Abotsanitz.- Astebeteko atzerapenez, apirileko ohikoa izan beharko lukeen osoko bilkura egingo da bihar Hondarribiko udaletxean. Bertan landuko diren zenbait gairen aurrean, Abotsanitz Udal Taldeak izango duen jarrera aurreratu nahi dugu.
Hasteko, izenik ez duten hiriko bi (eta ez hiru) lekuri izenak jartzeko proposamenen inguruan, hau da gure iritzia: Hondarribiko kale izendegian emakumeen izenen kopurua handitzeko Emeki Elkarteak eta zenbait herritarrek burututako lan bikainaren ondoren, egun izenik ez duten hiriko bi gune Agustina Genua Saralegi plaza eta Petra Laborda Zuzuarregi plaza bezala izendatzeko proposamenak bozkatuko dira plenoan. Azkenean ez da bozkatuko Mendeluko Planeta Sistemaren eskulturaren inguruko guneari Amalur plaza izena jartzeko proposamena.
Gai honi lotuta, Abotsanitzek mozioa aurkeztu du Hermandade pareko plazatxoari Sare Konpontzaileak plaza izena jartzea proposatuz. Emekiren proposamena da hau ere, eta beste hiru proposamenekin egin bezala, hau ere plenora eramatea eskatu genuen batzordean, baina EAJk ez zuen nahi izan. Hori horrela, mozio bidez eramatea erabaki genuen.
Abotsanitzek beste hiru mozio aurkeztu ditu:
- Covid diru-laguntza programaren ingurukoa. Aurten ere diru-laguntzak aktibatzeko eskatzeaz gain, gaizki egindakoez ikastea eta ez errepikatzea eskatuko dugu. Gipuzkoan Covid laguntza gutxien eman duen herrietako bat da Hondarribia, eta, horrez gain, denok ditugu gogoan prozeduran izandako arazoak.
- Autokarabanen ingurukoa. 2016 urteko urrian autokarabanen araudia prestatzea eta lehenbailehen leku bat egokitzea onartu zuten udal taldeek, Abotsanitzek aurkeztutako mozioa medio. Lau urte eta erdi pasatu dira, onartutakoa ez da bete, eta beharra geroz eta nabariagoa da. 2016 urtean onartutako gauza bera eskatzen dugu berriro: autokarabanak arautzea eta zerbitzu-gune bat egokitzea.
- Etxebizitzaren ingurukoa. Beste etxebizitza politika bat aldarrikatzen dugu, Hondarribiak pairatzen duen etxebizitza arazoari erantzun publiko, irmo eta globala eman behar zaio, eta Udala izan behar da horren protagonista.
Kreditu aldaketan, adostasun ugari
Urteko lehen kreditu aldaketa izango da plenoan bozkatuko den gai nagusia. Udal gobernuaren proposamenean Abotsanitzen hainbat ekarpen txertatuko dira: hamasei emendakin aurkeztu ditugu guztira eta horietatik zazpi barneratuko dira aurrekontuan, lau udal gobernuaren proposamenak aintzat hartzen dituelako, eta beste hiru EAJrekin adostu ditugulako. Guztira 800.000 eurotik gorako ekarpenak onartu dizkigute. Aurrekontu partehartzaileentzako diru-partida ez digute onartu, baina datorren urteko aurrekontuan sartzeko konpromisoa hartu du EAJk.
Balioan jarri nahi dugu hitz eginez eta adostasuna bilatuz gauzak aurrera atera daitezkeela. Hori bai, gauzatzean dago gakoa, eta azken urteetako kreditu aldaketetan hartutako erabaki gehienak ez dira burutu, kudeaketa txarra dela-eta. Horregatik, aurrekontuaren jarraipen batzorde bat eratzea eskatu dugu kreditu aldaketaren negoziazio prozesuan, baina hori ez digute aintzat hartu. Halere, onartzen diren proiektuen jarraipena egingo du Abotsanitzek, aurrekontuaren jarraipena egiten duen bezala.
Aurrekontuaren likidazioaren berri ematea
Gai hau sakonago uztailean lantzen den arren, iazko aurrekontuaren likidazioaren berri emango du udal gobernuak. Lotsatzeko modukoa iruditzen zaigu iaz, pandemiaren urtean, Hondarribiko Udalak 4,1 milioi euroko soberakina eduki izana. Gogoan dugu, zergak jaisteko proposamena egin genuenean, nola erantzun ziguten ez zela momentua. Zertarako? Altxortegia handitzeko.
Txomin Sagarzazu alkate denetik 21 milioi euro handitu da altxortegia, bataz beste 3,5 milioi euro urtean. Dagoeneko 59 milioi euroko altxortegia du Hondarribiak, eta plangintza eza eta kudeaketa txarra dira horren arrazoi bakarra.
Aldaketak lanpostuen zerrendan
Osteguneko osoko bilkuran landuko den beste gai bat plantilla organikoaren eta lanpostuen zerrendaren aldaketa izango da. Aurretik kudeaketa txarraz hitz egin badugu, oraingoan ere egin behar dugu. Izan ere, udal langile taldearen egungo egoerak ere eragiten baitu kudeaketa horretan. Behar baino langile gutxiago daude, eta bitartekotasun (interinidade) tasa ikaragarria da.
Lanpostuen zerrenda ez dago errealitatearekin lotuta, eta oso erraz azaltzen da hori: Politika onaren seinale, udal gobernu batek agintaldi bakoitzean plantilla osoaren plangintza bat aurkeztu behar du, agintaldian zehar plangintza hori betetzeko. Hondarribian ez da egiten, are gehiago, daukagun lanpostuen zerrenda joan den mendekoa da. Eta ostegunean bozkatuko denak ez du hori aldatzen.
Europako Batasunak eta Jaurlaritzak diote bitartekotasunak abusuzko egoerak dakartzala, eta ostegunean bozkatuko denak ez dio Hondarribiko udal langile taldearen bitartekotasun mailari inolako soluziorik ematen. Ez dira konpromisoak betetzen ari, ez dira urratsak ematen ari, ez dugu inolako emaitzarik ikusten.
- Egutegia
- 357 irakurketak
- Castellano