Korrikaren aurkezpena Irunen

Egun on denoi:

Gaurkoan, hemen bildutakook datozen egunetan hasiko den KORRIKA 18 ren berri eman nahi dizuegu.
Jada jakingo duzuen bezala, aurtengoan EMAN EUSKARA ELKARRI da leloa.

 Euskara da, izatez, euskal herritarrok ELKARREKIN bizitzeko aukeratu nahi dugun hizkuntza. ELKARRI hitz egiteko hizkuntza. ELKAR entzuteko eta ulertzeko.

Elkarbizitzaz hainbeste hitz egiten dugun uneotan, ezinbestekoa da ELKAR bizitza horretarako erabiliko dugun hizkuntzaz ere mintzatzea. Eta KORRIKA 18K  prozesu hori EUSKARAZ ere (eta batez ere) egin behar dela aldarrikatu nahi du. Halakorik ezean, berriro ere, euskal gizartearen zati handi eta garrantzitsua (euskaldunona eta euskalakariona) alboratuko genuke. 

ELKAR entzutea eta ulertzea izanik helburua, ELKAR bizitzarako erabili beharreko hizkuntza euskara da, gure ikuspuntutik.Horregatik da garrantzitsua dakienak ikasi nahi duenari irakastea, ulertzen duenak hitz egiten duenari erabiltzeko aukera ematea, agintariek herritar orori ikasteko bideak erraztea… azken batean, ELKARRI ematea euskara bakoitzak duen egoeratik abiatuta.

Eta lan horretan denok daukagu gure zeregina eta zeresana. Korrika 18k, berriz ere, euskara denona dela eta denontzat izan behar duela azpimarratu nahi du. Aurreko KORRIKAK argi erakutsi zuen euskara badela euskal herritarrontzat kohesiorako tresna  eta aurtengo KORRIKA honek euskararen balioa azpimarratu nahi du kohesiorako lehengai eta tresnatzat.

Hau guztia, inolako bazterketarako asmorik gabe planteatu nahi dugu. AEK-ko kideok ez dugu honetatik guztitik inor baztertu nahi eta horrexegatik aldarrikatzen  dugu euskal herritar euskaldun eta euskalakaria, geurea den herrian, geurea den hizkuntzan bizi ahal izatea eta euskaraz eraikitzea denona izan behar duen  ELKAR bizitza.

AEK-ko kideok hizkuntza eta kultura bizien arteko bizikidetza aldarrikatzen dugu, eta munduarentzat defendatzen dugun kultura aniztasunak bertako aberastasunaren errespetuan eta sustapenean oinarritu behar dela deritzogu. Horregatik dugu helburu euskararen ikaskuntzan eta erabileran oinarritutako ELKAR bizitza.

Beste hainbeste Korriketan bezala, botere publikoei dei egin nahi diegu espresuki, euskara babesteko eta bultzatzeko neurriak ezar ditzaten. Erraztasunak eman diezazkiguten herritarroi euskara ikasi eta erabili ahal izateko. Eta ildo berean, dei egiten dizuegu herritarroi, norbanakoari eta erakunde guztioi ere, euskara ikasi eta erabil dezazuen, euskararen  aldeko testuinguru soziopolitikoa sor dezagun guztion artean. 

  • Honekin guztiarekin lotuta dago KORRIKA 18k aukeratu duen omendua  kolektiboa izatea.
     
  • Euskara euskal herritarron ELKAR bizitzarako gakoa izanik, ELKARREKIN bizitzeko, ELKARRI hitz egiteko, ELKAR entzuteko, eta ELKAR ulertzeko tresna izanik, euskal herritarrok euskal kultura ezagutzea eta euskara jakitea beharrezkoa da, herriz herri eta eskualdez eskualde.
     
  • Horregatik, geuk, Bidasoko AEK-k, euskalduntzen eta alfabetatzen ari zareten ehundaka eta ehundaka pertsonak omendu nahi zaituztegu. Euskalakari izateko ahaleginean euskara ikasten eta praktikatzen ari zareten guztiak, edozein izanik ere zeuen egoera linguistikoa edo  jatorria.
     
  • Zeuen ahaleginarekin euskaraz bizi ahal izatea ahalbidetzen eta, beraz, ELKAR bizitzarako aukerak sortzen ari zaretelako, bihoakizue egun euskalduntzen eta alfabetatzen ari zareten ikasle guztioi, Korrika 18ren eta AEKren omenaldia.
     
  • Horrez gain, mezuan aipatu dugun legez, “hainbeste Korrikatan bezala, botere publikoei dei egin nahi diegu espresuki, euskara babesteko eta bultzatzeko neurriak ezar ditzaten ” . Bada, omendu ez ezik, euskara ikasleen lekukotza ozen plazaratu nahi dugu, ez delako zilegi bertako hizkuntza ikasteko ikasleek ordaindu behar dutena ordaindu behar izatea. Doakotasuna aldarrikatzen dugu, euskal herritar guztien eskubidea delako euskaldun izatea.
     
  • Beraz, zuongan,ikasle eta euskalakariongan, jarri nahi dugu aurten,bereziki, arreta eta zuek omentzeko modurik egokiena Bidasoan inoizko Korrikarik jendetsuena egitea dela uste dugu.

Hala, Bidasoko bizilagun guztioi gogorarazi nahi dizuegu hitzordua martxoaren 23tik 24rako gauean izango dela, goizaldeko 02:15ak aldera, hain zuzen ere. Jakizue aurtengoan Oiartzundik sartu, Landetxatik segi , hondarribiarrei lekukoa pasa eta Irundik barrena ibili ondoren, Hendaiara igaroko dela Korrika.

Horretaz gain , jakinarazi nahi dizuegu hainbat eta hainbat izan direla  festa honen harira antolatutako kultur ekitaldiak, esaterako: Xaian egindako bertso-afari musikatua;Barri Barrezen bakarrizketa;Hankahutsik taldearen kontzertua; Zuloak, Tori eta Joseba Irazokik eskainitako kontzertua etab.

Nolanahi ere, indar berezia jarri nahi genuke aurrerantzean egingo ditugun ekimenetan eta dei egiten dizuegu  honakoetan parte har dezazuen:

  • Martxoaren 15ean,ostiralarekin, Jon Miner eta Intxixu lotien banda izango dugu Irungo Kabigorri ateneoan, gaueko 11:00etan.

  • Martxoaren 21ean,osteguna,Korrika Txikia egingo dugu Irunen.Egun horretan bertan,Joxemari Agirretxe “Porrotx”ek helduentzako hitzaldia emango du “Euskal Herriaz eta irriaz ”izenekoa.Arratsaldeko 05:00etan AEK euskaltegian.
     
  • 22an, ostiralez, Korrika Txikiak izango dira Hondarribian eta Hendaian .Goizean lehena, arratsaldean bigarrena.
     
  • Martxoaren 23an, Korrika eskualdera iritsiko den egunean,  Korrika afariak izango dira hainbat tokitan, besteak beste, Landetxako Elatzetan, Hondarribiako Olagarro elkartean nahiz Batzokian,eta Irungo hainbat taberna eta EKT elkartean.Azken honetara joateko txartelak salgai izango dituzue Sunbilla,Migel eta Mari tebernetan, baita AEKn bertan ere.

Honenbestez, ez genuke bukatu nahi zuei guztiei eskerrak eman gabe. Zinez eskerrak eman nahi dizkizuegu era batera edo bestera Korrika laguntzen ari zareten eta lagunduko duzuen guztioi, milesker bihotzez. Eta bereziki, aipatu nahi zaituztegu,zuek, une latz hauetan kilometroa erosteko ahalegin paregabea egiten ari zareten taldeok,ezinbestekoa baita AEKrentzat zuen diru ekarpena.Bihoazkizue,beraz, gure eskerrik beroenak:Oarso-Bidasoko langileak, Irungo CAf eko LAB eta sekzio sindikala,Irungo Mendizaleak elkartea,Elatzeta Ikastetxea,Elatzetako auzokideak, Lakaxita Gaztetxea eta bertako eragileak,Amuteko Auzo elkartea,Emeki  emakume elkartea,Hondarribiko Arraun elkartea,Hondarribiko Udala,Talaia Ikastetxe eta Institutua,Arrantzaleen Kofradia,Olagarro elkartea,Hondarribiko EH Bildu,Hondarribiako EAJ,Irungo EAJ,Pio Baroja Institutua,Bidasoa Institutua,Eguzkitza Ikastetxea, Irungo Moskuko tabernak,Kemen dantza taldea,Irungo EKT elkartea, eta Irungo Betti-Gotti euskara taldea.Milesker guztioi, bihotzez.

Horretaz gain, jakinarazi nahi dizuegu oraindik ere badela kilometroak erosteko aukera, beraz, inor animatuko balitz, Irungo edo Hendaiako AEKra hurbildu besterik ez du.

Bukatzeko, berriz ere eskerrak eman nahi dizkizuegu hendaiar,hondarribiar eta irundar guztiei, eta baita  animatu ere aipatutako ekimenetan parte hartzera.Ea denon artean inoizko Korrika arrakastatsuena izatea lortzen dugun!

Milesker.

Etiquetas: