AP-8: Irungo Hego Saihesbidea

Aurreko maiatzean, Irungo Udal Osoko Bilkurak Irungo auzo elkarteetako federazioak AP-8ko ordainsariaren inguruko aurkeztutako mozioa aho batez onartu  zuen. Honek Irungo Bentak auzoko postean edo ordainsarian Gipuzkoako beste eskualdeetan aplikatzen ari diren hobariak ezartzea eskatzen zuen.

Handik hilabete batera, mozio honi jarraipena emateko, Batzar Nagusietako mugikortasun eta azpiegituretako batzordera eraman zen gaia, eta hara non EAJ, PSE eta PPen botoek atzera bota zuten!

Aurreko azaroan Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, Hegoaldeko saihesbideko lanek dirauten bitartean, AP-8ko Irungo bide-zatian hobariak aplikatzeko azterketa bat egingo zela iragarri zuen.,

Era berean, azaroaren 29an, proposamen hori Batzar Nagusietako mugikortasun eta azpiegituretako batzordera eraman zen. EH BILDU batzar taldeak zuzenketa bat gehitu zuen aipaturiko bide-zatiari buruzko doakotasun azterketa bat eskatuz.

EAJk eta PSEk doakotasun azterketa proposamen hau atzera bota zuten, azkenean, aplikatuko liratekeen deskontuak aztertuko lituzkeen proposamena onartuz.

Auzo elkarteen federazioak aurkeztu eta Irungo Udalbatzak onartu zuen mozioak ez zuen hau jasotzen. Azken honetan, ez zen inondik inora, aplikazio epe mugaturik aipatzen, baizik eta behin betiko izaera izango lukeela ulertzen baitzen.

Hortaz, hau Irundarroi eginiko beste iruzur bat besterik ez da.

Hau gutxi balitz, bai Ahaldun Nagusiaren hitzek bai EAJk eta PSEk Batzar Nagusietan aurkezturiko mozioak EH Bilduk hainbatetan aipatutakoa jasotzen zuten, hau da, AP-8ak hego saihesbidearen funtzioa bete behar duela.

Hau entzunda geure buruari honako hau galdetzen diogu: ez al dute ulertzen errepide bat saihesbide gisa kontsideratzeko doakoa izan behar dela? Bestela, ordaindu behar izango bagenu autopista bat izaten jarraituko luke, eta. hau, zalantzarik gabe, iruzur berri bat litzateke.

EH BILDUn argi eta garbi esaten ditugu gauzak; instituzio guztietan proposamen berberak defendatzen ditugu.

Laburbilduz, jakin badakigu aukera tekniko eta legalak egon badaudela Irundar zein Bidasoar orok AP-8ko bide-zati hau doan izan dezagun. Hau gauzatuko ez balitz Irungo Bentak eta Oinaurre bitarteko bide-zati txiki horren ordainsaria ordaintzen jarraitu beharko genuke, eta hau zalantzarik gabe, oso injustua litzateke.

IRUNGO EH BILDU

Etiquetas: