Bigarren ‘Udal Kronika’ etxeetara iristen hasi da

UK2 Postontzietan

Abotsanitz.- Abotsanitz alderdiak Hondarribiko Udal Kronika argitalpenaren 2. zenbakia kaleratu berri du. Hondarribiko postontzi guztietara banatuko da eta dagoeneko hasi dira lehen aleak etxeetara iristen.

Hiru gai nagusi jorratzen ditu bigarren zenbaki honek: azpikontratazioa, aurrekontuak eta plan orokorra, hirurak ele bitan. Horiekin batera, laburrago, beste gai batzuk jasotzen ditu, hala nola, etxebizitza publikoa, Solbesko adokinak, memoria historikoa, mugikortasuna, eta abar.

Lehen zenbakia 2021eko ekainean argitaratu zen, bi helbururekin: Batetik, Abotsanitz Udal Taldearen lana gizarteratzea, eta bestetik, udal gobernuaren gardentasun ezari eta propagandari aurre egitea. Bigarren zenbakiaren helburuak, tamalez, berberak dira, ikusten ari garelako gobernu taldearen jarrera ez dela ezertan aldatzen ari, eta udal prentsa zerbitzuak bakarrik EAJren berri ematen duela.

Horren adibide da azkenaldian iragarri duen parte hartze prozesua. Udal gobernuak azaldu du herritarrek aukera izango dutela nahi duten proiektua onartzeko, baina ez da egia, gobernuak aukeratutako bost proiektuen artean erabaki behar dutelako; ez dira hondarribitarrek proposaturiko proiektuak, ez zaie galdetu ea zer nahi edo behar duten. Hau da, parte hartze prozesuan aukeratuko den proiektua, edozein dela, udal gobernuak inorekin kontsultatu gabe aukeratu duen proiektuetako bat izango da.

Etiquetas: