Ispilu aurrean jarri gaituen birusa. Txapaeo koronabiritokitik idazkiak, 1.znbk

Txapaeo koronabiritokitik idazkiakPikoketa Aritxulegi.- Ikusten ari garenez, “Coronavirusaren krisia” deitutako hau gaixotasun kutsakor baten gertaera baino asko gehiago ari da izaten. Horrek duen dimentsio biologiko, epidemiologikoa alboratu gabe, jendarte mota bezala ditugun zenbait tope ari da erakusten, inondik inora. Sinestera iritsi gara, mendebaldeko jendartearen parte izaki, “historiaren gailurra” ginela: Garatuenetan garatuenak Euskal Oasiko pribilegiatuak. Baina oso azkar, zenbat zihurtasun, zenbait sinismen eta konbikzio higatzen ari dira. Arezko zimendua ote zuen dorreak?

Gure testuinguran, Euskal Herrian, eta, hortaz, baita Irunen ere, agerikoa da zer puntutaraino den zaurgarria, hauskorra eredu kapitalista eta patriarkal hau. Globalizazio kapitalistak eragindako munduaren interdependentzia medio, Txinan Cov-19 agertu eta laster dugu hemen: Nork geldiarazi lezake (ekonomiari” aurre eginez) langile eta merkantzia mugimendu basatia mundu mailan hainbat egunez?. Gurean ere, argitu da zer puntutaraino den sabaia euskal herriarentzat estatuaren mende egotea, eta zer tamainatan den hauskorra dugun “autonomia”. Laburki:

-Zaintza krisia: “Inproduktibotzat” joa, inbisibilizatua (nahiz eta bizitzaren sustengurako oinarrizko lana izan) gure jendartearen zentrotik kanporatua izan da. Hau sistema publikora ere eraman genezake, eta ikusi azken urteetan “euskal oasian” ere, egon diren murrizketek nola ezgaitu duten sistema publikoa horrelako egoera bati aurre egiteko. Bide batez, oso ondo dago ilunabarrean osasungintzako langileak txalotzera ateratzea, baina izan gaitezen argiak: Ez dira haiek ongizate estatuaren gainbeheraren pisua hartu behar dutenak sorbalda gainean, eta Botere Publikoari (EAE-n EAJ-PNV-ri) ardurak eskatu behar zaizkio. Izan ere, gaur eta hemen konstatazio bat egon da: Pertsona bezala zainduak izateko eskubidea ez dago bermatuta, zaintza lanak mespretxatuak izan direlako (zaintza kate komunitarioak apurtuz) eta sistema publikoa hustu delako

-Bizitza eta kapitala: Argi eta garbi, kapitala nagusi. Aukera duen bakoitzean argi uzten du, eta bada garaia apunteak har ditzagun, honek ze suposatzen duen.

Azken egunotan “hiritar garen aldetik dugun erantzukizunari” erreferentzia osoa egin zaio botere publikotik. Dudarik egon ez dadin, etxean geratzeko irizpide (aginduarekin) bat egiten dugu: Jendarte gisa geure burua zaindu behar dugu, hau da, nork bere burua zaindu behar du gainerakoak ez kusatzeko. Nolanahi ere, herritar xehearen gain jarri dute arreta gunea, norbanakoaren gain jarriz birusaren zabalkundearen etetearen ardura. “Zibismo” hau betearazteko polizia (aurki militar espainiarrak izango dira) atera dute kalera, gu etxean mantentzeko misioarekin.

Ostiralean hasi ginen, eta notizi parrastadaren eraginpean denok barneratu dugu dagokigun erantzukizuna, ikusi besterik ez dago gure hirietako kaleak nola egon diren egun eguzkitsuotan. Asteburuan jendarteak erantzun du. Baina eta astelehenean? Astelehenean euskal langileak hortzak estutu eta borrokarako grina erakutsi du, ez baitu ez hanka ez buru, denok lantegietara bidaltzea, Ez gara artalde otzan bat; estae baterako, Mercedes enpresan atzo goizean langileek eginiko protesta.

Astelehenean enpresei zegokien erantzukizun horren partaide izatea eta, beste behin ere, erakutsi dute beren etekina langilearen “ez gaixotzeko eskubidearen” gainetik dagoela. Hori gutxi balitz, jendartearen gainetik dagoela, ongi baitakite zer suposa dezakeen han-hemenka 300 langile batzea 8 orduko lanaldian, hemen “ezer gertatuko ez balitz bezala”. Lotsagarria, benetan. Eskandalosua. Ikusiko da, akaso, nola enpresariek arraskatik behera botatzen duten langileek eginiko ahalegina.

Gaur bertan, errepideak leporaino, enpresetan jendea eta gehienetan langileak lanera, kutsatzeko beldurrez, arrisku errealez baina (askoren kasuan) kanporatuak izateko mehatxupean. Hori ez al da biolentzia? Sekulako arduragabekeria izateaz gain, ez al zaizkigu iseka ari guztioi? Kapitala, etekina, funztionamendu ekonomikoa antza, ezin da ukitu, ezin da kuestionatu nahiz eta osasun publikoa, gu eta gure ingurukoen bizitza mehatxupean egon. Sumintzekoa da. Benetan barruak kiskaltzekoa kapitalaren arduragabekeriak sortu dituen egoerak han eta hemen, Bilboko metrokoa kasu.

Eta hemen ere, botere guztiak bere egin dituen Estatu espaiñolak badu erantzukizuna, nola ez. Alde batetik, berriz ere, erantzukizuna langileon bizkar jarriz: “Etxetik lan egin ezazue” soluziobide bat delakoan. Baina... zenbat langilek du hori egiteko aukera? Ez hainbestek. Horrekin batera (eta berehala) kapitalarentzat dauden arriskuak publikoki babesteko neurria, ERTE-a. Enpresak langileak denbora batez (soldata gabe) etxera bidaltzeko eskubidea (kotizatuz), eta laguntza publikoak enpresei. Eta zer ordainetan? Berriz ere, deus ez.

Ez litzateke eraginkorra kapital handiei zerga (oraingoz) “salbuespenekoa” ezartzea guztiok egin gaitezen egoera honen arduradun? Ez litzateke aproposa, estatuak “enpresari bakoitzaren erabakiaz harago” (errentabilitate eta ez osasun klabeetan egingo dituena) neurri unibertsalak ezartzea? Guztiz beharrezkoak ez diren jarduera ekonomikoak eten eta langileak beren soldatarekin etxera bidaltzea (zerga berezi batez osatuko litzatekeena)? Berriz ere langile klasearen sorbaldan arazoa: Osasuna eta bizirautea kinka larrian kasu askotan. Agian zenbait enpresa okupatu eta langileen eskuetan jarri beharko genituzke hau amaitutakoan, horrelakorik berriro gerta ez dadin...

Inor ez dadila engaina, egoera honen aurrean lana egon badago. Inoiz baina beharrezkoagoa dena: Etengabe ospitaleak eta zenbait espazio publiko garbitzea, atera ezin diren pertsonei laguntzea (erosketak kasu) edota umeak zaintzea. Kontua zera da, lan horiek estatuak eta kapitalak “gastu bezala” ikusten dituela, eta ez dagoela lan horiek erremuneratzeko prest. Enegarrenenz, lotsagarria. Osasun publikoarekin jokatzen ari dira, ahal diren neurriak hartuz, baina, beti ere, kapitalaren interesak ukitu gabe.

Zentralizazioa: Alarma egoerek “salbuespen egoerak” sortzen dituzte eta horiekin joko arauak aldatzeko “testuinguru soziala”. Nolabait, “shock” egoera batean gaude murgilduta eta horrela duela hiru aste pentsaezinak ziren neurriak hartu dituzte, kontestazio eskasarekin.

Horietako bat da estatu espainiarrak aurrera eraman duen botere kontzentrazioa 4 egun eskasetan. Dekretu bidez, EAE erkidegoa suspentsoan utzi du, eta bere gain hartu ditu konpetentzia ugari. Ziurrenik, Urkullu eta enparauen lehen egunotako kudeaketak erraz jarri dio maniobra estatuari, baina ibili gaitezen tentuz, izan ere, oso ohikoak dira “salbuespen” gisan gertatzen diren eskubide galerak eta normalizatzen bukatzen dutenak. Ez da, honezkero, harritzekoa, laster gure hirietan militar espaiñolak ikustea “lan humanitarioak” egiten eta pentsatzea, gutxienez uda arte, “euskal autonomi erkidegoa” ere ez dela praktikan existituko. Agian honetan ere, joan beharko genuke azkartzen independentziarako bidea, berriro gerta ez dadin, eta horrelako egoerei, estatu tresnen bidez, erantzuteko gaitasuna izan dezagun.

Eta bitartean, guzti horren aurrean, herria berriz ere duintasun ekimenetan murgilduta. Askotan otzana eta indiferentea eman arren, ematen baititu herri xeheak horrelako erakustaldiak. Han eta hemen, herritarren zaintza sareak estatuak egin beharko lukeena egiten, komunitarioki antolatzen eta etxean egon behar duen jendeak hori egin ahal izateko zaintzak antolatzen (dela erosketak, dela zaintza...). Auzolan dinamika konplexuak ensaiatzen. Irunen ere, Landetxa lehen lerroan, baina auzo ezberdinetan hariak ari dira elkartzen, sare izateko sendotasun nahikoa noiz erdietsiko.

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.