LABek greba deitu du maiatzaren 19an Gipuzkoako egoitzetan lan hitzarmenaren eta ratioak hobetzearen alde

 imagen

LAB Sindikatua.-Gipuzkoako egoitzetako egoera jasanezina da. 5 urte baina gehiago luzatu den gatazka honi, Covid-19aren izurriteak izan duen eragina gehitu behar diogu. Jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da eta urgentziazkoa da irtenbide duin bat erdiestea: egoerak eskatzen duelako eta sektoreko langile zein egoilarrek merezi dutelako.

Argi dago egoera hau, zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekarietatearen eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio dela. Gainera, hau ez da sektoreko langileen eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat; gipuzkoar guztioi eragiten digun auzi soziala baizik, kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko eskubidea edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan egitekoa urratuak izaten ari direlako.

2 urteren ostean erabat blokeatuta zegoen negoziazio mahaia biltzea lortu dugu. Orain ordea, Patronalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren erantzukizuna da mahaia berriro ez blokeatzea. Edukiez hitz egiten hasteko momentua den honetan, borondateetatik haratago, proposamen zehatzak mahai gainean jarri beharko dira.

Borroka da bide bakarra. LAB sindikatutik behin eta berriz errepikatu dugun moduan, herrialdeko lan hitzarmena eta ratioen hobekuntzak ezinbesteko baldintzak dira gatazka honi irtenbidea emateko.

Sektoreko langileek aurrera daramaten borroka nekaezin eta eredugarria babestu eta presio sozial zein sindikala biderkatzeko unea da. Horregatik, ezinbestekoa izango da langile guztien inplikazio eta elkarlana, batasun sindikaletik hasi eta egoiliarren senideen elkarteen zein mugimendu sozial ezberdinen artean aliantzak eraikitzeraino.

Hori dela eta, maiatzaren 19ko greba egunera batzen gara eta mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Zaintza lanak aitortu, zerbitzua hobetu!

Etiquetas: