Agerraldi honen bidez, KALERA KALERA dinamikak irailaren 9an 'Bada garaia. Presoak kalera' goiburupean egingo duen manifestazioa iragarri nahi du. Ohi bezala, Kontxako Bandera jokatu ondoren, presoen aldeko manifestazioa egingo dugu.
Agerraldi honen bidez, gainera, presoen alde mobilizatzeko dei berezia egin nahi dugu. Orain ezin gara etxean gelditu. Kalera irten behar dugu kalera atera ditzaten, eta behingoz horrenbeste sufrimendu amai dadin.
Presoen egoeraren irtenbide posibleei buruz adierazpen asko entzuten ari gara azken asteetan, gehiegi beharbada. Itxaropen faltsuak hauspo ditzaketen hitz hutsez harago, ekintzarik ez dugu antzematen. Erregimen posfrankistak etsipena zabaldu nahi du gure artean. Eta ez da bakarrik gure sentimenduekin jokatzen ari, presoen eta senideen bizitzekin ere jokatzen ari da. Onartezina da. Egoera honek lehenbailehen amaitu beharra du.
Euskal herritarren gehiengo zabal-zabal batek presoen auziarentzat irtenbide duin eta arrazoizko bat nahi du. Gehiengo sozial, politiko, sindikal eta instituzional bat abian da Euskal Herrian espetxe-politikan aldaketa kualitatibo bat eskatuz eta euskal preso politikoek jasaten duten salbuespeneko erregimen penitentziarioaren amaiera eskatuz.
Erregimen espainiarra eroso dago, beti eskuin-muturreko alderdi eta sektore ultren menpe, mendekuan eta gorrotoan oinarritutako espetxe politika salbuespenekoa aplikatuz. Gure herriaren borondateari ez dio erreparatuko presio nahikorik sentitzen ez duen bitartean.
Euskal preso politikoen korapiloa konpontzeko azken presoa kaleratzea aurreikusiko duen etorkizuna behar dugu. Kalean aldarrikatu behar dugu. Izan ere, Gobernuak eta Estatuko estamentuek ez dute pausorik emango guk ezer egiten ez dugun bitartean. Orain kalera irten behar dugu, presorik, iheslarik eta deportaturik gabeko Euskal Herria lehenbailehen behar dugulako. Gatazkaren ondorioak konpondu ezean, ezin izango dugu bake eta bizikidetzan aurrera egin. Ezin dugu ahaztu premiaz honako gai hauek konponbidea eskatzen dutela: gerturatzeak, gaixorik diren presoek, zigor-metaketek eta gradu progresioak.
Orain, gure ontzian palada gogorrak ematea dagokigu, aurkariak lehenbailehen ziaboga eman dezan. Ez gara etsipenean eroriko. Herri honek indar berezia du ezina ekinez egiteko. Ipar Euskal Herrian, kontsentuak eta mobilizazioak Estatu frantsesa mugiarazi du, lehen urratsak ematen hasia baita. Orain Estatu espainiarra mugiarazi behar dugu.
Horregatik, irailaren 9an 'Bada garaia. Presoak kalera' goiburupean egingo den manifestaziora etortzeko deia egin nahi dizue KALERA KALERA dinamikak presoen askatasunaren alde zaudeten herritar guztioi. 13:30ean Bulebarretik abiatuko gara.
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 936 irakurketak
- Castellano