Bidasoko EH Bildu.- Txingudiko Zerbitzuak mankomunitateko batzarrak, martxoaren 22an egindako bilkuran, aho batez onartu zuen erabat ixtera behartuak izan diren establezimendu eta zerbitzuak ur eta zabor tasa ordaintzetik salbuetsiak izatea, itxierak irauten duen bitartean.
Neurri honek, batez ere, gaueko aisialdiko establezimenduei, entsegu aretoei eta elkarte gastrononikoei eragingo die.
Bidasoko EH Bildun bat egiten dugu neurriarekin eta horren alde bozkatu genuen mankomunitateko batzarrean, baina motz geratzen dela uste dugu. Hala, ur eta zabor tasen salbuespena 3. mailako establezimenduei, hau da, ordutegirik zabalena duten tabernei zabaltzea eskatzen dugu. Horrekin batera, gainerako taberna, jatetxe eta kafetegiek ere ordutegi murriztua dutenez, egoera desberdinei egokitutako tasen salbuespen plana egin dezala eskatzen diogu mankomunitateari.
Izan ere, ezaguna da ordutegia murrizteak eragin nabarmena izan duela ostalarien egunerokoan. Proposatzen ditugun salbuespenekin bizi duten egoera zailean laguntza txiki bat eman nahi diegu.
EH Bilduk hilabeteak daramatza autonomoen, dendarien, kulturgileen, taxilarien, ostalarien etab.en egoera zailaz ohartarazten. Instituzioek, beharrezkoak diren neurri lagungarriez harago sektore kaltetuen aldeko plan estrategikoak egin behar dituzte. Eta hori da, hain zuzen ere, Irungo eta Hondarribiko udalei eskatzen dieguna: sektoreekin elkarlanean, dituztenen eskumenak muturrera eramanez eta gainerako instituzioen aurrean beharrezkoak diren kudeaketak eginez, kaltetutako sektoreen aldeko plan estrategiko eraginkorrak martxan jar ditzatela.
- Egutegia
- 601 irakurketak
- Castellano