Garapen jasangarri saileko delegatuak prentsaurrea batean jakinarazi zigun Energia Jasangarriaren Garapen Planaren barne hartutako konpromisoei aurre egiteko, Irungo Udalak, iturri berriztagarriek sorturiko energiaren potentzialitatea ezagutzeko azterketa bat egingo duela.
Berri hau, izatez, onuragarria da Irunerako, baina delegatu jaunak emandako prentsaurrekoa ez zen osoa izan. Komunikabideei emandako argibideetan delegatu jaunak zenbait aspektu “ahaztu” zituen. Hau dela eta, Irungo EH Bilduk delegatu jaunaren “memoria petral” hori hobetzeko asmoz esku bat luzatuko dio.
Beste behin ere, gobernu talde honek dituen modu desleialen erabilpena salatu nahi dugu. Berriz ere, Irungo PSE oposiziotik egindako lana xurgatzen aritu da, merezi ez duen meritua bereganatu nahian.
Bi dira merezimendu hori ez izateko arrazoiak: alde batetik, udal gobernu honek ez du sekula sinestu energia berriztagarrien aldeko politiketan. Urteroko aurrekontuetan berresten dugu “Energia Berdearen” agentzia baten sorrera proposatzen dugunean entzungor egiten duela. Energia agentzia honek, esaterako, irundarron bizi kalitatean, indar elektrikoaren fakturan eta pobrezia energetikoan izugarrizko eragina izango zuen.
Bigarren arrazoia oso puntuala da. PSEk aurkeztu duen energia berriztagarrien azterketa hori, EH Bilduk asmatu eta landutako proposamena da hausnarketa prozesu luze baten ondorioz. Are gehiago, proposamena hau bera, EH Bilduk garapen jasangarriko delegatu jaunarekin negoziatu zuen udal aurrekontuetan sartzeko.
Bestalde, , gure proposamenak asmo handiagoak dituela jakinarazi nahi dugu. Batetik, ikerketa hau, ezin da Irunera soilik mugatu. Instituzioetatik Txingudi hiria indartuko bada, gure eskualdea hartu behar da abiapuntutzat . Eta energi alternatiboen potentzialitatea aztertuko badugu, aukerak zabaldu behar ditugula argi dugu.
Gure taldea sortze ahalmena duten pertsonez osatuta dago, gure baliabideen ezagutzan, hiritarren ongizatean eta ekonomi osasuntsuan oinarritzen den beste hiri eredu batean sinesten dugulako.
Gure lana udal gobernuarekin partekatzeko prest gaude, baina beste talde politikoen lana aitortu nahi ez izana, eta bide batez, hauen lana lapurtzea ez dugu onartzen.
Hasieran aipatu bezala, hau ez da udal gobernu taldearekin gertatzen zaigun lehen aldia, PSEren eguneroko jokaera baita. Beraz, honen aurrean, nahiko argia da EH Bildun ateratzen dugun ondorioa: PSEk politika egiteko dituen moduekin, gaur egun ezinezkoa zaigu inongo elkarlanik abiatzea.
Ezinezkoa da PSEk hiri eredu argirik ez duelako, ezinezkoa da PSEk elkar lanerako gaitasunik ez duelako, eta ezinezkoa da udal gobernu honen burua, alkatea alegia, gainbeheran dagoelako, ez baitu erronka berriei heltzeko beharrezkoak diren ausardia eta aurre hartzeko gaitasunik.
IRUNGO EH BILDU
Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1089 irakurketak