Krisi kapitalista bat bizi dugu, zeinean Covid-19ak eragindako pandemiak, katalizadore funtzio bat betetzen ari duen. Azken urteotan ikusi ahal izan dugun moduan berregituraketa baten beharrean dago kapitala. Horren adibide dira aurreko akumulazio ereduari eusteko Europako Banku Zentralak martxan jarri dituen planak edo nabaria den gizartearen polarizazioa, klase ertainaren suntsipena eta gizartearen proletarizazioa. Birusak berak krisi sanitario bat sortu badu ere, burgesiak zabaldu duen iritziaren aurka, sistemaren egiturazko krisi honek kapital metaketaren logikari erantzuten dio, eta ez alderdi politiko baten edo bestearen kudeaketa txarrari. Kapital finantziarioak, politikari profesionalek eta enpresari handiek, egiturazko erreformak burutu ahal izateko probestu dute ezohiko kontestu hau.
Europa mailan ematen ari den proletarizazio prozesua ez da gertakari isolatu bat, aurretik aipaturiko neurriei erantzuten die, eta horren ondorio argia da masa zabalen pobretzea. Bestetik, eskubide zibil eta politikoen murrizketa handi bat ematen ari da, zuzeneko diktadura bat ezarri dute eta honen ondorioz botere burgesaren arbitrariotasunarenpean geratu gara langileok. Izan ere, pandemiaren aitzakipean beste askoren artean biltzeko eskubidea zein mugikortasuna eten dira, jardun politiko minimo bat aurrera eramateko behar diren baldintzak galaraziz. Honetarako, kontrol sozialerako mekanismo berriak martxan jarri dituzte, kamerak, aurpegi ezagutza sistema, dronak, eta abar.
Egoera honetan sozialdemokraziaren papera azpimarratu nahiko genuke, gainontzeko alderdi instituzional guztiekin batera hartutako neurri guztiak babestu dituelarik, kapital handiaren interesei men eginez, eta egoera honen ardura osoa langileriaren bizkarrean jaurtiz. Enegarrenez frogatu da klase ertainaren ordezkariek ez dutela ezer proletalgoari eskeintzeko.
Gure eskualdean ondorio zuzenak pairatu behar izan ditugu gazte langileok. Egoera ezegonkor honek kaleratze ugari suposatu ditu, kontuan izanda gazteok ditugun kontratuak orokorrean behin behinekoak direla eta egoerak txarrera egiten duenean kaleratuak izaten lehenak garela, erabat babesgabe aurkituz. Bestalde azken asteotan eman diren gertakari ezberdinek botere burgesaren arbitrariotasuna agerian utzi dute. Adibidez, Irungo Moskun gertatutako jazarpen polizial jarraituak. Gertakari hauek ezin dira ulertu azken hilabeteotan masa komunikabideen bitartez zabaldu diren ideiei erreparatu gabe: gazteria kriminalizatu da, ardura indibidualen aitzakipean, eta honekin beharrezko baldintzak sortu eraso hauek gertatzeko. Bestalde, oraingoan ere, ezohiko presentzia poliziala egoten ari da Santiagoko eta Behobiako zubietan, kolore guztietako indar errepresiboen bitartez, gure eskualdeko mugikortasuna eta, ondorioz, ekoizpenetik at esistitzen diren loturak bereziki baldintzatuz.
Honen harira, duela hiru aste Gazte Koordinadora Sozialistak salaketa kanpaina bat abiatu zuen, hainbat puntu nagusirekin:
- Lehenik eta behin, Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz ezarritako neurri disziplinario eta polizialak indargabetzea esijitzen dugu.
- Honekin batera osasun baliabide sozialak indartzea ezinbestekoa dela deritzogu, izan ere uste dugu egon badiren jakintza eta baliabide teknikoak ez direla pandemiari aurre egiteko erabiltzen ari, kapital handiaren agendari erantzuteko baizik.
- Azkenik uste dugu burgesia maila internazionalean antolatua dagoen modu berean, antolakuntza komunistaren hedapena ezinbestekoa zaigula langile klaseko kideoi eskubide zibil eta politikoen defentsa artikulatzeko.
Hori dela eta, dei egiten diogu Bidasoaldeako gazteria langileriari GKS-k antolaturiko mobilizazioetan parte hartzera.
Burgesiaren zuzeneko diktadura gelditu!
Xabi Pagalday eta Simon Vidal
Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.
- 1003 irakurketak
- Castellano