Mobilizazio berria igande honetan Kataluniaren alde

Non: 
Mosku eta Zabaltzen Plaza
Data: 
Igandea, Urria 8, 2017 - 11:00
Antolatzen du : 
Irun Kataluinarekin

IMG_7265.JPG

Igande honetarako, hilak 8, antolatu dugun performance (11:00 Mosku-Urdanibia) zein elkarretaratzearen berri (12:00 Zabaltza plaza) ematen dizuegu atxikita duzuen dokumentuan. Kataluniako prozesuarekin elkartasunean eta Estatuaren jarrera salatzea dugu xede.

Estatu espainolak demokrazia kaleratzen du

Alkateen gaitasun gabetzeetatik, inprimagailu eta papeleta bila aritu diren guardia zibiletara, galdeketa prestatzen ari zen jendearen atxiloketa eta azkenik igandean ia 900 zauritu zenbatzera iritsi gara. Dena, katalanek Estatuarekin nahi duten harremana erabaki ez dezaten.

Ez da posiblea aldarrikapen sinple hauen aurrean Estatuak hain modu bortitzean erantzutea. Antzeko gatazkak bai Eskozia eta Erresuma Batuen artean bai Quebec eta Canadaren artean gertatu dira. Hauetan bi aldeek adostutako erreferendum baten bidez eraman ziren aurrera. Kasu honetan aldiz, herri katalanak autodeterminaziorako duen eskubidea Estatuak ukatu egin duela ikusita, katalanek, harik eta estatuaren demokratizazioa iritsi arte itxaron gabe, urriaren 1ean bozketa antolatu zuten. Arazoaren izaera demokratikoa da, eta berriro ere, agerian gelditzen ari da Estatuak demokraziarekin arazo bat duela, ez al da bada demokratikoa jendeak bere estatus politikoa erabaki ahal izatea?

Instituzioak bere lagunen artean negozioak egiteko erabili dituzten horiek, hau da, korrupto horiek, legea bortxatua izaten ari den akusazioa leporatzen ari zaizkie gainontzekoei. Zalantzarik ez dago, legea euren alde dutela, 78ko erregimenaren oinordekoak baitira, baina zilegitasuna, ordea,  herritarrei euren etorkizun politikoaz galdetzen dietenen alde dago, zilegitasuna, beraz, herri katalanarena da, eta espero dezagun euskaldunok ere, albait lasterren, eskubide zilegi hori gauzatzea.

Garbi dago menpekoa ez den harreman oro menpekoa dena baino libreagoa izango dela beti, eta gaur egun, katalan eta euskaldunok estatu espainiarrarekin duguna, zalantzarik gabe, menpekoa da. Autonomia bertan behera utziko lukeen 155. artikulua aplikatzeko mehatxupean bizi gara, baina arestian esandakoa gogora ekarriz, legeak izango dituzte euren alde, baina inondik inora zilegitasuna.

Prozesu demokratikoak auzitegiaren bitartez gelditzen saiatzen ari dira, eta beharbada, epe motzean emaitza onak lortuko dituzte, baina argi eta garbi izan beharko lukete errepresioaren bidez ezingo dituztela herritarrek abian jarritako prozesuak gelditu, zeren lehenago edo geroago, kalalanek eta euskaldunok gure etorkizuna erabakitzeko dugun zilegizko eskubidea gauzatuko baitugu. Zoritxarrez, aste beltz hauen ondoren, eztabaida ez da herrien erabakitze gaitasunaren inguruan izan, eszenatoki aurredemokratiko batean kokatu baikara, eztabaida eskubide zibil eta politikoen ingurukoa da.

Demokrazia zein herritarron eskubide zibil eta politikoak hilik daudela esateko performance bat (11:00tan Moskutik irtengo den hileta prozesio bat) eta konzentrazioa (12:00tan Zabaltza plazan) antolatu dugu igande honetan, hilak 8. Horrela, Estatu espainolaren jarrera antidemokratikoa salatu eta herriek autodeterminaziorako duten eskubidea aldarrikatuko dugu

Etiquetak: