Hondarribiko Udala eta euskararen egoera

Hondarribiko E.H. Bildu.- Hondarribiko Udalak hondarribiarron euskararen erabilera handitzeko egiten duen saiakera kezkatzen gaitu. Euskararen alde ekitaldi eta jarduera ugari antolatzen baldin badira ere, Udalak ez du gaur egun erreferentzia fidagarririk saiakera hauen eraginkortasuna edo emaitzak neurtzeko. Nola jakingo dugu zenbateko bidea egin den, abiapuntua ez baldin bada ezagutzen ?

Joan den abenduaren 17an egindako Osoko Bilkuran E.H. Bilduk udal taldeak bertan onartuko ziren aurrekontuei emendakin bat egin zien, gai honi heltzeko asmoz. Emendakin horretan ― Euskararen erabilpenaren sustapena ― 30.000,- euroko partida eskatzen genuen Hondarribian euskararen erabileraren inguruko diagnosi lan bat egiteko.
Honen aurrean, EAJren Udal gobernuak, Sagarzazu Jaunaren eskutik ― EAJren hurrengo hauteskundeetarako alkategaia ― ezezko borobila eman zigun.

Bere interbentzioa laburbilduz, “Nahikoa datu ba omen genituen gure herriko egoera ezagutzeko: Eustatek emandako datuak, bost urtero Kluster Soziolinguistikoak egiten duen neurketa; Euskara Biziberritzeko Plan barruan (2012-2015), Udal administrazio mailan neurketa zehatz bat egin zela eta jarduera ugari antolatzen zuela euskara bultzatzeko, eskoletan adibidez”.

E.H. Bilduk ez du ukatzen jarduerak egiten direnik euskara bultzatzeko, Jarduera horiek ahalik eta eraginkorrenak izateko benetazko egoeraz jabetzea nahi ta ezkoa dela pentsatzen du. Bestalde, euskararen presentzia gero eta txikiagoa denaren irudipena gero eta zabalduagoa dago herritarron artean, eta hau aztertzea beharrezkoa dela ikusten dugu.

Kluster Soziolinguistikoak egiten duen azterketari buruz, hau bost urtean behin egiten den neurketa bat da, Euskal Herriko neurketa barruan sartzen dena, eta emaitza batzuk ematen dituen arren, bertatik lortzen den informazioa mugatua da. Beraz, kale neurketa sakon bat egitea oso beharrezkoa iruditzen zaigu. Jakin izan dugunez, erabilera neurketa sakonagoak egiten dira gure inguruko Lezo, Pasaia, Oiartzun edo Errenteria bezalako herrietan, baita, Euskal Herriko beste hainbat herrietan ere. Hondarribiko auzo eta elkargune ezberdinetan (kiroldegian, San Pedro kalean asteburuetan, jolas parkeetan…) kale neurketak egiteak pista handiak emango lituzke aurrera begira antolatu behar diren jarduerei begira, inertzia eta emaitza eskaseko programak baztertuz.

Gainera, neurketa hau abiapuntua izan daiteke 2015 urtean prestatzen hasi beharko genukeen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusi berriaren diseinurako, eragile desberdinekin prozesu parte hartzaile baten bidez zerbait zehatzago eta berriago egiteko. Badira herrian kezkatuta dauden eta inplikatu nahi duten eragileak, Hondarribian euskarak prestigioa irabaz dezan lan egiteko gogoz daudenak.

Zaila da euskararen presentzia herriko bazter guztietara zabaltzeko plangintzarik egitea, aurrez diagnostiko sakona egin gabe.

Etiquetas: 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.