Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua "zeken eta zaharkitua da, eta ez du balioko bizi-baldintzak bermatzeko"

200608 pension (35)

EAEko Pentsiodunen Mugimenduaren prentsa oharra otsailaren 11ko Legebiltzarreko osoko bilkuraren aurrean

Itxura guztien arabera, otsailaren 11n onartuko dituzte behin betiko EAEko Legebiltzarrean Gobernuak 2021erako prestatu dituen aurrekontuak.

Aurrekontuak ez dira, inondik ere, nahikoak pandemiaren eta krisi ekonomikoaren ondoriozko erronka sozial eta ekonomikoari aurre egiteko.

Azken urteotan metatu diren murrizketak mantendu egin dira, eta diru-sarrerak murrizteari eta bizieta lan-baldintzak okertzeari dagokienez, areagotzen ari dira.

Zerbitzu publikoetan egindako murrizketek, batez ere osasunean eta zerbitzu soziosanitarioetan, areagotu egin dute osasun-krisiaren eragin negatiboa pertsonen bizitzan eta osasunean. Oraindik indargabetu ez diren lan eta pentsio erreformek lan prekarietatea, langabezia eta soldata miserableak areagotu eta pentsioak murriztu dituzte.

EAEko aurrekontuek, beren eskumenen esparruan behintzat, konponbidea jarri beharko liekete arazo horiei, eta ez dute egiten. EAEko presio fiskala EBko batez bestekoa baino askoz txikiagoa da, eta kapital-errenten alde egiten jarraitzen da, lan-errenten kaltetan. % 2,2ko helburua duen gastu-arauak mugatu egiten ditu aurrekontuaren aukerak.

Aurrekari horiekin, aurrekontua, zeken eta zaharkitua da, eta ez du balioko bizi-baldintzak bermatzeko, sortzen dugun aberastasunarekin bat etorriz.

Jakina, gure eskariak ez dira aintzat hartuak izan: 1080 euroko gutxieneko pentsio-osagarria; enplegu duina; osasuna; mendekotasuna artatzeko zerbitzuak eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta. Hori dela eta, kalean borrokan jarraitu beharko dugu, duela hiru urte baino gehiagotik Hego Euskal Herriko hainbat herritan astelehenero egiten dugun bezala, eta datorren otsailaren 13an, eguerdiko 12etan egingo dugun moduan, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñan eta Euskal Herriko beste hainbat herritan.

Etiquetas: