Plaka frankistak kentzeari buruz, “Nicolás Guerendiain” Irungo Elkarte Errepublikanoaren salaketa oharra

“Nicolás Guerendiain” Irungo Elkarte Errepublikanotik adierazi nahi dugu oso ideia ona iruditzen zaigula Irunen plaka frankistak kentzen hastea. Gure ustez, aspaldian egin beharko zen hori, kontuan izanik 40 urte pasatxo direla diktadorea hil zenetik, eta geroagoko Memoria Historikoaren Legeak hori egitera behartzen zuela.

2017ko azaroan, gure Elkarteak Irungo Udalari eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari txosten eguneratu bat bidali zien; bertan adierazten zen hiriko zein tokitan zeuden oraindik plaka frankistak, plaken argazkiak eta helbideak zehaztuta. Horrekin batera, aipatutako ikurrak kentzeko eskatzen zen.

Urtebete geroago komunikabideen bidez jakin dugu Irunen sinbolo frankistak kentzeko lanak hasi direla.

Oso deigarria da guretzat albistean behin ere ez dela aipatzen gure Elkarteak txostena egiteko burutu duen lana, ezta harrezkeroztik egindako eskaerak, sinbolo horiek kentzeko egindako mozioaren eskaera eta Gogora institutuak lan hori egiteko ematen zituen diru‐laguntzen deialdiari buruz bidali zitzaien informazioa ere.

Irakurri dugunaren arabera, Udala oinarritzen da Eusko Jaurlaritzak landutako zerrenda eguneratu batean. Udalari gogoratu nahi diogu gure Elkarteak egin duela txosten hori, eta guk geuk bidali diogula Eusko Jaurlaritzari, Irungo talde guztiei bezalaxe.

Ez dugu ulertzen zein arrazoi dituen Udalak gure Elkartearen lana gutxiesten saiatzeko. Aurtengo urrian, EH‐ Bildu eta Si se Puede Irun taldeek jendaurrean salatu zuten Udalak gai horri buruz erakutsitako etika falta, eta zuzenketa bat eskatu zuten; baina argi ikusi dugu ez dutela horrelakorik egin eta gainera, beraien buruari domina jartzeko ildotik jarraitzen dutela. Beraiek jakingo dute zergatik egiten duten.

Bestalde, eskerrak ematen dizkiegu egin dugun lana ahaztu ez eta artikuluan adierazi duten komunikabideei, baita Irungo Ezker Anitza‐IU taldeari ere, joan den astean jendaurrean salatu dituztelako egitate horiek.

Adierazi nahi dugu Elkartetik lanean jarraituko dugula Memoria historikoa berreskuratzeko eta frankismoaren biktimen aldeko EGIA, JUSTIZIA, ORDAINA eskatzeko eta frankismoa legez kanpo uzteko ere bai.

“Nicolás Guerendiain” Irungo Errepublikarrak

Etiquetas: