Baietz 2420KM! Erronka egin dugu!

BAIETZ 2420KM

Irungo Sare.-3 hilabete pasa dira Etxerateko kideekin batera Izan Bidea dinamikaren baitan Baietz 2420km! erronka aurkeztu genuenetik, eta bete dugu!

3 hilabete hauetan 2420km-tik gora egin ditugu. 100dik gora partaidek bidali dizkigute kilometroak eta argazkiak, kontagailua O-tik jeistea lortu dugularik. Mila esker bertan parte hartu duzuen guztioi!

3 hilabeteotan maiztasun esanguratsu batekin Irungo 4 presoen, eta oro har, euskal presoen eskubideen aldeko aldarria presente mantendu dugu sare sozialetan. Epe horretan kokatzen dira baita ere azaro amaieran egin genuen Bidea gara ibilaldimobilizazio arrakastatsua eta urtarrilak 9ko manifestazio jendetsua.

Duela 3 hilabete esaten genuen Bera, Aitor, Fermo eta Iratxe etxetik 2420km.ra zeudela sakabanatuta eta eskubideak urratuta, bakoitzaren egoera ezberdina izan arren, guztiak zirela bidegabeak, eta haien eskubideen alde abiatzen genuela erronka. Bada, 3 hilabete beranduago, ikus dezakegu Irungo 4 presoetatik 3ren egoera, modu batean behintzat, nabarmen aldatuko dela. Aitor Caceresetik Dueñasera hurbilduko dute, Fermo Alicantetik Zuerara eta Bera Iruñeatik Martutenera. Uste dugu aurrerapauso garrantzitsuak direla presoen eskubideak bermatzeari begira zein etxeratzeko bidean, eta positiboki baloratzen ditugu, baita hainbat gizarte eragile zein alderdi bide horretan egiten ari diren ahalegina nahiz azken hilabete luze hauetan Sare herritarretik eginiko dinamika. Hala eta guztiz ere, argi dugu, gobernuek askoz gehiago egin behar dutela berandu baino lehen.

Horregatik, presoak barrutik egiten ari diren bezala, guri ere, kalean, bidea egiten jarraitzea dagokigu beraien eskubideen defentsan, indarrak batzen eta mobilizatzen.

Baietz 2420km! erronka bete dugu, baina benetako erronka jokoan dago, preso eta ¡heslari guztiak etxeratzea. Guztion artean lortuko dugu.

Ari gara, bidean gaude, Izan Bidea!

Bukatzeko, eta ohar bezala, gogora ekarri nahi dugu, hilabete honetan, martxoan, Aitorrek 20 urte beteko dituela espetxean. Pasa den irailean ere Berak 20 urte bete zituen. Berak, gainera, kondenaren 3/4ak beteta ditu eta espainiar legediaren arabera kalean behar luke. Aski da! Bidegabekeria honek amaitu behar du behingoz.

Ildo honetan, 20. Urtemuga honetan, martxoan zehar hainbat ekimen antolatzen gabiltza, hurrengo egunetan publiko egingo ditugunak.

Preso eta Iheslariak etxera. Konponbide garaia da.

Etiquetas: