Abuztuaren 2an Pasaiako Portuko Lezoko moilan gertatutako sute ikaragarria dela eta, Badian Bizi herri plataformak salaketa formala aurkeztu du gaur Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzan. Aurkezpena aprobetxatuz, agerraldi txiki bat egin du Donostiako Epaitegiaren aurrean. Agerraldiak jakin-min handia piztu du komunikabideen artean.
Hona hemen salaketaren testua…
Gipuzkoako Probintziako Ingurumen-fiskaltzaren aurrean
JAKINARAZI NAHI DUGU:
2018ko abuztuaren 2an, Pasaiako portuan, zehazkiago, Lezo-1 moilan sute handia gertatu zela ontzi baten deskarga lanak gauzatzen ari zirenean; fardel moduan prentsaturiko 2.000 tona automobil zen ontziaren zama.
Sutearen ondorioz, airera isuritako PM10 partikulen kopuruak egunaren hainbat unetan hirukoiztu egin zuen eguneko gehienezko batazbesteko-muga; hau da, 50 μg/m³.
Honekin batera doa Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak airearen kalitatea neurtzeko Lezoko gailuaren datuekin osatutako grafikoa; bertan ikus daiteke sutearen eguneko airean zeuden PM10 partikulen bilakaera.
Gaurdaino, gai honetan eskumena duten administrazioek ez diete herritarrei eman sutearen ondorioz zein motatako partikula kutsakor aireratu ziren inguruko berririk. Baina, hala eta guztiz ere, goiz horretan bertan leihoak ixteko eta kalera ez irteteko gomendioa eman zieten Lezoko, Errenteriako, Pasaiako zein Donostiako gertuko auzoetako bizilagunei, eta bereziki zaurgarrien diren kolektiboetako pertsonei (arnasketa gaixotasunak dituztenei, zaharrei eta haur txikiei).
Era berean, aipatu isurketek ingurumenean eduki dezaketen eragina ezezagun zaigu, eta ez dakigu inguruko soroetan eta baratzetan hazten diren produktuak jateko seguruak diren edo ez.
Komunikabideen bitartez jakiterik eduki dugunaren arabera eta guk geuk ikusterik eduki dugunaren arabera, sutea itzaltzeko hainbat bide erabili ziren sua itzaltzeko eta ordutan ura bota zitzaion. Ur hori guztia, ziur aski milaka metro kubiko, Pasaiako badiara zuzenean isuri zen, non jendeak kirol-arrantzan egin eta bainuak hartzen baitituen. Hala eta guztiz ere, gaur gaurkoz ez dakigu badiako ura bi aktibitate horietarako segurua den; izan ere, eskumena duten administrazioek ez baitute neurketarik egin eta, egin baldin badute, ez baitituzte emaitzak publiko egin, nahiz eta bi jarduera horiek gauzatzen dutenak arrisku handian egon daitezkeen.
Bestalde, ez ditugu ezagutzen erre dituzten merkantzien ezaugarriak eta osagarriak, ezta kudeaketa, metatze zein biltegiratze araudia bete dituzten ere. Izan ere, Europako Batasuneko zuzentarauek zein Estatuko ordenamendurako transposizioak berariazko trataera ezartzen baitituzten erabileratik kanpoko ibilgailuentzat (2000/53/CE Zuzentarua, 1383/2002 ED, 20/2017 ED): jasotze, suntsitze eta batzuetan arriskutsutzat hartuak diren hainbat osagairen berrerabiltze ziurtagiriei dagokienez, eta baita behin betiko zein behin-behineko metatze-biltegiratze araudia ere.
Garrantzitsua da jakitea su hartu zuena benetan txatarra zen edo bestelako hondakinen garraioa zen; eta garrantzitsua da ezagutzea ere merkantzia horren kudeaketa mota eta Gipuzkoa izan daitekeen behin betiko norakoa. Begi bistakoa da aurreko guztia osasunarentzat zein ingurumenarentzat arriskutsua izatera irits daitekeela, area gehiago, ez dakigularik Pasaiako Portuan horrelakoak maiz gertatzen diren.
Gure ustez, erretako gaiak zeintzuk eta zein motatakoak diren jakiteko garrantzitsutzat jotzen dugu analizatzea erreketaren hondakinak nahiz ontzitik moilara jaitsi ez den zamaren zati bat, espero izatekoa baita ezaugarri berdinak edukiko dituztela. Aipatu merkantziak Pasaiako portuan egoten jarraitzen du eta uste dugu presazkoa dela gai hauek analizatzea eta, behar izanez gero, blokeatzea berau garraiatzea.
Aurreko guztia kontuan harturik,
ESKATZEN DUGU:
Gipuzkoako Probintziako Ingurumen-fiskaltzak ofizioz ikerketa bat hastea Pasaiako portuan 2018ko abuztuaren 2an gertaturiko sutearen inguruan; ikerketak argi dezan osasunaren zein ingurumenaren (airea, ura, lurra, hondakinak…) kontrako deliturik gertatu den, eta horren ondoriozko zein neurri zuzentzaileak eta isun ezar daitezkeen.
Lezon, 2018ko abuztuaren 21ean
http://eguzki.org/2018/08/21/pasaiako-portuko-sutea-dela-eta-salaketa-ip...
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 851 irakurketak
- Castellano