Bai Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendiak eta Habitatak Kudeatzeko Zerbitzuak 2018ko apirilean egin zuen txostenak bai URA Ur Agentziak egindako ikuskaritzak berretsi dute Jaitzubiaren ondoko lurretan (Txingudi, Natura 2000 Sarea) Jaizkibel Urbanizazioak egin duen zuhaitz-mozketa legez kontrakoa dela, eta gainera, babes-maila juridikoren bat duten espezie-ale batzuei eragin diela. Era berean, beren ezaugarriak direla-eta Hondarribiko Plan Orokorraren bidez babes zorrotza duten lizar-aleak moztu dira, eta Ruscus aculeatus aleak kaltetu dira. Azken espezie hau Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan dago Interes bereziko espezie gisa.
Ez dakigu gaia nola kudeatzen ari den, baina interesgarria iruditzen zaigu azpimarratzea bi erakunde horiek zehapen-espediente bat hasteko asmoa iragarri zutela. Ez genuen gutxiago espero.
Alabaina, hau ez da hemen bukatzen, ondoren, ekainean, berriro ekin zioten zuhaitzak mozteari. Udal teknikariak uztailaren 15ean egin zuen txostenaren arabera, mozketa hau ere legez kanpokoa izan da ez zuelako nahitaezko udal lizentziarik. Ez dugu ikusi, aurrekoan bezala, mozketak espezie babestuengan izan duen eragina zehazten duen txostena, baina mozketa berri honen legaltasun eza agerikoa da udal teknikariaren txostenaren arabera. Ez dakigu, halaber, administrazio desberdinek idatzitako txostenek kontuan hartu ote duten bi baso-mozketek sasoi honetan habiak egiten/ugaltzen ari den basa-faunan izan dituzten balizko eraginak.
Ingurumen-delitu honen errepikapenaren aurrean eta alkatearen erantzun epela ikusita, Bidasoaldeko Lagunak-en geure buruari galdetzen diogu: zenbat legez kanpoko jarduera egin behar dira Hondarribiko Udalak, Aldundiaren eta URA Agentziaren asmoari jarraituz, beharrezkoa den zehapen-espedientea has dezan? Ez al da nahikoa behin eta berriro eta denbora-tarte motz batean Plan Orokorrak ezartzen duenaren kontra eta Euskal Herriko Natura Babesteko Legeak xedatzen duenaren aurka jardutea?
Oraindik garaiz gaude toki administrazioaren zoritxarreko jarduera hau konpontzeko, baldin eta Udalak mezu argia eta garbia bidaltzen badie herritar guztiei esanez Ingurumenarekin duen konpromisoa propaganda hutsa ez dela. Zorrotza izango dela ingurumen eta hirigintza legedia aplikatzeko garaian, eta ondorioz, egokia den zehapen-espedientea martxan jartzea aginduko duela.
Bidasoaldeko Lagunak
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1128 irakurketak
- Castellano