Ez Irunen ez inon AHTrik ez!!!!!!!

Inprimatzeko egokitutako bertsioaEnviar por correo

foto

IRUNGO AHT ren AURKAKO TALDEA.- Gaur, Irunen, Trenbideari buruzko bostgarren Komunikazio Jardunaldia burutu dela eta, Irungo AHTren taldeak deituta, elkarretaratzea burutu da Ficoba aurrean. Bertan, 15 lagun inguru batu gara eta ozen eta argi esan diogu AHTri ezetza. Elkarretaratzea amaitu eta hortik gutxira, Adifeko Iparraldeko Azpiegituren gerentea jardunaldian hizketan ari zela, sei lagun sartu dira hitzaldia moztuz. “Ez Irunen ez inon, AHTrik EZ!” zioen pankartarekin sartu dira eta herritarren parte-hartze eza salatuz, eskuorria banatu zaie bertan zeudenei. Hortik gutxira, Ertzaintza agertu dela eta, kanporatzearekin batera, identifikatu behar izan dute. 

Jardunaldian, trenaren balizko lagunak eta Irungo alkatea batu dira  Abiadura Handiko Trena goraipatzeko. Jakina denez, Irungo Udalak  “hirugarren haria” eraiki nahi du Irunen eta gu egitasmo honekin kritiko agertzen gara. Izan ere,  gaur egungo tranbia da Irundarrok gehien erabiltzen dugun garraiobidea distantzia laburretarako  eta hirugarren hariak tranbia  nabarmenki kaltetuko luke.  

Abiadura Handiko Trena ekologia arloan suntsitzailea eta ekonomikoki porrot egin duen egitasmoa da. Lurrari eraso, energia xahutu, zarata arazo larriak sortu, hipermugikortasuna areagotu eta herri txiki nahiz hiri ertainen kaltetan lurraldea hirigune handietan are gehiago zentralizatzera datorren garraiobide elitista da AHTa: herritarren gehiengoak inoiz edo behin erabiltzen du, eta gutxiengo batek soilik baliatzen du maiztasunarekin. Bestalde, AHT bezalako azpiegitura-lan handietan baliabide publiko kopuru itzelak xahutzen dira, eta zarrastelkeria hori murrizketa sozialen eragileetako bat da. Gehigarri, AHTa egiten ari diren bitartean, Bidasoaldean oinezko zein txirrindulaz doazenentzako bideen gabezia dago herri batetik bestera joateko.

foto

AHTren iritsierarekin batera, Tren Eremu Berriaren bitartez  trenbideak liberatzea aurrikusten du Udalak, baina horrek ez du esan nahi hiritarrok espazio hura berreskuratuko dugunik. Tren Eremu Berriaren egitasmoa espekulatiboa da guztiz.  Bulegoek, merkatal lokalek, garajeek eta merkatalgune erraldoi batek, Irundarron bizitzaren merkantilizazioa eta kontsumismoa areagotuko lituzkete. Honek ez du sustengarritasuna bermatzen eta bizi kalitatea hobetu baino bizi balditza kaskarragoak ekarriko ditu biztanleontzako. 

Horregatik guztiagatik, Irungo zein Euskal Herriko biztanlegoaren kopuru handi batek, AHTren inposizioa salatzen dugu,   azpiegitura honek enpresa eraikitzaileen eta politikarien interesak bermatzen  dituelakoan gaudelako. Naturarik gabe ez dago ongizaterik. Biztanleon benetazko onura  eta natura errespetatzen dituen jendarte eredu berriaren alde gaudenez, AHTren egitasmoa bertan behera uzteko eskatzen diogu Irungo Udalari.