Azkeen urteetan Irunen sortu diren mugimendu ezberdinetako hainbat partaidek Irungo Herri Galdeketarekin bat egin dute
Gaur osteguna Hartu Hitza Irun elkarteko kideek Irungo Herri Galdeketaren aurreko azken agerraldia egin dute. Bertan hainbat pentsionista, feminista eta migranteeen harrera sareko kideak igandeko Herri Galdeketan parte hartzeari dei egin diote.
Hau da gonbidatuek babestu duten testua:
“Gaur hemen bildu garen pertsonak, Irunen pil-pilean dauden herri mugimendu ezberdinetako kideak gara. Irun herri bizia da eta azken aldian hainbat problematikaren inguruan mugimendu eta iniziatiba indartsuak antolatzen ari dira. Batzuk, astero-astero mobilizatzen ari garen pentsiodunak gara. Beste batzuk, inoizko mobilizazio feminista handienen protagonistak. Hemen gaude ere, Irundik pasatzen diren milaka migranteen harrerarako antolatu diren sareetan bolondres gisa ari garen irundarrak. Irunen euskararen erabilera bultzatzeko antolatzen ari den Euskaraldia dinamika jendetsuaren baitan lanean ari garenak ere bildu gara gaur hemen.
Gu guztiok, pertsonal mailan, Hartu Hitza elkarteak egin digun proposamenari erantzunez elkartu gara. Elkarte honek datorren iganderako antolatu duen herri galdeketaren harira honakoa adierazi nahi dugu:
1- Oso positiboa iruditzen zaigu erabakitzeko eskubidearen printzipioa herritarren artean zabaltzea. Euskal herritarrok gure herriaren etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea dugu, noski. Eta horrekin batera, gure pentsioak nolakoak izan behar duten erabakitzekoa ere. Guk eta ez beste inork, erabaki beharko genituzke zein politika eta zein lege diren beharrezkoak emakume eta gizonen arteko parekidetasuna bermatzeko, edo indarkeria matxistaren aurrean neurriak hartzeko. Gauza bera egin nahi dugu errefuxiatu eta migranteen inguruko politikekin, eta euskararen etorkizunaren inguruan. Erabakitzeko eskubidea ez da printzipio abstraktua, arloz arlo herritarrok ditugun arazoei aurre egiteko tresna baizik. Gizarte kohesionatu, ahaldundu eta justuagoa eraikitzeko lanabesa da erabakitzeko eskubidea.
2- Herri Galdeketak herritarron nahiei erantzuteko tresna aproposak direla iruditzen zaigu. Herritarrok gure bizitzako atal guztietan protagonistak izan behar dugu eta edozein gairen inguruan gure iritziak emateko eta erabakiak hartzeko eskubidea dugula pentsatzen dugu. Ahaldundutako jendarte batean, herri bizi eta arduratsu batean sinesten dugu. Horregatik Hartu Hitza elkarteak antolatu duen Herri Galdeketa oso positibotzak jotzen dugu. Nahiz eta ariketa sinbolikoa izan, gizartea astintzeko eta etorkizunerako adibide gisa baliagarria ikusten dugu.
3- Guzti horregatik, guk igandean Herri Galdeketan parte hartuko dugu. Bai etorkizuneko estatus politikoaren inguruan gure iritzia eman nahi dugulako, baita lehen aipatutako problematika ezberdin horietan erabaki nahi dugulako ere. Irungo pentsiodun, feminista, migranteekin solidario edo euskaltzale guztiei galdeketan parte hartzeko deialdia egiten diegu. Irundar guztiei igandean bozkatzeko deialdia luzatu nahi diegu.
Irun solidario, bizi eta justuago baten alde Hartu Hitza!”
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 698 irakurketak
- Castellano