Su Txikian Elkarte Feminista.- Lehengo urtean protokoloaren diseinuan eta banaketan parte hartu genuen gure indar eta gogoak bertan jarriz, jaietan emakumeok* modu askeago batean gozatu ahal izateko. Udaleko teknikariekin elkarlanean aritu ginen protokoloa ahalik eta osatuen gera zedin.
Udalarengan konfiantza izan genuen, izan ere konpromiso batzuk betetzeko hitza eman zuten, tamalez udalak ez zuen hitzartutakoa bete eta beste behin ere hauen jarrera gogor salatu nahiko genuke. Irungo emakume taldeen lana baliatu zuten protokoloa osatzeko eta banaketa lanak egiteko baina udalak ez zuen bere ardura hartu; ez zen erasoen inguruko informazio ezta berehalako erantzunik eman. Honen aurrean, zalantzan jartzen dugu ea protokoloa udalaren burua zuritzeko ez ote den.
Denok dakigun bezala emakume batek eraso bat jasan zuen 2018ko ekainaren 23tik 24rako gauean eta udalak ez zigun honen berri eman, bai ordea uztailaren 1ean ospatuko zen elkarretaratzeko deialdia luzatu zigun, argi eta garbi utziz garrantzia handiagoa duela jaien itxurakeriak emakumeon* segurtasunak baino.
Hori ikusirik eta joan den maiatzaren 2an ospatu zen bileran Sergio Corchon-ek argi eta garbi utzi zuenez konpromisorik ezin zuela hartu, Su Txikianek ez du parte hartuko aurtengo protokoloan. Ez dugu onartuko Udalak gure lan eta borondatea haien mesedetarako erabiltzea eta protokoloan emakumeon* indarkeriaren aurkako erantzuna bermaturik ikusten ez dugunez ez dugu gure burua fartsa honetan inplikatu nahi. Protokolo baten proiektua ateratzea ez da nahikoa; emakumeok* M8an eskatu genuen moduan, politika ausartak eta konpromiso errealak exijitzen ditugu.
Bestalde, eskerrak eman udaleko teknikariei eta protokoloaren diseinuan parte hartu zuten gainontzeko emakume taldeei, joan den urtean lan itzela egin baikenuen.
Aurten Su Txikian elkarte feministak kanpoko begirale papera hartuko du eta atea irekita uzten dugu datozen urteetan protokoloan parte hartu ahal izatera, beti ere, onpromiso zehatzak hartzen badira.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1028 irakurketak
- Castellano