EH Bildu: "Kezka handiak ditugu Lakaxitaren etorkizunaren inguruan"

argazkia- Funtzionatu ez duten orain arteko neurriez gain, zer gehiago egingo zenukete Irunen euskara gehiago entzun dadin?
 
Legealdi honetan, aurrekontuak euskaraz izatea lortu dugu. Gure hizkuntza erabili dugu plenoetan, baita dokumentazio guztia behintzat elebitan egotea exijitu. Udalean sortzen den guztia euskaraz egotea bermatu behar da lehenik eta behin. 

Baita noski, udaletik sortzen diren ekimen, ikastaro eta proiektuak euskaraz eskaintzea. Honekin soilik euskararen erabilpenean ezberdintasuna sumatuko zen. Baina ez gara honetan soilik geratuko, kanpainak euskararen erabilpena sustatzeko eta kultur ekintza euskaldunak planteatuko genituzke.
 
Helduen euskalduntze eta alfabetatzea doakoa izatea nahi dugu eta horretan lan egingo dugu.
 
- Nola baloratzen dituzue azken hilabeteotan Irungo Udalak eskainitako kultur-jarduerak? Zer aldatuko zenukete?
 
Azkeneko legealdian proposamen berriak egon dira arlo honetan. Baina aldi berean murrizketak eman dira urtero egiten ziren hainbat ekimen bi urtetik behin egitera pasaz, zine eta bideo gazte lehiaketa kasu.
 
Irunen dagoen biztanleriarentzako eskasa dela uste dugu. Eskasa ekitaldi eta aniztasunean.
 
Elkarte edo eragileei ekintzak antolatzeko erraztasunak eman behar zaizkie udaletik eskaintza zabaltzearekin batera.
 
Baliabideak ere eskura jarriz, baliabideez ari garenean dauden espazioen erabilera doakoa bultzatu eta herriarentzat baliabide materialak lortu eta burokrazia murriztea izango da gure jarduna.
 
Honetaz gain, kultur batzordea motor eta erabakitzailea behar du izan, jai batzordea ere beharrezkoa ikusten dugu.
 
Noski, Euskal kultura eta euskaraz eskaintza zabaldu behar da.
 
- Egin daiteke Irun eta Palestinako herriren batekin anaitasun hitzarmenen bat hango populazioaren kontrako genozidioa ekiditeko asmoz?
 
Palestinako herriarekin elkartasuna erakutsi dugu egin diren ekimen guztietan parte hartuz. Herriko eragileen proposamenekin bat egin izan dugu, eta egiten jarraituko dugu. Botatzen den ideia proposamen ona izango zen. Anaitasun horrekin elkarlana bultzatu eta proiektuan martxan jarri ahalko ziren. Munduko beste herri guztien alde egingo dugun beraien aurkako zapalkuntza guztiekin amaitu arte.
 
- Adostuko al da Israelgo estatu genozidarekin traturi ez izateko erabakia?
 
Gaur egun dagoen udalbatzarekin egitea zaila da, berriarekin ikusi beharko litzake. Herri mailatik haratago oso zaila ikusten dugu.
 
- Saharari dagokionez, ba al duzue asmoren bat lankidetza, laguntza eta haren aldeko Irungo elkarteek egiten dutenaz aparte?
 
Palestina bezala Saharar herria ere zapalduta dagoen beste herri bat da. Zapalkuntza guzti horiekin amaitzeko gure esku dagoen guztia egingo dugu, herri, herrialde zein nazio mailatik.
 
- Zein da irungo emakumeon egoeraren inguruan egiten duzuen argazkia?
 
Emakumeon egoera sistema patriarkal baten ondorioa da. Kulturan txertatutako, eta tamalez mundu guztian zehar hedatua dagoena eta Irun ez da salbuespena. Krisi ekonomikoa emakumeon prekarietatea areagotu du, langabezi tasa Irunen Gipuzkoako handiena da, eta emakumeok lan presurizatuena egiten jarraitzen dugu. Hortaz gain Irungo udaletik naiz eta berdintasun planetan helburu gisa agertu, ez dira aurrera pausuak eman kontziliazio bidean. Ezta jaietan berdintasuna bultzatzeko neurriak jartzen.
 
- Zeintzuk dira zuen lehentasunak "Genero politika" edo "Politika Feministei" dagokienez?
 
Gaia serio eta modu transbertsalean lantzearena. Berdintasuna arau eta bizimodu bilakatzea. Horretarako gure proposamena berdintasun planetik haratago berdintasun arloa sortzea da. Politika aktiboak sortzea, ez soilik arazoei erantzuteko, eraikitzeko.

Udalgintzaren arlo guztietan kontutan hartu behar den gaia da, hirigintzan, kirolean, hezkuntzan.Horretarako inbertsio soziala egin behar da, dauden baliabideak probestuz baita proiektu berdinak aurrera ateraz, zaintzak duen garrantzia baloratuz eta aukera berdintasuna azpimarratuz.
 
Emakumeen etxea berdintasuna ez dagoen jendarte honetan behar beharrezkoa ikusten dugu, sortzeko, eta konpartitzeko espazio independiente izaerarekin. Guztiok ateratzen gara irabazten.
 
- Nolako harremana bultzatuko zenukete udalaren eta mugimendu feministaren artean? Zeintzuk dira instituzioaren lanak eta zeintzuk mugimendu feministarenak?
 
Aliantzak. Mugimendu feminista eskubide urraketak apurtzeko sortutako mugimendua da. Eta eskubideen bidea elkar konkistatu behar da. Instituzioa hauek bermatzeko betebeharra dauka. Eta bide horretan topatuko gaituzte.
 
Hau lortzeko politika aktiboak eraikitzeko lan egin behar da, baita mugimendu feministari baliabideak eskainiz, espazioak eta diru laguntzak eskura jarriz proiektuak aurrera egiteko. Mugimendu feministaren betebeharrak ez ditugu guk definituko, baina hauen parte sentitzen garen heinean definitzen joango gara.  Asko dago egiteko.
 
- Nolako jarrera hartuko duzue Alardearen gatazkarekiko?
 
Gure apustua emakume eta gizonen arteko parekidetasuna da, baita jaietan ere. Hasieratik apustu argia egin izan dugu ezberdintasunik ez egoteko. Jaiak, kultura eta elkartzeko puntua da, ezin da ulertu egunerokotasunean elkar bizi eta momentu hori ez konpartitzea. Elkar ulertzeko bidea eraiki behar da eta estrategiak sortu hurrengo generazioak gertatutakoa atzean utzi eta naturaltasunez herri nortasuna konpartitzeko.  Badakigu ez dela erraza, baina saiatzeko proposamenak egin ditugu, eta egiten jarraituko dugu. Ez dugu inoiz elektoralki pentsatu eskubideez mintzatzen garenean, eta emakumeak bizitzaren arlo guztietan egoteko eskubidea dauka, botoak, boto.
 
- Ze urrats eman beharko lituzke udalak alardearen kontuarekin?
 
Ardura onartu eta gatazkaren konponbiderako espazioak ireki. Ezikusiaren politika egin du, isiltasunarekin edo beste batzuetan sententziaren euripean herrian dagoen arazoari aurre egiteko gaitasun eza erakutsiz. Akordio txiki eta zubiak eraikitzeko mahai bat beharrezkoa dela azpimarratu dugu.  Eskubideak bete behar dira, betetzeko kudeaketa zaila izan da.
 
- Langabeziaren aurrean iniziatibaren bat dago? Eta gazteen inguruan zehazki?
 
Ekonomia sozial eta eraldatzailearen aldeko apustua egiten dugu. Horretarako Bidasoa Biziriken jarduna birplanteatu behar da. Kooperatibismoa bultzatu eta dauden enpresei hobekuntzarako neurriak eskaini.
 
Komertzio txikia eta enpresa ertain eta txikiekin aliantzak sortu aktibazioa ematen,
 
- Zein erlazio duzue sindikatuekin? Elkarlanerako asmorik ba al dago? Nolakoa?
 
Herrian gertatu diren gatazken inguruan inplikatu gara. Etxez etxeko zerbitzua kasu, sindikatuen beharrak ezagutu eta udalera eraman ditugu.  Ezagutzen ditugu herriko sindikatuak eta langileen eskubideak bermatzeko bidean elkar topatuko dugu.
 
- Zein erlazio duzue eragile sozialak? Elkarlanerako asmorik ba al dago? Nolakoa?
 
Irungo herri indarrak ezagutu eta baloratzen ditugu, azkeneko lau urteetan eragile ezberdinen ahotsa igo dugu udaletxera eta horrela izaten jarraitzea nahi dugu. Arlo ezberdinetan egiten diren ekarpenak ezinbestekoak dira eskubide bermaketa emateko.  Parte hartze ordenantza planteatzen dugunean hau kontenplatzen dugu, hirian eta hirirako hartzen diren erabakiak eztabaidatu eta erabakitzeko tresnak martxan jartzeko.
 
- Zer planteamendu duzue Lakaxitarentzat eta inguruko gunerako?
 
Guk gure kezka handiak ditugu Lakaxitaren etorkizunaren inguruan, eta hala adierazi genien egungo alkate eta udal gobernuari azken osoko bilkuran. Jakinda zein den berez eremu horrentzako egun pentsatuta dagoen interbentzioa (etxebizitzak egitearena). Lakaxita-rena bezalako kudeaketa-eredua, auzoan daukan inplantazio maila eta herrian duen aktibitatea eragile sozial gisa,... alderdi hauek guztiak kontuan harturik, garbi dugu bera mantentzearen aldeko apustu tinkoa egin behar dugula, eta egingo dugu.
 
- Irunen aspalditik eta era oso nabarian da hirugarren sektorea nagusi. Zein da sektore honekiko duzuen irakurketa (egonkortasuna, dependentziak, produkzio baldintzak, produzitutako zerbitzuak, sektore nagusiak...) eta nola hobetuko zenuteke? Irakurketarik duzue Irungo kontsumorako espazioen inguruan? Hau da, zein eredu hobesten duzue edo indartuko zenuteke: denda txikien, superfizie handien (supermerkatuak), merkatuak, etab. ? Nola?
 
 
Komertzio txikiaren aldeko apustua egin izan dugu, herria egin duelako. Noski langileen eskubideak bermatzen baditu. Merkatuak ere biziki garrantzitsuak dira, honetarako jendartearen kontzientziazioa bultzatu behar da, ohiturak aldatu eta gertuko komertziora bueltatzeko. Baita proiektuak bultzatu hau gerta dadin, formakuntza eta baliabideak eskainiz.
 
- Zein da udalerriko aurrekontuetarako proposamenean egiten duzuen aurreikuspena? Zein sektoretan egin nahi duzue inbertsio handiena?
 
Lehenik eta behin gizarte politikarako bideratu beharreko diru kopurua aztertu beharko litzake, bizi dugun egoera salbuespenekoa dela iruditzen zaigu eta horrek eduki beharko luke lehentasuna.
 
IMG_1780- Mugikortasunaren aldetik Irun 30ri buruz ze azterketa egiten duzue?, Bidegorriak zabaltzen jarraituko dituzue?
 
Irungo errepideetan 30km/h abiaduran ibiltzearen alde egon gara eta uste dugu bide horretatik jarraitu behar dela.
 
Txirrindaren erabilerari dagokionean, txirrindak bere lekua berreskuratu beharra dauka errepidean. Badakigu hau gauza zaila izango dela eta 20-25 urteko epean lor dezakegula uste dugu, poliki poliki kontzientziatzen bai erabiltzaileak zein auto gidariak. Bide luze horretan bidegorriak egin daitezkeela aurreikusten dugu baina ez gutxienez orain arte egin diren moduan.
 
- Zer iruditzen zaizue Ficobako parkina dohanik izatea jendea garraio publikoa (topoa) hartzeko?
 
Erabaki paregabea dela deritzogu. Hau hala izateko FICOBA-k berak hartu behar izan du aparkalekuaren kudeaketa guk urtetan aldarrikatu duguna. Garraio publikoa erabiltzeko proposamen guztiak kontenplatuko ditugu, oraindik ere autobusak ez baitira bertatik pasatzen.
 
- Eta, Irun bus bidaiaren prezioa jaistea jendea busa gehiago hartzeko?
 
Diputaziotik bultzatu den txartelaren apustuarekin jarraitu behar da gehiago erabiltzeko. Noski prezioak erabilpena baldintzatzen du, baina txartelarekin geroz eta gehiago erabili geroz eta merkeago suertatzen da. Irunek badu tarifa bakarrean egonda ere bere prezioa jartzeko aukera. Guzti honek azterketa sakon bat beharko luke baina ez soilik ekonomikoa bestelako ere, udalak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak barne hartuko lituzkeena prezioen azterketa baterako.
 
Hortaz gain Mugikortasun mahaian herritarren parte hartzea bultzatu behar da, bertan proposamen ezberdinak eraman ditugu zerbitzua zabaltzeko.
 
Garraio publikoa erabiltzeko neurri guztiak kontenplatu behar dira.
 
- Jangela sozialaren kasuan, zer proposatuko zenukete hobetze aldera?
 
Gure apustua asistentzialismotik jabekuntzarako bidea hartzearena da. Jantoki eta elkargunea hortarako aukera ematen du.  Halako proiektu baterako kudeaketa eredua garrantzitsua da, eta gure aldetik irabazi asmorik gabeko elkarte batek kudeatzeko ahalegin guztiak egin ditugu eta egiten jarraituko dugu.
 
- Aurreko urtetan bezalatsu Larrialdi Sozialerako Laguntzak agortzen ari dira, zer proposatzen duzue hau gertatu ez dadin eta pertsona hauek babes gabe geratu ez daitezen?
 
Eusko Jaurlaritzaren eskumena dela izan da behin eta berriro entzun izan dugun haitzaki. Salbuespen egoera batean biziz gara eta eskumenak alde batera utzi eta herritarren beharrei erantzun behar diegu. Bide horretan, udal aurrekontuak hasieratik diru kopuru handiago bat jartzea izango litzake egingo genukeena.
 
- Langabezia handitzea, prekarietatea zabaltzea, gure herrian pobrezia hedatzen, egin ahal du zerbait Udalak guzti hau saihesteko?
 
Bidasoa Bizirik da hau birbideratzeko dagoen tresna erabilgarriena. Ekonomia sozial eta eraldatzailearen apustua egiten dugu.  Bestalde Udalak egiten dituen kontratazioetan klausula sozialak eta eskubideen bermaketa bultzatea izango zen.
 
- Posible al da Irunen Oinarrizko Errenta bat baldintzarik gabekoa eta unibertsala?
 
Konpetentzietatik at geratzen den kontua da. Egine gin daiteke eta bide horretan urratsa eman behar ditugu.

Etiquetas: