Labore, elikadura burujabetza elikatu[Z!] Bi urteren ostean, jauzi berri baten bila!

 

irudia

LaboreTxingudi.- Urriaren 12a egun seinalatua da Labore Txingudirentzako. Hainbat urtez elikadura burujabetzaren alde indarrak bildu ondoren, Lakaxitatik Irungo Alde Zaharrera egin genuen jauzi. 2019ko urrian Uranzu kaleko 13.ean kokatu ginen, “Bazar Uranzu”-k bizitzaz bete zuen espazioan lekukoa hartuz. 2019. urtea 40 bazkide ingururekin hasi genuen eta 150 ingururekin amaitu. Egun 200dik gora gara, aipatu denda lanabes nagusi, elikadura burujabetza jorratzen dugunak gure egunerokoan.

Eguneroko erosketa horiekin, elkartean bazkidetuz, Uranzu kaleko 13.etik gauza asko egiten baititugu eguneroko keinu xehez. Konturatu gabe askotan. Izan ere, gure dendatxoa gauza asko egiten dituen tresna herritarra baita:

  • Euskal Herriko ekoizleak ezagutu eta beraiekin harreman justuagoak eraikitzeko zubia da. Bizitzaren oinarri diren elikagaiak ekoizten dituzten horien guztien duintasuna lantzeko tresna, gure lehen sektoreari eusteko proiektua.
  • Behar dugun trantsizio ekologikorako lanabesa da. Izan ere, tokikoa eta ekologikoa lehenetsiz, nekazaritza-industriaren eredu suntsitzaileari eguneroko alternatiba ematen diogu. Egunero praktikatzen dugu ekarri behar dugun “mundu berri” hori.
  • Osasuna modu kolektiboan babesteko egitasmoa da. Bai, elikadura osasuntsu bat gure plateretara ekartzea ahalbidetzen dugulako denak elkarturik.
  • Burujabetza eraikitzeko laborategia da. Bai, egun jaten ditugun elikagaien % 5 bakarrik delako Euskal Herrian osoki egina. Pandemiak erakutsi digun moduan, gure elikagai hornikuntza kolokan jarri ditzakete mundu mailako krisiek eta hortaz elikadura burujabetza lantzen, elikadura “segurtasuna” ere lortzen goaz. Hori datozen hamarraldietan gakoetako bat izango da bizitza duinen sostengurako.
  • Komunitatea egiteko espazioa da. Bai, izan ere proiektua ezinezkoa da komunitate gabe. Bakoitzak bere ahal eta nahien arabera baina denok egin dugu ekarpena eta bide horretan elkar ezagutu, harremanak ehundu eta lagun egin gara asko. Hau da, kohesio soziala eta elkartasun komunitario iturri bada Labore.

Proiektuak ertz asko izan ditu: elkartegintza, bideragarritasun ekonomikoa, administrazioa, langileen lan izugarria, antolaketa... Horrez gain, eta azpimarratu behar den langileen konpromisoari esker, eskualdeko proiektu ezberdinetan engaiatu gara: Bidasoa Km0, BDSKoop-en saretu gara, Antxetarekin irrati kolaborazio iraunkorrak egin ditugu, nekazal-ekologia tailerrak eman ditugu eskoletan, eskualdeko jantoki kolektiboetan bertako produktua txertatzen saiatu gara, eta abar.

Horrela, azken bi urteak elkartearen eta honen proiektu izarra den dendaren egonkortze urteak izan dira. Hau da, eraikitakoaren zimenduak indartzeko denbora. Tarte honetan krisi sozio-sanitarioa igaro dugu, mundua aldatzen antzeman dugu eta honen aurrean hasierako hipotesian indartu besterik ez gara egin: bizitza on baterako ezinbestekoa dugu elikadura burujabetza lantzea Euskal Herrian eta horretarako Behe Bidasoan Labore Txingudi ezinbesteko tresna bat da.

Konbentzimendu indartu honetatik, ikasturte hasierarekin jauzi berri bat emateko apustua egin genuen irailean ospatu genuen Batzar Orokorrean. Saltoa bi hanka nagusitan oinarritu nahi dugu:

  • Elkarteko Bazkideen parte hartzea indartu: Urtarrila arteko prozesu bat ireki dugu, zeinak laboreko bazkideen artean “talde eragile” berri bat osatzea bilatuko duen. Hemendik elikadura burujabetza eskualdean lantzen jarraitzeko.
  • Bazkidetza kanpaina: Labore Txingudi zer den bidasotarrei azaltzeko ahalegin berritua egingo dugu. Guk bezala, gure etorkizuna lantzeko tresna bezala ikus dezaten eta elkartean bazkidetzera gonbidatuz.

Labore Txinguditik argi dugu aurrean dugun etorkizun ezegonkorraren aurrean, elikadura eta tokiko garapena bi ardatz gako izango direla. Hobe bizi beharko dugula gutxiagorekin eta erronka potolo horretan, elikadura ardatz estrategikoa izango dela; ertakoa eta ekologikoa ezinbestean.

Azken urteek erakutsi digute Behe Bidasoan badela erronka honi heltzeko behar eta gaitasuna eta hori askoz hobeto egiten dela elkarrekin, komunitatean. Antolatuz eta elkarrekin erabakiak hartuz.

Ziur bidean elkar topatuko dugula.

Labore Txingudi. Nekazaritza-ekologia eta elikadura burujabetza sustatzeko Behe Bidasoko elkartea. https://laboretxingudi.eus/eu/

Etiquetas: