Abotsanitz.- Abotsanitz Udal Taldeko bi kide Arartekoaren Donostiako egoitzara hurbildu dira gaur goizean. Hondarribiko Udalean ematen den gardentasun ezaz hitz egitera joan dira, eta ordu eta erdi luzez aritu dira erakundeko teknikariekin blagan.
Bere sorreratik bertatik salatu izan du Abotsanitzek Hondarribiko Udalean lan egiteko zailtasun asko daudela. Hala, 2019ko urrian eta 2020ko urrian, zinegotziei informazio eskubidea urratzen zaiela onartu izan du udalbatzak, oposizioko talde nagusiak aurkeztutako mozioen harira.
Udal gobernuak berak ere onartu izan du zinegotziek dituzten trabak, baina ez du urratsik eman egoera zuzentzeko, eta mozioetan onartutako puntuetatik bakar bat ere ez da errespetatu. Besteak beste, eguneroko lana ahalbidetuko duen prozedura ezartzea, eta udal kideei beharrezko tresnak eta formazioa helaraztea dira onartutako puntuetako bi.
Mozio horiez gain, erantzun gabeko eskaerak eta eguneroko udal jarduera burutzeko behar diren tresnak izan dituzte hizpide gaurko bileran. Arartekoko teknikariek bazuten Abotsanitzen kezken berri, eta beraiei ere Hondarribiko Udalarekin harremanetan jartzea kosta egiten zaiela onartu diete Abotsanitz Udal Taldeko zinegotziei.
Abotsanitz Udal Taldearen bozeramaile Igor Enparanek bileraren ondoren adierazi duenez, oso bilera aberasgarria izan da: “Gardentasunaren ikuspegitik lanketa burutu, inguruko herrietako adibideekin konparaketa egin eta jarraibide sorta baten proposamena lantzeko konpromisoa hartu dute Arartekoaren Gipuzkoako egoitzako teknikariek”.
- Egutegia
- 368 irakurketak
- Castellano