Irungo Sortu.- Badira hilabeteak gure hiria “gertakari” handi baten atarian dela. Urriak 20, “La Vuelta”, urteko egun handietako bat udal gobernuaren esanetan. Duela ez hainbeste “La vuelta a España”. Izenez aldatua, ez izanez.
Propagandan, materialean, komunikazioan denbora eta baliabide aunitz xahutu arren, inork gutxik esango luke “irrika” bizia dagoela irunen, gaudela irundarrak. Izan ere, uste dugu herria ez dagoela azaleko ospakizunetarako, eta are gehiago uste dugu pandemiaren ondorioz egoera gero eta okerragoa den honetan horrelako ekimenekin aurrera jarraitzea inprudentzia larria eta egoskorkeria baino ez direla, marca España.
Baina hortaz gain, eta esaten genuen bezala, prekarietatea pairatzen duen, bizitzaren aurrean gero eta ziurtasun gutxiago dituen, bere osasun eta hezkuntza sistema narriatzen ikusten ari den, eta egunerokoan (baita honetan ere) bere hizkuntz eskubideak bortxatuak dituen herri xeheak ez du inolaz ere bere egin “La Vuelta”.
Sortutik kritikatu nahi dugu “La Vuelta”-ren inguruan udal gobernuak aurkeztu duen jarrera eta ekina. “Triunfalismo” nabariarekin aurkeztu zaigun “hiriarentzako garaipen hau”, ez dugu uste horrela denik. Kritika honek, gutxienez honako arrazoiak ditu oinarri:
- Xahuketa ekonomikoa: Udal gobernuak, horrelako gertakari baten onura ekonomikoak jarri ditu mahai gainean eten gabe. Bere esanetan, “Vuelta” Irunen hastea etekin ekonomiko nabariak ekarriko ditu hirira. Gutxitan esaten du ordea, hasiera hau ekartzeko denon artean ordaindu dugun diru kopuruaren zenbatekoa. Modu zuzenean eginiko xahuketa eta honekin batera kontabilizatzen zailak diren beste gastu asko (propaganda, udal, langileen denbora, etab.).
Gainera, jakin badakigu sortuko den ustezko “aberastasun” hori ez dela inoiz berdin banatzen: Hoteletako, ostalaritzako ugazabak izango dira hori jasotzen lehenak, eta beraz langileontzako, betiko legez apurrak. Beraz, denok jarriko dugu dirua espektakulua antolatzeko, baina mozkinak ez dira berdin banatuko. - Nazionalismo gotortua: Espainia, nazio gisa ez dago bere onenean. Egun “española” bezala identifikatzeak lotsa ere badakar tarteka, eta arrazoiak ez dira falta horretarako. Baina ondotxo dakigu, nazionalismo españolak beste bide askoz jorratzen duela bere betikotzea. Modu horien artean “kirola” du esparru kuttuntzat, beti nagusikeriaz jokatzen duen espainiar nazionalismoak . Gu, ez gara españolak eta ez gaude prest hau goratzen duen ekimenetan parte hartzeko. Ez du axola hau txirrindan edota pilota bati ostikoak joz egiten bada. Euskaldunak gara, nazio bat, eta horrela gure ordezkaritza presente egon eta gure komunitatearekin bat datozen ekimenen alde (kultural, kirol edota bestelakoak) egiteko aldarria egiten jarraituko dugu. Espaiñiar apologia gotortuak ospatzeko gurekin ez kontatu.
Honi loturik eta adibidetzat, aipagarria da euskarak anabasa propagandistiko guzti honetan eduki duen presentzia txikia. Hiri honetan ohikoa den gisara, gure hizkuntzaren gutxiespen sistematikoaren beste pasarte bat. - Gizonen munduaren lehentasuna: Inork imajinatzen al du horrelako lanketa eta hedapena emakumeak zentroan dituen ekimen batean? Zaila. Nahiz eta feminismoak, eta emakumean alor askotan (kirola barne), borroka luzea daramaten gure jendartean merezi duten zentraltasuna lortzeko, parekidetasun erreala erdiesteko oraindik ere oztopoak nabariak dira. Batzuetan ageriko eta gordinak, besteetan mozorroturik datozenak. Hau kasu. Berriz ere diru publiko xahuketa gizonen kirol ekimen bat, eta hortaz gizonen nagusitasun soziala finantzatzeko.
- Txirrindaren espektakulua baina txirrindarik gabe: Irunera jaitsiz, paradoxikoa da horrelako txirrinda apologia ikustea, txirrindan mugitzea hain zaila de hirian. Bide gorri sare hain kaskar eta askotan arriskutsua dugun Irun honetan, zeinetan txirrindaz mugitzea, bizitzea hain zaila dena. Akaso zentzukoago litzateke diru guzti hori, bidegorrietan inbertitzea.
Gutxienez honegatik, esaten diogu Irungo Udal Gobernuari, gu, herri xehea, langilea, euskalzalea eta feminista ez gaudela “de vuelta”. Eta berresten dugu, garaia dela, baita hiri honetan ere, parez pare ditugun erronka sozialei ganoraz heltzeko horrelako espektakuluetan dirua eta denbora galdu gabe. Hiri honetan, badirela arazo estruktural nahiko, eguneroko egoera gordin onartezin ugari, horiei behingoz dagokion seriotasun eta baliabidez heltzeko.
Gu behintzat, espektakuluaren argiek ez gaituzte itsutuko.
Gora herria!
- Egutegia
- 564 irakurketak