe Sorzabalen inguruko akusazio oso larriak zabaldu zituen neholako frogarik gabe. Alta,  ez zuten inolako estradizio eskaerarik egin. Zergatik? Frantziak Espainiarat kanporatu zuelarik, tratu txarrak jasateko beldurrez, gose greba luzea egin zuen Iratxek 39 kilotan utzi zuena. Delitu larri horien zantzua bazen, zergatik ez zuen epaileak berehala presondegiratu beranduago deklarazioa hartu eta epai-bidea abian ezarri ? Aske utzi zuten. Gainera, horren harira prentsa espainiarrak, Espainiako Segurtasun Indarren iturriak aipatuz, ahoan bilorik gabe baieztatu zuen, Iratxe ez zutela interrogatu bere egoera ahulak galdeketa ahalbidetzen ez zuelako: Bada, nolako galdeketa zuten helburu ? Eta zergatik zuten urte eta erdi beranduago atxilotu? Iratxe indarberritua zelako eta beraz interrogatorioa “behar bezalako” baldintzetan egiteko aukera zutelako?

Bestalde, kezkatzen gaitu, Frantziar Justiziak, torturapean onartutako akusazioak oinarri dituzten euro-aginduak onartzea. Izan ere, 2001eko atxilo-aldi hartako torturak hainbat erakundek ikertu eta egiazkotzat jo zituzten: lehen-lehenik, atxilotu eta biharamunean, Audientzia Nazionaleko mediku forentsearen aginduz, Madrileko San Carlos Ospitalerat eraman eta bertako medikuek egindako azterketek baieztatu zituzten tratu txarrak. Ordukoak dira ezagunak diren argazkiak, gerora besteak beste elektrodoek eragindako lesioak zirela baieztatu zutenak. Alabaina, Iratxek beste 4 egun pasatu zituen komisaldegian inkomunikaturik. Kartzelaratu zutelarik, CPT Europako Torturaren Prebentziorako Komiteak, bisita egin zion Iratxeri eta tortura zantzuak zeudela ikusita ikerketarako protokoloa jarri zuen abian eta baita Amnesty International erakundeak ere.

Hauez gainera, ohargarria da, joan den Irailean Parisko Instrukzio Epaileak, defentsaren eskariz, onartu zuela Iratxeren Torturaren egiazkotasuna aztertzea, horretarako NBEk homologatutako Istanbulgo Protokoloa aplikatuz. Ikerketa honek, baieztatu du, berriz ere, Iratxe Sorzabal torturatua izan zela.

Ororen buru, ez dezagun ahantz 2002ko irailean Iratxe Sorzabal libre utzi zutela, bere aurkako nahikoa froga ez zutelako! Zergatik? Eta zergatik daude beraz, gaur egun froga aski Iratxeren aurka?

Honegatik guztiagatik, euro-agindua onartuz gero Iratxe Espainiaratua bada, tratu ona eta epaiketa justua izango duen bermerik ez dagoelako, Frantses Justiziari eskatzen diogu ez ditzala euro-aginduak onartu. Batetik, arrisku egoeran jarriko lukeen Iratxe Sorzabalen osasunaren ardura duelako. Bestalde,  frogatutzat eman diren tratu txarren ondorioz lortutako akusazioetan oinarritzen diren euro-aginduak onartzen baditu, Frantziar justizia tortura horien babesle bilakatzen delako. Orain du aukera Frantses Justiziak torturari parez pare begiratzeko eta ausardiaz erabaki justua hartzeko.

Erabakia maiatzaren 30ean deliberatuko da eta epaia 3 aste beranduago jakinen da. Horren karietara, heldu den ekainaren 2an, larunbatez, arratsaldeko 19.30tan, manifestaldi ixila konbokatuko dugu Iratxeren lagunok, San Juan plazatik abiatuz.

Herritar guztiei dei egiten diegu bertan parte har dezaten, nahikoa arrazoin badagoelako hortarako.

EURO-AGINDURIK EZ !  TORTURARIK EZ !

Etiquetas: