Atzo Bidasoako IAk azken aldiz erabili ahal izan zuen urteetan zehar antolatzeko balio izan digun Hazia kultur elkartea, Irungo Herriko Taberna. Argi dago gertaera hau ez dela era isolatuan ulertzen, maila nazionalean Ezker Abertzaleak gauzatutako hausturaren emaitzetako bat da. Bidasoako ikasle mugimenduko militanteak, honen inguruko hainbat azalpen publikoki partekatzearen beharra ikusi dugu, gaiaren inguruan dagoen ezjakintasuna dela eta.
Azken hilabeteetan, ikasle mugimenduko militanteak trabak eduki ditugu gure jarduna aurrera eramateari begira; izan ere, gatazka ideologikoa gainditzen duten eraso pertsonalak jasan behar izan ditugu. Aipatzen duten "errespetuzko tratu" delakoa urria dela kontsideratzen dugu. Dena den, ez dugu, inondik inora, eragileen arteko leiha absurdoan erortzeko intentziorik, ikasle antolakundearen defentsa egitearena baizik. Atzoko egunean Ezker Abertzaleak gurekin egindako bileran, IAren siglen azpian iraganeko helburuak alde batera uzteaz gain, haien aurka jarduteaz akusatu gintuzten.
Guk azpimarratu nahi dugu, alde batetik, beti izan dugun ildoa mantentzen dugula gaur egun ere, eta, bestetik, ez dugula inoiz egin Ezker Abertzalearen aurkako erasorik, ekintzarik edo adierazpenik; eta urte hauetan zehar komunitate politiko honen parte izan gara. Are gehiago, Bidasoa mailan Herri Mugimenduaren parte diren eragile aktiboenetakoa izan gara, beti elkarlanerako prest.
Gauzak horrela izanda, hauxe da gaur egiten dugun hausnarketa: gure praktika eta diskurso iraultzailea areriotzat hartzen dute, gure herrietan bizitu dugunarekin ezin hobe islatzen da; kontziente al da Bidasoako Ezker Abertzalearen oinarria honetaz guztiaz? Ala, kontrakoen, IAren aurkako gezurrak besterik ez dituzte entzun zenbait interesaturen partetik?
Amaitzeko, argi utzi nahi dugu gu ez garela inolaz ere kikilduko, gure helburuak diren Independentzia, Sozialismoa eta Feminismoaren alde borrokatzen jarraituko dugu hezkuntzaren eremuan, garenez harro eta duintasuna mantenduz. Eskerrak eman nahi dizkiegu gurekin batera aritu diren guztiei eta, oraindik ere, arituko direnei. Batasun erreal bat sortzeko helburuarekin elkarlanerako gogotsu egongo gara beti. Besterik gabe, borrokatzeko grina duen ikasle orori borrokara batzeko deia egiten diogu, siglen kontua alde batera utzita, etsaia beti sisteman egongo baita.
GORA EUSKAL ESKOLA NAZIONALA!
GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA!
GORA LANGILEON BORROKA!
Bidasoako IA, 2018ko urriaren 12an