Irungo EH Bildu aurrekontuen inguruan

Aurrekontu hauek ez digute ezer berririk aurkezten. Erabat kontinuistak dira.  Gutxi dira agertzen diren aldaketak, eta hauetako asko legeak hala behartuta egin dira, adibidez, ongizate arloan Gizarte Zerbitzuen legearen Kartera Dekretuak markatzen dituelako.

Beste adibide bat etxebizitzarena. Irunek etxebizitzarekin izugarrizko arazoa du, eta aurrekontuak honi aurre egiteko inbertsioetan jasotzen duena, hau da, BOE (VPO) eta alokairuko sustapena eta irisgarritasun eta efizientzia energetikorako diru laguntzak aintzat hartuta, ez da aurrekontu osoaren %1era iristen.
 
Baina hauek, adibide batzuk besterik ez dira, EH Bildu ezin da aurrekontu hauen konplizea izan. Ez dira batere berritzaileak, aurreko 30 urteotako gabeziak mantentzen dituzte, eta ez diote gure hiriaren errealitateari aurre egiten.

Ezin gara konplizeak izan:
    - Luzaroko langababezi tasan lehenengo postuetan gaudenean (2017ko datuak- Irun: 4,69%... Beasain: 2,81%...  Tolosa: 4,14%).

    - Irundarron errenta pertsonala Gipuzkoako baxuenetakoa denean (2016ko datuak: EAE= 20.400 €--- GIPUZKOA= 21.700€ --- IRUN= 17.580€--- BEASAIN= 24.120€ ---- TOLOSA= 22.500€).

    - Udal parkingetako kudeaketa eta pribatizazio politikek Irungo herritarrengan sortzen duten kezka eta haserrea handia denean, hurbileko komertzioa biziraupen fase iraunkor batean dagoenean …

Egoera honen aurrean, gaurko honetan, hausnarketa bat ekarri dugu: Irungo EH Bilduk argi eta garbi azaldu nahi du, 2019ko aurrekontuetan, EZ DUGULA UDAL GOBERNUAREKIN INONGO NEGOZIAZIOETAN SARTUKO.

Erabaki hau hartzeko asko izan dira aintzat hartu ditugun aurrekari eta argudio:

  1- AZKEN URTEOTAKO TXIKIKERIAK EDO APURRAK
Azken urteotako aurrekontuetan onartu zaizkigun txikikeriak edo ez dira gauzatu edo hasieran proposatutako kopurutik murriztu dira.

Baieztapen hauek datuetan emango dizkizuegu:
    2017 eta 2018an onartu zaizkigun zuzenketek aurrekontu osoaren %0,1 suposatu dute. Honek garbi adierazten du zein pisu eta garrantzia eman diguten azken urteotan. Agerian geratu dena honako hau izan da: errodilloa pasatzea euren esku izan dutenean, pasa dute, guri azken papurrak utziz.

    Hori bai, guk papur horiek probesten saiatu gara Irundarrontzat egokiak diren zuzenketak proposatuz, baina papur horietan ere ziria sartu digutela esan behar dugu.

    Adibiderik garbienak energiaren inguruko zuzenketekin pairatu ditugu, baina ez dago soberan gogoratzea, esaterako, beste zenbait zuzenketetan guk planteatutako 25.000 €tik 1.500€tara murriztu zizkigutela (azken honek bete gabe jarraitzen du).

    Beste kasuetan, EHBilduk tradizioa duten zuzenketak sartu ditu, hala nola, fondo bibliografikoa handitzekoa, eta tradizioz ere, udal gobernuak honetarako oso kantitate txikia planteatzen du hasieratik, gure zuzenketarekin partida hau handitzeko. Bestela, guk planteatuko ez bagenu, zer egingo lukete? Irundarroi ia liburu berririk gabe utziko ligukete?

Beraz, hitz egin dezakegu, azken urteotan zuzenketa gutxi onartu zaizkigula, eta gainera, denak edo partzialki bete dituzte, edo zuzenean, ez dituzte bete.


  2- KREDITU ALDAKETAREKIN GERTATUTAKOA
Ondo dakizuen bezala, duela aste gutxi apirilean onartzera eraman ohi den kreditu aldaketa onartu zen.

Honetarako udal gobernuarekin hiru bilera egin ondoren, egiaztatu ahal izan genuen nola udal gobernuak gure ekimenak bereganatu nahi izan zituen. Azkenean oposizioak proposatzen zuena aurrera atera bazen ere, berain lorpena bailitzan mozorrotu nahi izan zuten, eta hau, ez da joko garbia.

Udal gobernuak oso ondo zekien gutxiengoan zegoela, ahultasun handiko posizioan, baina negoziazioetan garbi jokatzea guretzat lehentasun bat izan da beti, eta etorkizunean hala izaten jarraituko du.

  3- KOMUNIKAZIO KANALIK EZ
Komunikaziorik ez dagoenean, normalean bi aldeen errua izaten da, baina kasu honetan, ardura handia daukanak ardura handiagoa ere badu. Urte osoan zehar, udal gobernuak ez digu ezertarako deitu. Gai garrantzitsuetako informazioa edo komunikabideen bidez edo beste kanal batzuen bidez lortu dugu.

Bozeramaile bileretan, dagoeneko erabakita zegoenaren berri edo garrantzi gutxiko kontuen berri eman zaigu soilik.

Beraz, errepikatu nahi dugu, engainatuta sentitu garela, eta hori dela eta, udal gobernu hau ez dela fidatzekoa esan behar dugu.

EH BILDUREN ESTRATEGIA AURREKONTUEI BEGIRA
Egoera honen aurrean, EH BILDUk aurrekontuen lanketa serio eta sakona egingo du. Elkarte eta eragile ezberdinekin entzute ariketa bat egingo dugu, eta ondoren, zuzenketa ezberdinak planteatuko ditugu.

Jakitun gara gure ekimenak aurrera atera daitezen udalbatzaren gehiengoa behar dela. Hori dela eta, oposizioko udal taldeekin hitz egingo dugu gai puntualetan akordioetara iristeko.

Etiquetas: