Asier Guridi euskal iheslari politikoaren jakinarazpena


EUSKAL HERRIARI JAKINARAZPENA

Asier Guridi Zaloña euskal iheslari politikoak ondorengoa azaldu nahi dio Euskal Herriari: 2001. urtetik etxetik kanpo naiz Estatu Espainolaren zazarpenari ihes egin nahiean; era berean aurrekari gisa gogoratu behar da aurretik Guardia Zibilaren esku tortura larriak eta presondegietan sei jipoi ere jasoak ditudala.

2005.urtetik Venezuelan nago bizitzen eta bertan jaio zen 2008. urtean nire semea. Venezuelan herritar arruntekin bat eginez mototaxista eta taxista lanak eginaz bizi izan nintzen zenbait urtez 2013.urtean atxilotua izan nintzen arte.

2013.urtean eta preso denbora laburra egin ostean hasi zen nire infernua. Ni nortasun, eskubide, berme eta bizibiderik gabe utzi ninduten kalean; eta honek nire semea Iban ere nortasun arazoekin eta eskubiderik gabe utzi zuen. Urteak egin ditugu era guztietako arazoak genituelarik; jangaien arrazionamendua izan genuen garaian supermerkatuetan ez ziguten janaririk saltzen N.A.N agiririk ez genuelako; linboko egoera honetan ez zegoen taxista edo mototaxista lanik egiterik, eta diruiturri bila kalera laranja zukuak egin eta saltzera ateratzean ere eragozpenak izan ziren…

Urteak igaro ditugu egoera honetan. 2020.urtean Caracaseko Espainiar Kontsulatuak ere Espainiak atzerrian eman dezakeen nortasun agiri bakarra ukatu zuen; eta neurri honekin, Iban semea, "Espainiar herritarren" eskubide berberekin ahaldundu eta Oñatin egonik, Venezuelar jatorriko erregularizazioz kanpoko haurra izatea ekiditzeko bidea ere itxi zitzaidan. Nola semeari dagozkion eskubideak eman, eskubide horiek eskuratzeko beharrezkoa den aitaren nortasuna ukatzen bada?…

Ez batere goxoa gizartetik, eskubideetatik eta bermeetatik kanporatua izatea. Linbo egoera honetan bizi beharrak egunerokoan mila arazo sortzen ditu! Besteak beste ezin lanbide normal bat izan; ezin gidatzeko baimenik izan; ezin debitu txartelik edo bankuko konturik izan; ezin mugikorrik norberaren izenean izan.... Eta nire seme Iban Guridiri ere eragiten dio; ezin ikasketetarako beharrezko dituen bekak eskatzeko eskaerak osatu; ezin erregularizazio agiria eskatzen den txango eta bestelakoetan parte hartu; ESO-ko ikasketak amaitzean ez omen zaio horren agiririk emanen; edo bere aitonamona zahar eta gaixoak hilko baliratezke erentzia jasoteko orduan eragozpenak besteak beste.…

Horrela ba, egoera hau sakon sakonetik konpondu beharra dago eta jakinarazpen honen bidez azaldu nahi dut gaur abenduak 3 Caracaseko Espainiar Kontsulatuaren aurrean gose greba mugagabea hasten dudala nire eta nire semearen eskubideen eske. Espainiar Estatua da duela urtebete niri pasaportea ukatuz gure egoera erregularizatzea ezinezko egiten duena. Era berean Venezuelako Gobernu Bolibariarrak ere baditu egoera hau konpontzeko tresnak; bai asilo eskubidea emanez; bai errefuxiatu Izaera onartuz eta bai hemen hainbeste urte daramatzan Venezuelar jatorriko haur baten aita izatearren ohizko nortasun agiria eginez; Venezuelako Gobernu Bolibariarraren esku ere dago Ibanen jaiotze agirian egin beharrezko zuzenketa guztiak egitea.

Honenbestez Euskal Herriko herritar, lagun eta talde ezberdinen babesa eta laguntza eskatzen dut, iragarri dudan borrokaldiak bilatzen diren emaitzak izan ditzan

Nigatik eta nire semeagatik, guregatik!!! Linboegoeratik borrokara!!

Etiquetas: