Klima-larrialdiaren inguruko mobilizazioetan parte hartzera deitu du Larreko Mahaiak

cartel

Fridays For the Future nazioarteko erakundeak deituta, ostiralean, hilak 24, Klimarengatiko Greba Orokorraren edizio berri bat egingo da. Ekimen horrek Euskal Herrian ere isla izango du, eta Donostian aurreikusitako mobilizazioen berri ematen duena.

Larreko Mahaia, bere baitan Gipuzkoako hainbat talde ekologista, erakunde sozial eta sindikatu biltzen dituena, ekimenarekin bat dator eta herritarrei dei egiten die mobilizazioetan parte hartzera, bereziki ostiral arratsaldean, 18:00etan, Donostian egingo den manifestazioan.

Larreko Mahaiaren iritziz, agintariek tematuta jarraitzen dute iraunkorra ez den eredu ekonomiko eta sozial batean, eta, horrela, krisi klimatiko eta ekologikoa areagotu baino ez dute egiten. Agintariez oro har ari gara, baina bereziki bertako agintariez. Izan ere, ezinbestekoa iruditzen zaigu ageri-agerian uztea hemen egiten diren hondakin-, bioaniztasun-, lurralde antolaketa- edota energia-politikek larrialdi-egoera globalarekin zerikusi zuzena dutela.

Gauzak horrela, norabide-aldaketa sakona behar dugu, trantsizio justu baterantz. Baina trantsizio justu hori ez da posible izango baldin eta euskal jendarte aktiborik ez badago. Horra hor zer gertatzen ari den azkenaldion argindarrarekin, gero eta garestiago. Garbi dago ezin dela trantsizio hori egoera honetara ekarri gaituzten konpainia berberen eskuetan. Eta bertako agintariak horixe egiten ari dira Europako funtsak jasotzeko lehen-lehen lerroan Iberdrola edota Repsol bezalako enpresak jartzen dituztenean.

Larreko Mahaiak uste du ostiralean aurreikusitako mobilizazioak urrats garrantzitsuak izan daitezkeela euskal jendartea trantsizio justu baten bidean aktibatzeko. Horregatik dei egiten die herritarrei parte hartzera.

Etiquetas: