Behe Bidasoako Osasungintza Publikoaren Defentsarako Hiritar Sarea.- Osasungintzako Euskal Herriko gehiengo sindikalak mobilizazio fase indartsu bat ireki zuen Azaroan. Krisi sozio-sanitarioaren bigarren olatu bete betean, osasun zentro eta zerbitzuak langa gainditzeko zorian zirenean aldarri indartsua hedatu zuten 3 astez.
Baliabide faltagatik eta zenbait arduragabeko erabakiengatik, osasun zentro publikoetako langileak izan ziren berriz ere, baldintza oso zailetan egoera sostengatzeko gakoetako bat.
2021-aren atarian, Eusko Jaurlaritzaren jarrera hipokrita eta autoritarioaren aurrean mobilizazio egutegi berri bat jarri du mahai gainean osasungintzako gehiengo sindikalak. Jada hasia dena eta Urtarrilaren 28-ko greba egunean izango duena gailurra.
Azaroan, elkartasun keinuz Behe Bidasoan hiritarrak ere mobilizatu ginen. Antolatzen hasi ginen, ulertuta osasungintza publikoaren defentsa ez dela inondik inora lan-gatazka bat, ezin dugula langileen lan baldintzen inguruko aldarrikapen bezala ulertu soilik Izan ere, kalitatezko osasungintza publikoa, bizitza duinak eta justizia soziala printzipio bezala dituen edozein eredu sozialen oinarrietako bat dela ulertzen dugu. Hortaz, eta hamarkadako hegemonia neoliberalak ahuldu duen arren, oraindik ere hiritar guztiok komunean dugun ondarea da osasun sistema publikoa. Oinarrizko baliabidea eta epe motzean dituen arriskuen aurrean defendatu beharrean gaudela ulertu genuen.
Aldarrikapenak, kontzientziaziora eta informatzera eraman gaitu. Sumintzera ere eraman gaituzten zenbait informazio azaleratzen joan gara:
- 2020-ko Azarorako Jaurlaritzak aurreko urtean baina gastu gutxiago egina zuen Osasungintzan: 142 milioi gutxiago ospitale askotan baliabide falta nabaria zenean
- Jaurlaritzaren lehentasunak, kapitala: Europako diru funtsak eskuratzeari begira egindako proposamenean, 4.162,5 mila milioi euro azpi-egitura handietarako eta 3.858 mila milioi euro enpresa pribatu handiekin egiteko proiektuentzako eskatu ditu Jaurlaritzak. Osasuna, zaintza eta pertsonon bizi kalitatea? 103,77 mila milioi euro baino ez
- Europarekiko arrakala: Barne Produktu Gordinaren (BPG) %6,4-a osasungintzara, Frantziaren %9,1 edo Alemaniaren %10-ren aurrean
- Jaurlaritzak pandemiaren bigarren olatuan “datuak ezkutatu zituen” ospitaleen okupazio tasen inguruan (aitorturikoa baino %20 handiagoa zen)
- Guzti honen ondorio bigarren herrialdea munduko hildakoen ranking-ean: Hildakoak/milioiko Euskal Herriak bigarren postua edukiko luke mundu mailan baldin eta estatua balitz
Honen aurrean, poliki poliki “osasungintza publikoaren aldeko hiritar sarea” osatzen joan gara. Ulertuta babes behar hau, duen garrantzia estrategikoarengatik eta datozen garai zailengatik ez dela egun batetik bestera agortuko.
Eta berriki, Eusko Jaurlaritzak eman digu arrazoia. Izan ere, sindikatuen ahotik jakin dugu “normaltasun berrian” Jaurlaritzaren jarrera zaharrak ez direla aldatu. Lehengo lepotik burua. Jaurlaritzak hipokrisia eta autoritarismoz itxi dizkio ateak osasun langileen ordezkaritza sindikalari. Aurrekontuei begira, osasun langileekin ezer hitz egiteko ez dutela argi utzi dute pairatu behar dugun agintariek.
Hipokrisia agerikoz, askotan nahi izan duelako Jaurlaritzak langileen meritua bere egin hauek epel bada ere txalotuz eta “heroi” kategorian ipiniz. Orain heroiak entzun ere ez.
Eta autoritarismoz. Izan ere langileek bildu dute esperientzia azken hilabete gogorretan jakiteko ze baliabide behar diren gauzak hobeto egin eta pandemiari modu eraginkorragoan erantzuteko. Bildu dute zilegitasuna, bildu arrazoiak eta azken hilabeteetan ere bildu aldeko indarrak (osasun zentro zein kaleetan), behintzat bere planteamenduak entzunak izan zitezen.
Bada ez. Jaurlaritzak ez du hitzik egin nahi.
Jaurlaritzaren jarrera anti-demokratiko eta zinikoa agerikoagoa da, jakinda zeintzuk diren osasungintzako gehiengo sindikalaren eskakizunak. Gauden krisi sozio-sanitarioaren testuinguruan, zinez zentzuzkoak diren planteamenduak:
- Osasungintza publikoan lehen arretarako baliabide gehiago izateko baliabideak
- Gutxienez BPG-aren %7a Osasun Sistema Publikora bideratzea. Europarekin alderatuz eskasa izaten jarraitzen duen ehunekoa
- Murrizketak eta pribatizazioak tentaldiak ekiditeko konpromiso irmoa
Eta Jaurlaritzak ezetz. Otsailaren bueltan aprobatzea aurre-ikusten diren EAE-ko aurrekontuetan ez duela eskakizun hauetako bat bera ere ez baloratuko. Ez dela ez osasungintza publikoaren defentsa jarrera irmorik ez baliabide gehiago egongo.
Honela gehiengo sindikalak mobilizatzera deitu du beste behin ere. Kalitatezko osasun sistema publiko baten alde indarrak biltzera, datozen aurrekontuetan aldarri hauek isla izan dezan mobilizatzera.
Behe Bidasoako osasungintza publikoaren defentsarako hiritar saretik ere gogor salatzen dugu Eusko Jaurlaritzaren jarrera. Eta gehitzen dugu, osasungintzako gehiengo sindikalari ez ezik, hiritarroi ere egiten digula entzun-gor azpiegitura handi eta negozio publiko-pribatu handiak lehenesten dituenean hiritarron osasunaren aurrean.
Horregatik hiritar saretik ere bat egiten dugu gehiengo sindikalak deitu dituen mobilizazio egunekin. Dei egiten ditugu bidasotar guztiak eskualdean egingo diren mobilizazioetara gehitzeko. Lehen zita: Abenduak 30 eskualdeko lantokietan.
Bukatzeko argitzen dugu hiritarrok ere gure ekarpena egin ahal izateko mobilizazio planteamendua luzatuko dugula datozen asteetan. Ulertzen dugu egoera larria dela eta erantzukizuna hartu behar dugula hiritarrok ere.
HAU NOLA EGIN ZEHAZTEKO BILERA IREKI BAT DEITUKO DUGU AURKI.
Asko dugulako jokoan
Babes dezagun zaintzen gaituena
Pertsona guztiak, eskubide guztiak, duintasun osoa
ITURRIAK
- https://www.berria.eus/paperekoa/2236/003/001/2020-11-27/harrituta.htm
- https://www.gaindegia.eus/
- https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20201208/la-cav-oculto-la-presion-real-dos-hospitales-durante-la-segunda-onda
- https://www.euskadi.eus/web01-a3ogaoce/es/contenidos/informacion/ejec_pres_cae_2020/es_def/index.shtml
- Egutegia
- 653 irakurketak
- Castellano