Irungo EH Bildu: "kreditu aldaketa hau gauzatuko balitz, Udalean inoiz praktikan jarri ez diren ekimenak burutuko lirateke"

Oharraren zergatia, kreditu aldaketaren aferan eman diren aurrerapausuen berri ematea da.

Horretarako, garrantzitsua da testuingurua gogoratzea:
    Udal gobernuak 3 milioi kajoi baten barruan bahituta izan ditu apiriletik. Duela aste pare bat jaso genuen azkenean udal gobernuaren proposamena. Gure taldeak kritikatu zituen formak eta edukina.

    Ondoren, beti egin dugun bezala, negoziaziorako ateak irekita zituzten alderdiekin adostasunak bilatu nahi izan genituen, eta duela 10 bat egun, proposamen bat aurkeztu genuen SPI eta EAJrekin batera.

Proposamen hau anitza zen. Negoziazio luze baten ondorioz egindakoa, errealista, eta adostasun handiagoetara iristea zuena helburu. Horrexegatik, PSEren ekimen dezente jasotzen zituen.

Kreditu aldaketako proposamen honetaz, beraz, harro gaude, batetik ezberdinen adostasunetik datorrelako, eta bestetik EHBilduren idearioan jasota ditugun ekimen garrantzitsu batzuk jasotzen dituelako.

Bereziki harro gaude, kreditu aldaketa hau gauzatuko balitz, Irungo Udalean inoiz praktikan jarri ez diren ekimenak burutuko liratekeelako. Horien artean hauexek nabarmendu nahi ditugu:
  Herritarren ongizateari zuzenean eragiten dietenak:
    - Negu honetan berogailu eta argiaren fakturak ordaindu ezin dutenentzako 100.000 €ko diru laguntzak. Programa hau dagoeneko udalerri batzuetan martxan dago, Hernanin esaterako, eta harrera bikaina izaten ari da.

    - Memoria historikoaren lana erdipurdi ez uzteko kontratu bat abiatzea. Lan hau bertan behera utzi da, lan handia egin ostean. Gaur egungo egoera tamalgarria da, lana bukatu gabe utzi da, eta udal gobernuak ez daki noiz berrar litekeen. Gure proposamenarekin lan hau jarraitu eta bukatu ahal izango litzateke.

    - Adinekoen zentroetan, zein gero eta dependienteagoak diren adinekoek okupatzen dituzten Leka Eneako pisuetan izugarrizko lana egiten zuen langileari duela hiru aste bukatutzat eman zion kontratua udal gobernuak. Oso kezkatuta gaude egoerarekin. Beraz, adineko pertsona hauen zainketa eta arretarako pertsona bat kontratatzea eskatzen dugu.

    - Erromesen aterpea kokatuta zegoen eraikina udalaren jabetzakoa da. Eraikin hau erabilera sozialetarako proiektu bat eratzea eskatzen dugu 100.000€ko diru laguntza partida batekin.

Hauetaz gain, gure taldeak historikoki udal aurrekontuetan, arrakasta handirik gabe, eskatu dituenak ere agertzen dira kreditu aldaketa honetan:

  Merkatarien egoera hobetzeko 25.000€ko diru laguntza eskatzen dugu.

  Energiaren zerbitzua abian jartzeko 100.000€ eskatzen ditugu aurten, eta beste 100.000€ datorren urterako.

  Berdintasun inguruko ekintzak aurrera eramateko, gazteentzako erreferentziazko gune bat egiteko (proiektua) eta Euskaraldiari bideratutako partida handitzeko proposamenak ere jasotzen ditu.

Etiquetas: